Zisjordania Hamasen esku geratuko dela ohartarazi du Israelek

Hamasekin akordioa egitea eta Israelekin bakea negoziatzea bateragarriak direla uste du Mahmud Abbasek

Erredakzioa
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Al Fataren eta Hamasen arteko akordioak ezinegona piztu du Israelen. Palestinako bi alderdi nagusiek lau urteko ezinikusiari amaiera eman zioten herenegun, eta behin-behineko batasun nazionaleko gobernua osatzea adostu zuten. Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroak ohartarazi du akordio horren ondorioz Hamasek Zisjordaniaren kontrola har dezakeela.

Hamas Siriako erregimena erortzearen beldur dela azaldu du Liebermanek, eta horrexegatik egin duela akordioa Al Fatarekin. Izan ere, azken asteetan liskarrak jazo dira herrialde horretan, eta, Liebermanen ustez, eskualdean duen aliatu handiena da Siria Hamasentzat.

Simon Peres Israelgo presidenteak akordioa «oker larria» dela adierazi du. Izan ere, Peresen hitzetan, nazioarteak ez du estatu palestinar bat onartuko «talde terrorista» bat agintean baldin badago —Hamasi erreferentzia eginez—. Defentsa ministro Ehud Barakek gaineratu du Israelek Hamasekin ez duela negoziatuko azken horrek Israel onartu eta «terrorismoa» bazter uzten ez duen bitartean.

Hamasen arabera, akordiotik sortuko den batasun nazionaleko gobernuak ez du Israelekin negoziatuko. Al Fatak, ordea, akordioa eta bake negoziazioak bateragarriak direla uste du, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Israelekin bakea negoziatzen jarraituko dutela adierazi baitu —irailaz geroztik ez aurrera ez atzera daude elkarrizketak—.

Nazioartearen erantzuna

AEBetako Ordezkarien Ganberako Atzerriko Harremanen ordezkariak, Ileana Ros-Lehtinenek, ohartarazi du Al Fatak eta Hamasek batasun gobernua osatuz gero AEBek PANi ematen dion diru-laguntza moztuko duela. AEBentzat eta euren aliatu den Israelentzat mehatxu den inor diruz lagunduko ez dutela dio.

Arabiar Ligak, bestalde, alderdi palestinarren adiskidetzea positiboa dela adierazi du. Era berean,nazioarteari Israelen politikak salatzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.