Zerealak esportatzeko ituneko ikuskatzeak hasi dituzte berriro

Moskuk eta Kievek elkarri egotzi diote azken egunetako blokeoaren erantzukizuna. Bulgariak betoa ezarri die Ukrainatik inportatutako laboreei

Itsasontzi bat laborez betetzen, Odesako portuan (Ukraina). IGOR TKACHENKO / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bi egunez etenda egon ondoren, atzo berriro hasi zituzten Itsaso Beltzean barrena zerealak esportatzeko akordioaren ikuskatzeak. Iazko uztailean sinatu zuten ituna Ukrainak eta Errusiak, NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta eta Turkiaren bitartekaritzarekin, eta Kievek eta Moskuk baieztatu dute, azken horrek NBE aipatuta, ikuskatzaileak ontzietara sartu direla atzera. Joan den astean ere eten bat gertatu zen ikuskatzeetan, eta, orduan, Ukrainako Gobernuak esan zuen ituna arriskuan zegoela. Aurreko azaroan, lau hilabetez luzatu zuten, eta, martxoren 18an, beste bi hilabetez. Finean, inbasioaren ondorioz zerealen irteerari ezarritako blokeoa kentzea du asmo.

Ikuskatzeak Istanbulen egiten dituzte, NBEk han duen koordinazio zentro batean, eta Errusiako, Ukrainako, Turkiako eta NBEko teknikariak arduratzen dira horietaz. Errusiak Ukrainari egotzi dio horiek zaildu nahi izatea. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramailearen arabera, Kieven teknikariak ontzien jabeak «erosten» ari dira, eta NBEk ez du «ezer» egiten hori eragozteko. «Eta dena, etekin komertzialak maximizatzeagatik», adierazi du ohar batean, Errusiako RIA berri agentziak atzo kaleratu zuenez. Dena den, ez du frogarik erakutsi. Ukrainako lehen ministrorde Oleksandr Kubrakovek, bestalde, Errusia egin du azken egunotan gertatutakoaren erantzule. Facebooken atzo kaleratu zuen mezu batean adierazi zuenez, Errusiako funtzionarioak ikuskatzeak oztopatzen aritu dira; dena den, hark ere ez du frogarik erakutsi.

Kubrakov Turkiara joan da, itunaren funtzionamendua gainbegiratzeko elkarrizketetan parte hartzera. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov aste honetan da horri buruz hitz egitekoa NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresekin. Kremlinek uste du ituna ez dela bete-betean funtzionatzen ari, iruditzen baitzaio bere nekazaritza produktuen esportazioei jarritako oztopoak mantentzen direla. Mendebaldearen zigorrek ez diete produktu horiei eragiten, baina kexu da, iritzita zigorrek zaildu egiten duela garraioaren segurtatzea, finantzaketa eta kontratazioa, besteak beste.

Bestalde, eta laboreen esportazioarekin lotuta, Bulgariako Gobernuak atzo jakinarazi zuen behin-behinean betoa jarri diela Ukrainatik inportatutako laboreei. Beraz, Eslovakiak eta Hungariak bezala jokatu du. Poloniak ere blokeoa ezartzea erabaki zuen larunbatean, baina herenegun iragarri zuen zerealak Poloniatik garraiatzeko «mekanismo bat» ezarriko dutela eta, modu horretan, horiek ez direla herrialdean geratuko. Kontuan hartu behar da Afrikara eta Ekialde Hurbilera egiten duten bidean EB Europako Batasunak behin-behinean muga zergak kendu zizkiela iazko uztailean produktu horiei. Ukrainatik gertu dauden herrialdeetan pilatu dira, eta herrialde horietako laborarienak baino nabarmen merkeagoak dira. Laborari horiek protesta egin dute.

Lularen gaitzespena

Bruselak hartutako erabakiak kalte gehien eragin dien herrialdeetako ordezkariekin hitz egin zuen atzo Valdis Dombrovskis Europako Batzordearen Komertzio komisarioak. Kievek ere jakinarazi zuen alde guztiekin negoziatzen ari dela. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo Poloniari, Eslovakiari, Bulgariari, Hungariari eta Errumaniari adierazi zien «ikuspegi europarra» izan dezatela «erronkari» erantzuteko. Brusela aztertzen ari da herrialde horietako nekazariei, konpentsazio gisa, 100 milioi euro ematea.

Eta gerrari berari dagokionez,Errusia inbasioan Ukrainako lurralde batasuna «urratzen» ari dela salatu zuen herenegun Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak, Errumaniako presidente Klaus Iohannisekin izandako bilera batean. Brasilgo presidentea kritikatu egin dute azken egunotan, larunbatean iradoki baitzuen Mendebaldea ari dela gerra elikatzen, armak ematen ari zaiolako Ukrainari. Etxe Zuriko bozeramaile batek «ez-neutrala» izatea egotzi zion asteartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.