NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du Israel nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela. Izan ere, iazko urtarrilean eta otsailean Zisjordaniako hiru errefuxiatu esparrutan piztutako matxinadetan zibilak hil zituzten, ehunka etxebizitza txikitu, eta errepideak eta beste azpiegitura batzuk ere hondatu. Horren berri eman du gaur, txosten batean, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak.
Israelgo indarrek egindako operazioaren ondorioz, 33.000 palestinarrek alde egin behar izan zuten errefuxiatu esparru horietatik, eta ez dute atzera horietara itzultzeko modurik, guneak txikituta daudelako. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak kudeatzen zituen —Jeninen, Tulkaremen, eta Nur Xamsen—, eta, urteen poderioz, gune urbanizatu bihurtu ziren.
Horrenbestez, NBEk hamaikagarrenez tira egin dio belarrietatik Israeli. Txostenean jaso dutenez, Israelek Burdinazko Murrua operazio militarra abiatu zuen, eta horren bitartez errefuxiatu esparruetako palestinarrak aterarazi zituzten handik. Are, dokumentuan jasotako lekukotza batek dioenez, soldaduek esan zieten errefuxiatu esparrurik ez zela egongo aurrerantzean, eta Jordaniara joan beharko zutela.
Kezkatuta daude NBEren agentzia horretako kideak, uste baitute litekeena dela «garbiketa etnikoa» bultzatzeko ekintzak izatea seinalatutakoak. «Burdinazko Murrua operazioa aurrera nola eraman zuten aintzat hartuta, antzematen da zer asmo zuten: ahalik eta palestinar gehien desplazatzea eta legez kanpoko kokaleku israeldarrei bidea erraztea. Horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen du», azpimarratu du Volker Tuerk OHCHReko buruak, txostenean.
Horren arabera, aurreko urrian eraikinen %52 kaltetuta edo birrinduta zeuden Jeninen, eta portzentaje hori %48koa zen Nur Xamsen, eta %36koa Tulkaremen.
Hainbat hildako Gazan
Al-Quds brigadek jakinarazi dutenez, beren miliziano bat eta Israelek Gaza barruan bultzatutako milizia bateko hainbat kide hil dira gaur Khan Yunisen, elkarren arteko borroka batean. Palestinako Jihad Islamikoaren adar armatuak ohar batean adierazi duenez, Israelek babestutako taldea saiatu da haien miliziano bat bahitzen Tel Aviven, droneen laguntzarekin. Komunikatuak dioenez, eraso horri aurre egin diote granadak jaurtiz eta tiro eginez, eta Israelen «txotxongilo batzuk» hil ditu.
Bestalde, Israelek askatu ditu Libano hegoaldean atxilotuta zeuzkan bost libanoar. Hori jakinarazi dio armadako iturri batek Efe berri agentziari. Gurutze Gorriaren esku utzi dituzte. Dena den, oraindik libanoar gehiago daude atxilo. Joseph Aoun Libanoko presidenteak komunikatu bat kaleratu du, eta eskerrak eman dizkio Donald Trump AEBetakoari.