Zundaketen arabera, PPk irabaziko ditu bozak, eta badu Voxekin gobernatzeko aukera

Eskuineko bi alderdiek zundaketek emandako eserleku gutxien eskuratuta ere, gehiengo absolututik eserleku batera geratuko lirateke; bestela, bien artean aise gaindituko lituzkete 176 eserleku.

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea botoa ematen, gaur, Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea botoa ematen, gaur, Madrilen. J.J. GUILLEN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko azaroaren 29a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iluntzeko zortzietarako itxi dituzte hauteslekuak, eta botoak zenbatzen hasiak dira jada. Emaitzak heldu bitartean, zundaketei erreparatu baino ezin da egin: PP Alderdi Popularrak irabaziko lituzke hauteskundeak, Sigma Dos etxeak RTVE Espainiako irrati eta telebista publikoarentzat egindako zundaketaren arabera, eta Vox alderdi ultraeskuindarrarekin batera gobernatzeko aukera izango luke. Bete egingo litzateke, hortaz, kanpainaurrean eta kanpainan inkesta gehienek aurreikusi duten emaitza.

PPk 129 eta 134 eserleku artean eskuratuko lituzke Espainiako Kongresuan, eta Voxek, berriz, 44 eta 48 artean; horrez gain, UPN-PP koalizioak bi diputatu eskuratuko lituzke Nafarroan, eta, horiek horrela, eskuineko blokea gehiengo absolututik eserleku bakarrera geldituko litzake, baldin eta alderdi bakoitzak zundaketak emandako eserleku kopuru gutxiena lortuz gero. Bestela, bien artean aise gaindituko lituzkete 176 eserleku.

PSOE alderdi sozialista izango litzateke bigarren indarra Espainiako Kongresuan, 119-124 diputaturekin; Fronte Zabalak, berriz, 10-11 diputatu izango lituzke kongresuan. PSOEk eta Sumar ezker konfederaleko koalizioak 153 eserleku irabazi zituzten 2023ko hauteskundeetan, eta, oraingoetan, PSOEk eta Fronte Zabalak gehienez 135 lortuko lituzkete.

Alberto Nuñez Feijooren alderdiak koska bat egingo luke behera, 136 eserleku irabazi baitzituen 2023ko uztaileko hauteskundeetan; Santiago Abascalen alderdi ultrak, berriz, 33 irabazi zituen, eta dozena inguru gehiago izango lituzke datorren legegintzaldian. Pedro Sanchezen alderdiak orain arte izan dituen diputatuei eutsiko lieke, 122 dituenez gero. Ezker konfederalak nabarmen egin du behera: Sumarrek 33 irabazi zituen duela hiru urte, eta Ada Colauren koalizioak hogei inguru gutxiago izango ditu.

18:00etan, %68koa zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako parte hartze orokorra, inoizko handiena ordu horretan. 2023ko hauteskundeetan baino hamabost puntu gehiago dira, eta 1996ko hauteskundeetan baino ia bost puntu gehiago —arratsaldera arteko parte hartzerik handiena ordukoa zen hauteskunde hauetara arte (%63,45)—.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA