Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Maradona, Juan Domingo eta Eva Peron, Maiatzeko Plazako Amen zapiak, Mafalda... Argentinan edozein txokotan ikus daitezke herrialdearen historian mugarri izan direnen ikurrak. Herrialde gutxitan izango dituzte bertako ikurrak Argentinan bezain presente. Batzuk ikonoak ziren hasieran, eta argentinarren izatean txertatu dira azkenean. Gauza bera gertatzen da Malvinekin: leku gutxitan izango du horrenbesteko gaurkotasuna duela ia 45 urte gertatu zen eta bi hilabete eskas iraun zuen gerra batek. Ekonomia arloan, inflazioa, dolarra, mailegua, Nazioarteko Diru Funtsa eta default-a —zorra ez ordaintzearen ingelesezko hitza erabiltzen dute argentinarrek— eguneroko hiztegiaren parte dira, herrialdearen egiturazko ezegonkortasunaren seinale.
Ekonomia egonkortzeko eta nazioarteko dibisak —dolarrak— lortzeko, kanpo-merkataritza balantza positiboa garrantzitsua izan da Argentinan, horregatik oinarritu dute beren ekonomia nekazaritza lehengaien esportazioan, sojarenean bereziki. Munduko herrialde zabalenetako bat da, baita biztanleria dentsitaterik txikienetakoa duena ere, eta herrialdearen erdialdean dauden zelai zabal emankorrak atzerriko ganaduari jaten emateko erabili dituzte, estatuak XIX. mendearen amaieran erdialdeko eta hegoaldeko lurrak konkistatu zituenetik.
Baina azken boladan, merkataritza superabit hori defizit bihurtu da urte jakin batzuetan, askotariko arrazoiak direla medio. Hala ere, kapitalismo berdean eta digitalean merkatu hobi bat topatu du Argentinak, bere baliabideak ustiatzeko eta superabit komertziala bermatzeko. Izan ere, iparraldean litio asko du herrialdeak, eta erdialdean, berriz, petrolio eta gas natural erreserba ezohiko handiak. Lehena ezinbestekoa da elektrifikaziorako, bateria gehienen osagaietako bat baita litioa, eta erregai erreserbak estrategikoak dira oraindik ere, trantsizio energetikoa egiteko saiakera ahulak ez baitu erregaien eskaria murriztu munduan —kontsumoa handitu eta handitu ari da—. Gainera, azken urteetan areagotu egin dira erregai propioak ekoizteko asmoak, merkatuan izandako krisien ondorioz bereziki.
Erregaien ustiaketa
Argentinako lehen petrolio hobia 1907an deskubritu zuten Chubut probintziako Comodoro Rivadavian, eta orduan hasi ziren herrialdean lehengai hori ustiatzen. Argentinan, ohiko erregai erreserba horien bidez ekoitzi izan dute petrolioa eta gas naturala, baina azken urteetan behera egin du ekoizpen horrek. Nolanahi ere, 2008an aldatu zen dena, orduan Repsolen esku zegoen YPFk Vaca Muertako erregai erreserbak esplotatzeko prozesua abiatu zuenean, beherakada betean zen sektoreari buelta emateko. Eta Vaca Muertako erreserbak ez dira hutsalak: gas natural erreserba ezohiko gehien dituzten herrialdeen artean bigarrena da Argentina, eta petrolio erreserba ezohikoak dituztenen artean, berriz, laugarrena.

2011n egin zuten ezohiko lehen hobia, eta ordutik etengabeko hazkundea izan du erregaien ustiaketak, Neuquen probintzian batez ere. Argentinak jada petrolio gehiago ekoizten du ezohiko hobietan ohikoetan baino, eta, aurreikuspenen arabera, 2030a baino lehen iritsiko da eguneko milioi bat upeleko ekoizpenera. Bikoiztu baino gehiago egin da Argentinako petrolio ekoizpena 2015etik 2025era: Energy Institute-ren datuen arabera, hamar urte pasatxo horietan, urtero batez beste %9,3 handitu da produkzioa Argentinan, eta 2024tik 2025erako hazkundea %18,6ra iritsi zen.
Litioa eta datu zentroak
Historikoki urrea eta zilarra esplotatu izan dira Argentinan, baina azken urteetan trantsizio energetikoarekin zuzenean lotutako mineral bat hasi dira ustiatzen: litioa. Herrialdearen iparraldean, Boliviarekin eta Txilerekin muga egiten duen inguruan —Salta, Jujuy eta Catamarca probintzietan— litio erreserba handiak daude, baina erreserbak hiru herrialdeetan daude; hain zuzen ere, litioaren triangelua izenez ezagutzen da esparru hori gaur egun. Eta herrialdea gero eta gehiago ari da mineral hori ustiatzen, XXI. mendeko meatzaritzara moldatuz.
Gaur egun, zortzi litio meatze daude martxan Argentinan. Azkena uda honetan sartu da ekoizpen fasean, Catamarca probintzian: Hombre Muerto Oeste meatzea. Espero da laster urtean 5.400 tona litio kloruro ekoizteko ahalmena izango duela. Zortzi horietaz gain, beste lau meatze eraikuntza fasean daude, hiru Saltan eta bat Catamarcan. 2025. urtean, Argentina munduko litio ekoizle handienetan bosgarren izan zen, Australia, Txina, Txile eta Zimbabwe aurretik zituela, eta ia %10eko merkatu kuota zuen, urtean 23.000 tona ekoitzita.
Adimen artifizialaren eta digitalizazioaren sukarrak ere bere lekua topatu du Argentinan. Argindarra ekoizteko aukera handiak dituzte herrialdean —erregai propioak, zentral nuklearrak, eta berriztagarriak instalatzeko esparru handia—, eta Andeen magalean ezinbesteko beste bi baliabide daude, datu zentroentzat nahitaezkoak direnak: hotza eta ura, sistemak hozteko. Horretarako hainbat lege berri onartzen ari da Javier Milei presidentearen gobernua, glaziarren babesa murriztekoa adibidez. Gainera, Peter Thiel, tekno-oligarka eta Palantir enpresa polemikoaren jabea, Buenos Airesera joan da bizitzera, Mileirekiko gertutasun ideologikoak eta desarautzeak erakarrita, besteak beste.