KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

"Zubiak berreraikitzera" deitu du CUPek, baina horiek "leherraraztea" egotzi dio Puigdemontek

Aldebakarreko erreferenduma egitea proposatu du CUPek. Kataluniako Gobernuko presidenteak eskatu du ez gutxiesteko Espainiarekin erreferenduma adosteko aukera, nahiz eta zehaztu duen ez duela itxaropen handirik.

Eulalia Reguant CUPeko parlamentaria, atzo, hitza hartzeko bidean. Atzean, gobernuko kideak. ANDREU DALMAU / EFE
jon olano
2016ko ekainaren 9a
08:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Kataluniako Parlamentuak gobernuaren aurrekontu proposamena atzera bota eta Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak konfiantza mozioa iragarri eta biharamunera, bezperako gertakari horien erreakzio eguna izan da gaurkoa legebiltzarreko kontrol saioan.

CUPek aurrekontu proiektuaren aurka bozkatuta, gobernu akordioa hautsitzat jo zuen asteazkenena Puigdemontek. Gaur, CUPeko parlamentari Mireia Boyak dei egin du bi indar subiranisten arteko "zubiak berreraikitzera". Aldebakarreko bidea babestu du, parlamentuan martxan dauden deskonexio legeen alde lan egitera deituz.

Zein jarrera izango duen CUPek Puigdemonten konfiantza mozioan, Anna Gabriel CUPeko legebiltzarkideak eman ditu zantzuak. Mozio hori "independentziarako bide-orri garbi batean oinarritzen bada, CUPek babestuko du". Edonola, asanblean hartuko dute erabakia.

Bide-orria "aberastera"

Puigdemontek argi utzi du: "CUPekin eginiko akordioa muda zitekeela jakin izan banu, ez nukeen onartuko presidente izatea". Iraileko konfiantza mozioari begira, prest agertu da bide-orria "hobetzeko eta aberasteko". Ildo horretan, azaldu du agian gizarte zibilak eta eztabaida politikoak eskain dezaketela "adostasun sozial handiko proposamenen bat", eta adibide gisa aipatu du Espainiako Gobernu berriak proposa lezakeen balizko erreferendum bat.

Aldebakarreko erreferendumari dagokionez, esan du "mahai gainean jartzen diren aukera guztiak aztertu" egin behar direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.