Zerealak zeramatzan ontzi baten eskifaiako hamar kide hil ditu Errusiak Odesan

Nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzea egotzi dio Kievek Moskuri. Gutxienez hamar pertsona hil ditu Ukrainak Errusian.

Kea Moskuko aldirietan gaur, Ukrainaren eraso baten ondorioz. EFE
Kea Moskuko aldirietan gaur, Ukrainaren eraso baten ondorioz. EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 20a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteetan Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra Itsaso Beltzean ere gaiztotu da. Eta horren ondorio da atzo arratsaldean Odesako (Ukraina) portutik hurbil gertatutakoa. Ukrainako iturri ofizialek gaur jakinarazi dutenez, Errusiak, zereala zeraman ontzi bati hiru misilen bidez eraso egin, eta eskifaiako hamar kide hil zituen. 

Kievek ohar bidez emandako azalpenen arabera, Golden Leo du izena ontziak, jabeak turkiarrak ditu, eta Ginea Bissauko banderapean ari zen nabigatzen. Hamazazpi pertsonaz osatuta zegoen eskifaia, eta, ukrainar bat alde batera utzita, siriarrak eta indiarrak ziren denak. «Errusiak atzerriko bandera zeraman ontzi zibil baten kontra egindako beste eraso bat da. Ez zen mehatxu bat», nabarmendu du ohar batean Ukrainako armadak, eta Moskuri leporatu nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzea. 

Reuters berri agentziak kaleratu duenez, atzo kea ikus zitekeen Odesako kostaldearen parean zegoen ontzi batetik ateratzen, eta komunikabide horrek berak baieztatu du Golden Leo zela sutan zegoena. Moskuk ez du komentariorik egin gertatutakoari buruz.

Duela lau urte pasa, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenean, Itsaso Beltza ere gerraleku bilakatu zen, hala Ukraina nola Errusia munduko zereal esportatzaile nagusietakoak izaki. Baina 2022ko uztailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzarekin, akordio bat egin zuten nabigazioa babesteko.

Halere, azken asteetan egoera okertu egin da. Ostiralean, Errusiak ontzi batean zeuden bi pertsona hil zituen Mikolaiveko portuan; egun batzuk lehenago, Odesan bertan, ontzi batetik ongarriak deskargatzen ari ziren bost pertsona hil zituen Moskuren aire eraso batek. 

Odesakoa da Ukrainako portu nagusia, baita Ukrainako armadaren kokagune garrantzitsuenetako bat ere bada. Moskuk maiz izaten du helburu, eta gaur goizaldean bertan ere hango erregai biltegi batzuk jo ditu. Hori adierazi dute Errusiako iturriek. Eta Odesa eskualdeko gobernadoreak berak sare sozialetan azpimarratu du Errusiaren erasoek 28 lagun hil dituztela han uztailean. 

Ukraina ere ari da Errusiako ontzien kontra. Duela hilabete eta erdi, ekainaren 5ean, Azoveko itsasoan ontzi bati eraso egin, eta  Azerbaijango bost marinel hil zituen. Gainera, helburu izan ditu Azoveko itsasoak bustitzen dituen Ukraina okupatuko portu batzuk, baita Errusiaren petroliontziak ere. Hain zuzen ere, Errusiak Azoveko itsasoko nabigazioa eten behar izan zuen joan den astean horregatik guztiagatik —handik esportatzen du Errusiak zereal esportazioen laurden bat—.

Eta bi herrialdeek, gainera, elkarri eraso egiten jarraitzen dute. Errusiako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Ukrainaren aire erasoek gutxienez hamar pertsona hil dituzte Errusiako lurretan, denak eskualde mugakideetan: zortzi Belgoroden, eta bi Kursken. Moskuren esanetan,Ukrainak laurehun misil inguru jaurti ditu gaur goizaldean, eta horiek Mosku hiriburuaren aldiriak ere jo dituzte, gainera; ez dute hildakorik eragin. Errusiaren esanetan, jaurtigai gehienak erorarazi dituzte. Hain zuzen ere,  Errusiak Kieven aspaldiko eraso gogorrenetako bat egin eta ordu batzuetara gertatu da hori —bost pertsona hil zituen atzo han—. Errusiak gaur ere jo du Ukraina, eta bost pertsona hil: bi Pavlograden —herrialdearen erdialdean—, beste bi Kramatorsken —ekialdean—, eta bat Zaporizhian —hegoaldean—.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA