Zerbitzuz kanpo daude Khartumgo eta inguruko ospitaleen %70

OMEren azkeneko datuen arabera, 330 pertsona hil dira azken egunetako borroketan, eta 3.200 zauritu. Arabiar Ligak su eten bat eskatu du ramadanaren bukaerarako

Zerbitzuz kanpo daude Khartumgo eta inguruko ospitaleen %70.
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Sudanen boterea bereganatzeagatik piztutako borrokek ez dute etenik. Herrialdeko armadak eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak beste menia bat onartu zuten herenegun, larunbatean bi aldeen arteko tentsioa lehertu zenetik bigarrena, baina, aurrenekoarekin gertatu bezala, ez batak ez besteak ez dute errespetatu adostutakoa. Eta horrek zuzenean eragiten dio herrialdeko osasun sistemari. Sudango Medikuen Sindikatuak ohartarazpen bat egin zuen atzo: Khartum hiriburuko eta alboko eskualdeetako ospitaleen %70 zerbitzuz kanpo daude. Iturri horrek berak ohar baten bidez jakinarazi zuen azken egunetako gertakariengatik hildakoak 198 direla eta zaurituak 1.200 inguru. OME Osasunaren Mundu Erakundeak Ekialdeko Mediterraneoan duen bulegoaren arabera, ordea, zendutakoak eta zaurituak dezentez gehiago dira: 330 hilak, eta 3.200 zaurituak. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak esan zuen atzo hildakoetatik bederatzi adingabeak direla.

Herrialdea aspaldian pairatzen ari den krisirik larrienaren erdian, Khartumen eta alboko eskualdeetan dauden 74 erietxeetatik 52 daude zerbitzuz kanpo. «Bederatzi bonbardatu egin dituzte, eta hemeretzi behartuta hutsarazi». Eta bete-betean edo partzialki funtzionatzen duten 22 ospitaleak ere itxiak izateko arriskuan daude, Sudango Mediku Sindikatuaren arabera. Izan ere, sendagileak falta dira, sendagaiak ere bai, eta maiz eteten dizkiete ura eta argindarra. OMEren Ekialdeko Mediterraneoko bulegoaren zuzendari Ahmed al-Mandharik agerraldi birtual batean atzo esan zuenez, segurtasunik ezak mugatzen du Khartumgo zirkulazioa.

Atia Abdula Sudango Medikuen Elkartearen idazkari nagusia urrunago joan da, eta atzo azpimarratu zuen «ospitale gutxi» ari direla funtzionatzen, eta ari direnak «kolapsatzear» daudela. Horregatik, «su eten zintzo bat» eskatu die aldeei, herritarrek aukera eduki dezaten odola emateko, eta osasun langileek, berriz, erietxeetara joateko. Gatazkan dauden bi aldeek adierazi izan dute herritarren segurtasuna bermatzea dutela helburu. Eta, horren guztiaren harira, MSF Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundearen Afrika ekialdeko arduradun nagusi Jairo Gonzalezek atzo ohartarazi zuen «inoiz ikusi gabeko» egoera bat nozitzen ari direla Sudanen, «oso larria eta kaotikoa», eta herrialdeko sistema sanitarioa «kolapsatuta» dagoela.

Hildakoei dagokienez, Sudango Medikuen Sindikatuak zehaztu zuen zauritu eta hildako batzuk ez zituztela sartu atzo plazaratutako txostenean, mugitzeko dituzten zailtasunengatik eta herrialdeko segurtasun faltagatik ezin izan direlako joan ospitalera. OMEk, hain zuzen, hildako eta zauritu gehiago zenbatu ditu, baina aintzat hartu behar da NBE Nazio Batuen Erakundeak eta haren agentziek presentzia handiagoa dutela Sudango eremu batzuetan; esaterako, Darfurren, hau da, gatazkak gehien zigortutako eremuetako batean.

OMEren Ekialdeko Mediterraneoko bulegoak adierazi zuen laguntza humanitarioa ematen ari diren nazioarteko langileek sexu erasoak pairatu dituztela gatazkaren erdian, eta, aldi berean, eraso egin dietela osasun langileei, ospitaleetan «okupazio militarra» gertatu dela, eta arpilatzeak izan direla.

Dagalo ados dago

Ramadana gaur bukatuko da, Eid-el-Fitr ospakizunarekin, eta, atzo, Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Abul Gheitek bi aldeei eskatu zien su eten bat adostu dezatela musulmanentzat esanahi berezia duen ospakizun horren harira. Ohar baten bidez, armadari eta paramilitarrei gogorarazi zien ramadana «hilabete sakratua» dela, eta menia bat hitzartu beharko luketela herritarrek «arnasa» har dezaten.

RSFko buru Mohamed Hamdan Dagalok esan zuen ados dagoela Arabiar Ligak planteatutakoarekin. Al-Jazeera telebistan egin zioten elkarrizketa batean nabarmendu du, ordea, Abdel Fatah al-Burhan armadaburuak ez duela halakorik nahi. «Bere makineria guztiarekin bonbardatzen gaitu». Adierazi zuen «alde guztiak», baita AEBak eta AB Afrikako Batasuna ere, haiekin harremanetan jarri direla menia adosteko aukera «indartzeko». Armadak ohar baten bidez azaldu zuen, bestalde, uko egiten diola paramilitarrekin negoziatzeari.

2019ko apirilean militarrek estatu kolpe bat eman eta Omar al-Baxir hiru hamarkadaz herrialdeko presidentea izandakoa kargutik kendu zutenetik, Al-Burhan eta Dagalo dira Sudanen agintzen duen Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren buru: aurrenekoa presidentea da, eta bigarrena, berriz, haren ondokoa. Sektore militarrek eta zibilek itun bat sinatu zuten abenduan, eta zehaztu zer pauso eman behar diren trantsizioa bukatzeko eta zibilek militarrak ordezkatzeko herrialdearen buruzagitzan. Akordio horrek barnean hartzen du paramilitarrak armadan integratzea. Hain zuzen, hori egiteko moduak zartarazi du tentsioa, eta istiluak ekarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.