Azken asteetan areagotu egin da tentsioa Errusiaren eta Ukrainaren artean, eta eraso gogorrak egin dizkiete elkarri asteon. Bada, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak aurrez aurreko bilera bat egitea proposatu dio Vladimir Putin Errusiako bere homologoari, gerra amaitzeko lehen urratsa egiteko. Herrialde «neutral» batean biltzeko proposatu dio Zelenskik, eta sareetan zabaldu du oharra. Putinen ustez, gaur-gaurkoz, ez du zentzurik horrelako bilkura batek; eta, San Petersburgon egindako agerraldi batean esan duenez, garantzitsuena behin betiko akordio bat lortzea da.
«Erabakia zurea da. Amaitu dadila gerra; aski da. Gerra hau bien arteko zuzeneko elkarrizketa baten bidez amaitzea proposatzen du Ukrainak. Bilera bat proposatzen dut». Hitz horiek erabili ditu Zelenskik Putini eskua luzatzeko. Atzo bidali zion testua Kievek Moskuri, eta gauerdian zabaldu zuen oharra Zelenskik X sare sozialean.
Moskurentzat, ordea, Zelenski ez da Ukrainako legezko presidentea. 2019an hauteskundeak irabazi zituenean emaitzak onartu zituen Moskuk, baina, Putinen arabera, 2024ko maiatzaren 20an amaitu zen Zelenskiren bost urteko agintaldia. 2019az geroztik ez da presidentetzarako hauteskunderik egin Ukrainan, bertako legeak bertan behera uzten baititu gerra garaian.
ukrainaren drone batek leherketa bat eragin du errumanian
Errumaniako Konstantza hiriko portuan eztanda bat izan da gaur goizean, ez du zauriturik eragin, baina mila pertsona inguru ebakuatu dituzte. Errumaniako Defentsa Ministerioak jakinarazi du itsas drone batek eragin duela leherketa, eta halakoak erabiltzen dituztela Ukrainako gerran. Geroago, Ukrainako itsas armadak aitortu du bere drone bat zela «kontrola galduta» Errumaniako portu horretara iritsi dena, baina argudiatu du Moskuk eragindako interferentzia elektronikoen ondorioz galdu duela kontrola.
«Gure egoeran dagoen edozein herrialdek Konstituzioaren arabera legezkoak diren pertsonekin bakarrik sinatu beharko luke horrelako zerbait; kasu honetan, Ukrainakoarekin. Gai honek azterketa sakon bat egitea eskatzen du», adierazi zuen Putinek atzo, nazioarteko kazetarien aurrean egindako agerraldi batean, eta argi utzi zuen Moskurentzat Zelenski ez dela legezko presidentea.
Era berean, gaineratu zuen Errusia prest dagoela Ukrainaren gaineko konpromisoak hartzeko. Esan zuen horri buruzko akordioa egin zuela AEBetako presidente Donald Trumpekin 2025eko udan Alaskan egindako bileran —Zelenski ez zuten gonbidatu—.
Bertan, gatazka amaitzeko baldintza bat jarri zion Moskuk Washingtoni: Donbass eskualdeko lurraldeak Moskuri ematea —alegia, Donetsk eta Luhansk—. Ia osorik okupatuta dauzka Errusiako armadak 2022ko otsailean inbasioa hasi zuenetik, baina Kievek ez dauka kontzesio hori egiteko asmorik.
AEBak ere gonbidatuta
Zelenskik oharrean adierazi du AEBek elkarrizketa horietan parte har dezaketela: «Lagundu dezakete». Hala ere, 2025eko udan Alaskan egindako bileraren inguruan, zera dio: «Zerorrek egiazta dezakezu Ukrainaren eta Europaren gainean ez zela erabakirik hartu».
AEBetako presidente Donald Trumpek begi onez ikusi du Kievek Moskuri egindako gonbita. Kazetarien aurrean egindako agerraldi batean horren gainean galdetu diote goizaldean, eta adierazi du «bikaina» litzatekeela, baina bi aldeek konpromisoak hartu beharko lituzketela. Gainera, esan du berak «iradoki» zituela konpromiso horiek.