Zisjordanian nabarmen areagotu dira azken hiru urteetan osasun langileen aurkako erasoak

Israelgo Giza Eskubideen Aldeko Medikuek salatu dute kolonoek eta estatu indarrek neutraltasun medikoaren printzipioa urratzen dutela.

Osasun langile batzuk Nablusen lanean, iazko urrian. ALAA BADARNEH / EFE
Osasun langile batzuk Nablusen lanean, iazko urrian. ALAA BADARNEH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 23a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zisjordanian erasotua izan zaitezke osasun langile gisa identifikatua baldin bazoaz». Hori salatu du Israelgo Giza Eskubideen Aldeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundearen eledun batek gaur, sektore horretako beharginek Israelek okupatutako lurraldeetan nozitzen duten indarkeriari buruzko txosten bat aurkezteko egindako agerraldian. Bortizkeria horrek nabarmen egin du gora 2023ko urritik, Israelek Gazaren kontrako erasoaldia indartu zuenetik.

Eta hori erakusteko, datu batzuk eman dituzte: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2022an kolonoek eta Israelgo estatu indarrek osasun langileen aurka egindako 93 eraso zenbatu zituzten Zisjordanian; 233 izan ziren 2025ean. Horrek esan nahi du %350 igo direla.

Txostena aurkezteko Aqraban (Palestina) egin duten prentsaurrekoan esan dutenez, kolonoek eta estatu indarrek neutraltasun medikoaren printzipioa urratzen dute. Hiri modu dituzte horretarako: osasun langileen mugimenduak blokeatzea edo murriztea; beharginei zuzenean eraso egitea; eta langileak beren jardunean daudenean haiek umiliatzea eta beldurtzea. «Soldaduek eta kolonoek plano berean lan egiten dute palestinarrei beren izatea bera ukatzeko».

Apartheida

GKE horretako kideek azpimarratu dute, gainera, apartheida jasaten dutela lurralde okupatuetako palestinarrek. Izan ere, eremu berean bi osasun sistema daude, kontuan hartuta herritarren arraza eta identitatea. «Palestinarrei tratu bat ematen zaie, eta israeldarrei beste bat».

Kaleratutako dokumentuan jaso dute, bide batez, indarkeria giro horretan lan egiteak ondorio psikologikoak dituela. «Hainbeste kolpe nozitu ditugu, traumatikoak izan diren hainbeste esperientzia bizi... Mendi bat bera zanpatzeko moduko gauzak, eta oraindik ere aurrera darraigu», adierazi dute agerraldian. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA