Irailaren 11ko atentatuak. Hamargarren urteurrena (I). Steven Brams. New York Unibertsitateko irakaslea

«Zaila izango da berriro Irailaren 11ko erasoen antzekorik gertatzea»

Irailaren 11ko atentatuen ondoren AEBek «oso azkar» erreakzionatu zutela uste du Bramsek. Iraken inbasioarekin oso kritikoa izan arren, herrialdea orain seguruagoa dela dio.

New York
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Irailaren 11ko atentatuen hamargarren urteurrenean, Ameriketako Estatu Batuak eta nazioartea zertan aldatu diren aztertu dio BERRIAri Steven Brams politika teorialari ezagunak, New York Unibertsitateko bere bulegoan. AEBak lehen baino seguruago daudela uste du, eta ekonomia krisiari aurre egiteko moldeekeragin dutela errepublikanoen eta demokraten arteko harremanen txartzea, Irailaren 11k baino gehiago.

2001eko irailaren 11 hartan New York hirian al zinen?

Nire bulegoan nengoen hegazkin txiki batek dorreetako bat jo zuela entzun nuenean. Noski, handik gutxira jakin nuen benetan zer gertatzen ari zen. Ia goiz osoa bulegoan pasa nuen, jendea oso arduratua zegoelako.

Bulegoa utzi eta etxera joan nintzen, Greenwich Villagera, zero gunetik nahikoa gertu. Hamazazpigarren solairutik ederki ikusi genitzakeen dorre bikiak. Nire emaztea gure alabarekin etxean zegoen, eta argazkiak ateratzen hasi zen. Erori aurreko eta ondorengo benetan irudi ikusgarriak dauzka.

Esperientzia benetan gogorra izan zen handik gertu bizi ginenontzat eta, noski, baita New Yorkeko hiritarrentzat eta herrialde guztiarentzat ere.

AEBak modu hartara erasotuak izan zitekeenik oso gutxik pentsatzen zuten.

Kolpe handia izan zen. Uste dut herrialdeak oso azkar erreakzionatu zuela.

Erreakzio horren haritik, George W. Bush presidenteak eta bere administrazioak Irailaren 11ko atentatuen ondoren bide egokia hartu zutela uste duzu?

2003ko Iraken inbasioa desastre bat izan zela uste dut, eta jende askok pentsatzen du nik bezala. Alde egin izan bagenu, hobe izango zen. Afganistanen ere ez ditugu esperotako emaitzak lortu. Hartu zituzten zenbait erabaki ondo hartuak izan ziren, baina Iraken inbasioak onurak baino kalteak gehiago ekarri dizkigu.

Inteligentzian gastatutako diru kopurua ehuneko 250ean hazi dela diote zenbait ikerketak. Uste duzu eraso haiek negozio bilakatu direla zenbaitzuentzat?

Bai horixe. Uste dut gehiegi gastatu dela, diru gehiegi alferrik gastatu da. New Yorken, esate baterako, behar duguna baino segurtasun gehiago dugu.

Baina, beste aldetik, edozein terrorismo saio, zerbait ikusgarria egiteko saioak bertan behera uzten ere lagundu dutela esango nuke.

Orduan, hiritarrak seguru sentitzen dira? Zenbaterainoko dira seguruak AEBak gaur egun?

Hamar urte geroago, uste dut oro har lehen baino seguruago gaudela, baita New Yorken ere, gu bizi garen hirian. Baina hasieran beldurra eta ezinegona sumatzen zen hiritarren artean. Berriro Irailaren 11ko atentatuen antzeko zerbait gertatuko ote zen kezka zuen jendeak.

Baina, aspaldian iragarri nuen bezala, horrelakorik berriro gertatzea zaila izango da, izugarrizko zaintza dagoelako, segurtasun handia dagoelako, bereziki New Yorken, baina baita herrialde osoan ere. Kanpoan, Afganistan, Irak edo Pakistanekin arazoak baditugu, baina etxea, AEBak, oso seguruak direla uste dut.

Europak, esate baterako, islamiar herrialdetatik datozen etorkin gehiago ditu, eta muturreko bilakatu litezkeen gehiago. Horregatik uste dut, Espainia eta Ingalaterran bezala, arduratuago egon litezkeela eraso ikusgarriren bat egin dezaketelakoan.

Zer iritzi duzu konspirazioaren teoriei buruz? Uste duzu zalantzan jarri beharko genituzkeela orain arte emandako informazio ofizialak?

Ezetz esango nuke. Aztertu eta ikertu dudanaren arabera, ez dut uste AEBetako Gobernuaren barruan emandako konspiraziorik egon zenik. Kanpotik egindako plana izan zen.

Zer aldatu da atentatu haien ostean AEBetan?

Lehendabizi, segurtasun gehiago daukagula, batez ere New Yorken eta Washingtonen.

Erlijio ikuspegitik, islamiar erlijioarekin zerikusia duten zenbait eraikinen inguruko eztabaida sortu da, batez ere zero gunetik gertu egin nahi badira, eta kontrako jarrera sutsuak ere ikusi ditugu, aurretik ez bezala.

Hiriaren ikuspegitik, eta bereziki dorreak zeuden zonalde horretaz hitz eginez, berreraikitzen jarraitu du: denda eta jatetxe berriak, eraikin berriak. Milaka lanpostu galdu ziren, beste horrenbestek mugitu egin behar izan zuten leku berrietara, baina gaur egun berriro ere bueltan datoz, edo etorriko dira. Gauzak normaltasunean daudela uste dut momentu honetan.

Alderdi Demokrataren eta Errepublikanoaren arteko erlazioa aldatu egin al da Irailaren 11ko atentatuen ondoren?

Ez nago seguru gertakari haiek aldatu ote zuten. Uste dut ekonomia krisiari aurre egiteko dauzkaten filosofia desberdinek, geldialditik ateratzeko politikek, zergen inguruko eztabaidek, osasun zerbitzuen inguruko ikuspegi desberdinek, horiek denek gehiago eragin dutela gaur egun Washingtonen ikusten ari garenalderdien arteko urruntzean.

Politikoki muturreko jarreren indartzea sumatu da azken aldian. Tea Partyaren indartzea, esate baterako, Errepublikanoen artean. Uste duzu loturarik badagoela duela hamar urteko gertakariekin?

Ez dut uste. Gehiago da beste arrazoi batzuengatik: zenbaitzuetan herrialde honetan demokratak izan dira aginte makilarekin, eta bestetan errepublikanoak. Baina, esate baterako, ekonomian atzerakada izaten denean, jendeak aldaketa nahi izaten du, eta administrazio berria eta gorputz berria nahi ditu. Ikusi bestela Barack Obama nola sartu zen 2008an eta orain zer nolako arazoekin dagoen. Hiritarrak, pozik ez dagoenean, aldaketa eskatzeko gaitasuna du, eta horri erantzun behar diote politikariek.

Eta gizartearen eta politikaren eta politikarien arteko erlazioan aldaketarik antzeman al da hamarkada honetan?

Kongresua oso mantso aritu da lanean. Politikariak eztabaidan aritu direla ikusi du jendeak, eta ez dela batere emankorra izan. Uste dut aldaketak eman beharko liratekeela boto sisteman, berdintasun gehiago bermatu dadin, eta, horrekin batera, alderdien arteko erlazioetan ere gauzak baretzea ez litzateke txarra izango. Zailtasunak etortzen direnean eta jendea frustratuta dagoenean, ideia berriekin egin behar zaie aurre.

Osama Bin Ladenen heriotzak zer suposatu du AEBentzat?

Albiste ona izan dela uste dut, baina efektu golpe bat gehiago izan da, Obama bultzatzeko modu bat.Berarentzat izan du onura. Jendeak, ordea, espero zuen horrelako zerbait, eta ez dut uste inolako eraginik izango duenik datozen hauteskundeetan.

Nazioarteko politika asko aldatu al zuten Irailaren 11ko atentatuek? Herrialdeen arteko erlazioak asko aldatu al dira hamar urte hauetan?

Segurtasunaren inguruko gaietan baietz uste dut. Baina gaur egun ez dago super potentzia berririk. Azkenean, ez daude beste herrialde ahaltsu baten aurkako erasoarekin arduratuta. Etsaiaren tipologia aldatu da, eta lokalizazioa: ez daukazu toki jakin edo herrialde baten erasoaren beldurrik izan beharrik, baizik eta munduan barrena dauzkazun terrorista sareen aurka egin behar duzu. Eta hori bai bilakatu dela arazo handi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.