Frantzia

Zentsura mozio bat aise irabazita hasi du agintaldia Frantziako Gobernuak

NUPESen mugimendu politikoak ezkerreko alderdien babesa besterik ez du jaso. Bornek erantzun die «demokraziarekin haserre» daudela.

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa Asanblean hitz egiten, gaur, zentsura mozioaren eztabaidan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
ander perez zala
2022ko uztailaren 11
20:04
Entzun

Frantziako Gobernuaren aldeko aliantzak ez du gehiengo osorik Asanblean, baina, oraingoz, ez dago horren kontrako gehiengo osorik ere. Errealitate hori agerian geratu da hasi berri den agintaldiko lehen bozketa garrantzitsuan, NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berriak gaur aurkeztu duen zentsura mozioak alde handiz huts egin baitu; 146 diputatuk bozkatu dute horren alde —denak NUPESeko diputatuak izan dira—, 289ko langatik urrun.

LFI Frantzia Intsumisoak aurkeztu du mozioa ezkerreko indar politikoen izenean, eta, Mathilde Panot alderdi horretako talde parlamentarioaren presidenteak argudiatu duenez, gobernuak gehiengo osorik ez izatearen «anomalia demokratikoa» kritikatzeko balio zuen, baita Elisabeth Borne oraindik ere lehen ministro dela salatzeko ere.

Panot, baina, harago joan da, eta saioa baliatu du haren iritziz oposizioko alderdien artean dauden desberdintasunak mahaigaineratzeko: «Mozio honen alde bozkatuko dutenak zure [Borneren] politiken aldekoak dira». Besteak beste, RN Batasun Nazionalak, LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindia eta Lurraldea taldeak —zenbait autonomista eta independentista daude horretan— eta LR Errepublikanoek ez dute bozkatu gobernua kargugabetzeko testuaren alde —Frantzian, zentsura mozioen alde bozkatzen da edo ez da botorik ematen horri buruzko saioan—.

Adierazpen eta konparazio horrekin, LFIko talde parlamentarioaren presidenteak batez ere gobernuaren aldekoen eta RNren arteko adostasunak salatu ditu, horri esker eskuin muturreko bi diputatu aukeratu baitzituzten Asanbleako presidenteorde, iragan ekainaren 30ean egindako bozketan. Antzeko mezua helarazi du Olivier Faure PSren lehen idazkari eta diputatuak, argudiatuta bozketak «hemizikloaren errealitatea azaleratuko» zuela.

Salaketa sorta hori ikusirik, Frantziako lehen ministroa erasokor agertu da, besteak beste, bazekielako zentsura mozioak huts egingo zuela; horregatik, ezkerreko alderdiei egotzi die «taktika politikoa frantziarren interesen gainetik» jartzea, eta «demokraziarekin haserre» egotea.

LR-ren botoa

LRk, berriz, esan zuen ez zituela bere botoak «ezker erradikalarekin batera» emango, eta horregatik erabaki duela kontra bozkatzea; alderdi horren adierazpenak bazuen garrantzia, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Bornek espero baitute LR-rekin ados jarriko direla neurriak Asanblean onarrarazteko.

Gobernua, behintzat, pozik agertu da zentsura mozioak huts egin duelako. Horretaz, Olivier Veran eledunak zera adierazi du hedabideen aurrean, ironikoki: «NUPESen kongresua amaitu egin da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.