Zelenskik adierazi du akordioa lortu duela AEBekin, NATOren 5. artikuluaren moduko prozedura bat onartzeko

Ukrainako estatuburuaren arabera, AEBetako Kongresuan bozkatuko dute prozedura horren alde egin edo ez. Washingtonek, ordea, ez du halakorik baieztatu.

Ukrainako presidente Zelenski eta Herbehereetako lehen ministro Dick Schoof, Hagan, gaur. REMKO DE WAAL/EFE
Ukrainako presidente Volodimir Zelenski eta Herbehereetako lehen ministro Dick Schoof, Hagan, gaur. REMKO DE WAAL / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 16a
16:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

NATO Ipar Atlantiko Itunaren Erakundeko kide izatearen pareko segurtasun bermeak eskatu zituen atzo Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik. Izan ere, bake akordio bat sinatzeko haren eskakizunetako bat da Europak eta AEBek segurtasun berme horiek eskaintzea, Errusiak Ukraina berriz inbadi ez dezan. Bada, Zelenskik adierazi du berme horiek eskuratzeko akordio bat lortu dutela, atzo eta herenegun AEBetako negoziatzaileekin bildu ostean. Edo, hobeto esanda, akordioa lortu dutela AEBetako Kongresuan berme horien inguruan bozka dezaten. Hala balitz, AEBek beren aurkako erasotzat joko lukete Errusiak Ukrainari eraso egitea. AEBek, ordea, ez dute halakorik baieztatu.

NATOren 5. artikuluaren arabera, aliantza militarreko kide baten kontrako eraso bat aliantzaren aurkako erasotzat har daiteke. Horrenbestez, kide diren estatuek «beharrezko neurriak» har ditzakete, baita indarra erabili ere. «Hori AEBetako Kongresuan bozkatuko da. Akordioa dago horren inguruan, eta oso garrantzitsua da», esan du Zelenskik, Ukrainako Ukrainska Pravda egunkariak gaur kaleratu duenez.

Washingtonek, ordea, ez du baieztatu halako akordiorik lortu dutenik. Hainbat hedabidek azaldu dutenez, Ukrainak lurraldetasunean kontzesioak egitea eskatu dute AEBek halako akordio bat lortu ahal izateko. Eta AEBetako presidente Donald Trump presioa egiten ari zaio Zelenskiri kontzesio horiek egin ditzan. Ukrainako estatuburuak hainbatetan esan du kontzesioena «auzi oso delikatua» dela, eta Europako liderrekin elkartu ostean adierazi zuen ez duela onartuko gaur egun oraindik Ukrainarena den Donbasseko lur zatia Errusiaren esku geratzea.

Ukrainako estatuburuak gaur hitz egin du, eta adierazi du Errusiaren inbasioari buruz AEBekin dituzten negoziazioak «egun gutxi barru» amaituko dituztela, eta horren ostean AEBetako negoziatzaileek proposamen bat bidaliko dutela Kremlinera.

Bestalde, atzo gauean ohar bat argitaratu zuten Zelenskirekin bildu ziren Europako liderrek. Hartan, Ukrainan «bakea lortzeko egindako aurrerapausoak» aipatu zituzten, eta AEBek babestutako «herrialdeen arteko indar bat» sortzeko beharra nabarmendu zuten. Horrez gain, Ukrainara tropak bidaltzea proposatu zuten; besteak beste, «Ukrainako armada entrenatzeko eta gerra amaitutakoan herrialdea zaintzeko».

Era berean, oharra sinatu zuten Europako liderrek nabarmendu zuten Ukrainan «bake justu eta iraunkor bat» lortu ahal izateko «ahalegina» egiten ari dela Trump, eta Ukraina, Europa eta AEBak bat datozela hainbat gaitan. «Gerra hasi zenetik lehen aldiz, su eten bat lortzeko aukera sinesgarria da», adierazi zuen Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak atzo, X sare sozialean.

Hala ere, Ukrainan «bakerik» lortzekotan, horrek Ukrainaren burujabetza eta Europaren segurtasuna bermatu behar dituela azpimarratu zuten Europako liderrek.

Errusiak, berriz, guztiz baztertu du NATOko herrialdeen tropak Ukrainan finkatzea. «Guk ez dugu inolaz ere onartuko NATOren tropek Ukrainan presentzia izatea», adierazi du Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek, ABC hedabidean egindako elkarrizketa batean.

Gainera, lurraldetasunari dagokionez, Riabkovek adierazi du Errusia ez dagoela prest Ukrainan okupatu dituen bost eskualdeen inguruan konpromisorik hartzeko: «Estatu bat garenez gero, funtsezko elementu bat berrikusi behar izatea ekarriko luke horrek».

Akordio hori sinatzeko beste eskakizun batzuk ere egin ditu Errusiak; besteak beste, Ukrainak uko egin behar diola NATOko kide izateko nahiari. Etxe Zuriko maizterrak ere hainbatetan esan izan du Kieven asmo hori ez dela bideragarria. Eta Zelenskik atzo adierazi zuen prest dagoela NATOko kide izateari uko egiteko, baldin eta aliantza militarreko kide izatearen pareko segurtasun bermeak jasotzen baditu.

Zelenski beste herrialde batzuetako 34 agintarirekin bildu da gaur, Hagan (Herbehereak), eta Errusiak Ukrainari eragindako kalteak ordainduko dituen «konpentsazio erakunde bat» sortzea onartu dute. Zelenskik esan duenaren arabera, espero du nazioarteak sostengu handia ematea, «gerrak eragindako edozein kalte konpentsatua izan dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.