Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida

Zazpi erreaktore geratu ditu Merkelek

Energia atomikoa uzteko Alemaniako Gobernuaren urratsei jaramon egin gabe, Sarkozyk apustu nuklearrari eutsi dioEuropako Batasunak erresistentzia azterketak egingo dizkie bere 144 zentralei

Iker Aranburu.
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Fukushimako leherketak «inflexio puntua» dira energia nuklearrarentzat. «Energia atomikoa ez dago prest naturaren indarkeriari aurre egiteko». Hain garbi mintzatu dena ez da talde ekologista bateko ordezkaria izan, Japonian lurrak astindua eman aurretik Alemanian energia nuklearra bultzatu nahian zebilen Angela Merkel baizik. Astelehenean erabaki zuen hiru hilabetez etetea hamazazpi erreaktoreren bizitza hamabi urtez luzatzeko plana; atzo, berriz, zazpi erreaktore geratzeko agindua eman zuen Alemaniako gobernuburuak. Europako Batasuneko beste herrialde nuklearrak ez dira hain urrun joan, baina iragarri dute segurtasun azterketa bereziak egingo dizkietela bere zentralei, hondamendiei aurre egiteko prestaturik ote dauden ikusteko.

Merkelen erabakiak erakusten du Fukushimako istripuak kezka bizia eragin duela energia nuklearraren aldekoen artean. Urteotan zentral nuklearrak oso seguruak direla esan eta esan aritu ondoren, historiako gertakari nuklear larrienetako bat izan du munduak, non eta arrazoi naturalengatik segurtasun neurri handiak hartzera behartuta zegoen herrialde aberats batean.

Berlingo gobernuaren erabakiak hauteskunde kutsu garbia duela esan du oposizioak. Izan ere, igande honetan hauteskundeak daude Saxonia-Anhalt land-ean eta hilaren 27an Renania-Palatinatuan eta Baden-Wurttenbergen. Azken horretan boterea galtzeko arrisku handia du Merkelen CDUk, eta, oposizioaren arabera, kantzilerrak Alemanian hedatzen ari den giro antinuklearrak kalterik ez egitea nahi du. Merkelek oso erabaki eztabaidatua hartu zuen 2010 amaieran, zentral guztiak 2021erako ixteko gobernu sozialdemokrata-berdeak indarrean jarritako plana bertan behera utzi zuenean. Plan horixe bera eten du orain.

Geratuta, oraingoz

Hain zuzen ere, Baden-Wurttenbergen dago geratu duten zazpi erreaktoreetako bat, Neckarwestheim I. Zentral horrek zenbait arazo izan ditu aurretik, eta litekeena da berriro ez martxan jartzea: datozen hilabeteotan zen ixtekoa, eta erreaktoreei bizitza luzatzeko plana etenda dagoenez, teorian itxi egin beharko lukete. Egoera horretan daude Biblis A eta Isar 1 erreaktoreak ere. Halaber, geratuta jarraituko duKruemmelgo zentralak ere: 1983an eraiki zuten, eta orain ez dago lanean, hainbat matxura jasan dituelako.

1980 aurretik eraikitako beste lau erreaktore —Unterweser, Biblis B, Philipsburg eta Brunsbuettel— geratuko dira orain, baina ez dago garbi zer gertatuko den hiru hilabeteko azterketa epea amaitzen denean.

Alemaniarekin batera, EBko beste hamahiru estatukidek ere zentral nuklearrak dituzte. Oraingoz, haietako bakar batek ere ez du ofizialki auzitan jarriberen programa nuklearra, baina neurriak iragartzera behartuta ikusi dute beren burua. Atzo, EB osoko Energia arduradunak bildu ziren Bruselan, eta aho batez erabaki zuten zentral nuklear guztiei erresistentzia azterketa batzuk egitea. Datozen asteotan zehaztuko dute azterketa horiek zertan oinarrituko diren. EBk kontrolak zorrozteko eskatu die Europako beste herrialdeei ere, uste baitu guztiek segurtasun maila bera izan behar dutela.

Munduan dauden 443 erreaktoreetatik 195 daude Europan, eta horietatik 144 EBn bertan. Guztien artean Frantzia da nuklearraren jarraitzaile nagusia: argindarraren %75,2 lortzen du martxan dituen 58 erreaktoreetatik, eta beste bi eraikitzen ari da. Uzteko asmorik? «Hori ez dago eztabaidan», dio Sarkozyk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.