Zentro-ezkerra, zabalago eta anitzago

2006ko hauteskundeak galtzeak esnarazi egin zuen Bacheleten koalizioa: komunisten eta ezkerraren babesa bilatu, eta fronte zabala osatu du. Koalizio beraren barruan iritzi aski desberdinak daude orain aurrez aurre.

Samara Velte.
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Kontzertazioa hilda dago, utz ditzagun hildakoak lasai lotan», esan zuen Camila Vallejo PC Alderdi Komunistako diputatugaiak abuztuan, hauteskunde kanpaina betean. Demokraziaren Aldeko Alderdien Kontzertazioaz ari zen: 2010era arte gobernuan egondako zentro-ezkerreko koalizioaz. Ikasle mugimenduko ordezkariaren ustez, Pinocheten garaiko eredu ekonomikoa «mantendu eta, kasu askotan, sakondu» du diktaduraren osteko gobernuak: erreformak ahulegiak izan dira arazoen erroan eragiteko. «Kontzertazioa konglomeratu itxi bat zen lehen, adostasun neoliberalak eusten ziona». 2010ean, lehenengoz, eskuinak irabazi zituen hauteskundeak. Horrek esnarazi egin zuen zentro-ezkerra: kaleko protesta nagusiak xurgatu eta erreformaren banderari eutsi zion, aurreko aldietan baino indar handiagoarekin.

Aurtengo hauteskundeetarako, koalizioa zabaldu egin da: Alderdi Komunista, Herri Ezkerra eta Herri Mugimendu Zabala ere batu zaizkio. Diskurtso orokorrak ere ezkerrera egin du, Txileko Unibertsitateko Manuel Antonio Garreton soziologoaren arabera: «Koalizio erreformatzailea bihurtu da. Helburua jada ez da eredu ekonomiko neoliberala zuzendu eta demokratizatzea, hura ordezkatzea baizik».

Gehiengo Berria

Asmo horiexek eraman dute Michelle Bachelet berriz presidentetzara, NM Gehiengo Berria koalizioaren buru. Atzo hasi zen gobernu berria diseinatzen, baina ez da erraza izango koalizioaren muturrak adiskidetzea: amildegi bat dago DC Alderdi Kristaudemokrataren eta PCren artean. Doako hezkuntza erreformatzeko asmoetan ados ipini dira, baita enpresen eta diru sarrera handien gaineko zergak igotzeko ere. Baina beste auzi batzuek eztabaida handia eragin dute, esaterako, abortua kasu batzuetan legeztatzeko proposamenak eta Estatu laikoa izendatzeko asmoak. Sexu berekoen arteko ezkontza ere gai delikatua da DCrentzat.

Bacheletek berak aukeratuko ditu bere kabinetea osatuko duten 22 ministroak. PCko presidente Guillermo Teillierrek esan du ez dakiela gobernuan komunistarik hartuko duen edo ez: «Hori erabaki dezakeen bakarra presidentea da. Berak du boterea, guk ez diogu ezer eskatuko». Koalizioaren beste muturrean, DCk iragarri du ahalik eta sail gehien eskuratzen saiatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.