Europako Batasuna. Luxenburgoko auzitegiaren sententzia

Zuzenbide estatua errespetatzearekin lotu du EBko justiziak funtsak jasotzea

Luxenburgoko auzitegiaren epaiaren arabera, talde komunitarioak aurrekontuko diruaren banaketa egiteko prozedurak oinarri juridiko egokia du. Bruselak denbora eskatu du mekanismoa zehazteko

Europako Batasuneko bandera eta klub komunitarioko estatu kideenak, Europako Parlamentuaren egoitzaren kanpoaldean, Estrasburgon (Frantzia), herenegun. JULIEN WARNAND / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Pandemiak eragindako krisi ekonomikoari modu bateratuan nola erantzun pentsatzen ari zirenean, 2020ko udazkenean, Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak adostu zuten EB Europako Batasuneko aurrekontutik funtsak jaso ahal izateko baldintza bat bete beharko zutela klub komunitarioko estatu kideek: «blokearen balioak eta printzipioak» betetzea, hau da, kideek zuzenbide estatua errespetatzea. Hungaria eta Polonia, ordea, ez zeuden ados prozedurarekin. Aurrena, horren onarpena blokeatzen ahalegindu ziren, eta, gero, helegiteak jarri zizkioten; hain zuzen, Bruselak maiz egotzi izan die biei zuzenbide estatua urratzea. Bada EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du auziaz, eta atzo jakinarazi zuen adostutako mekanismoa egokia dela.

Luxenburgoko auzitegiak kaleratutako ebazpenaren arabera, aho batez onartu dute funtsen banaketarako mekanismoak oinarri juridiko egokia daukala, bat egiten duela klub komunitarioaren beste hitzarmen batzuetako prozedurekin, eta errespetatzen dituela EBri dagozkion eskumenen mugak, baita segurtasun juridikoaren printzipioa ere. Luxenburgok, gainera, estreinakoz eman zuen, atzo, epai bat zuzenean, streaming bidez, eta horrek auziaren garrantziaren berri ematen du. Sententzia horri ezin zaio helegiterik jarri.

Izan ere, epai horren arabera, jokoan daude 2021-2027 eperako aurrekontuaren milaka milioi euro, EBren barne kohesioa, baita nazioartera begira klubak berak emandako mezua ere. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak nabarmendu zuen, atzo, ohar batean, sententziak baieztatzen duela klubak «bide zuzena» hartu duela. Datozen asteetan erabakiko dute zein pauso eman aurrerantzean, baina, aurrena, sententzia «arretaz» aztertzekoak dira. Dana Spinant batzordearen bozeramaileak atzo prentsaren aurrean azaldu zuenez, gidalerro batzuk osatuko dituzte, eta horien helburua izango da prozedurari «argitasuna» ematea, eta hori bera martxan jartzea.

Europako Parlamentuak2020ko abenduaren 16an onartu zuen prozedura, helburu zuena, azpimarratu zutenez, funtsak ez geratzea zuzenbide estatua urratzen dutenen esku. Berez, iazko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, baina Luxenburgok epaia kaleratu arte hori ez aktibatzeko konpromisoa hartu zuen Bruselak. Auzitegiaren ebazpena iritsi aurretik, EBko abokatu nagusi Manuel Campos Sanchez-Bordonak ontzat jo zuen, joan den abenduan, aurrekontuak zuzenbide estatuaren balioekin lotzea.

«Batasunaren aurrekontuaren kudeaketa ona eta batasunaren finantza interesak mehatxupean egon daitezke estatu kide batean gertatzen diren zuzenbide estatuaren printzipioen urraketarengatik», azpimarratu du Luxenburgok epaian. Hain justu, azkeneko urteotan Hungaria eta Polonia Europako Batasunaren jomugan daude, egozten baitie zuzenbide estatuaren estandarrak ez betetzea; esate baterako, sistema judizialaren independentzia bermatzeko orduan, edo LGTBI kolektiboaren eskubideak babesteari muzin egiten diotelako.

Ez da «negoziagarria»

Poloniako eta Hungariako gobernuek klubeko gainontzeko kideek adostutakoaren kontra egin zuten duela urte eta erdi, iritzita prozedura horrek talka egiten zuela zuzenbide estatuaren aurkako arriskuei aurre egiteko indarrean dauden beste mekanismo batzuekin, eta argudiatuz, gainera, estatu kideen eskumenak garatzeko orduan oztopo izan zitekeela.

Iazko urrian EBko Justizia Auzitegiaren aurrean adierazi zutenez, iruditzen zaie prozedurak «esanahi politikoa» duela, eta Bruselak, finean, «ebaluazio politiko bat» egin nahi duela horren bidez.

Aipatu zuten zigortu egin nahi zituztela EBko Hitzarmenaren zazpigarren artikulua saihestuz, zeinak dioen klubeko bazkide guztiak ados egotea beharrezkoa dela EBren balioak urratzen dituzten estatuei isunak jartzeko. Atzo kaleratutako ebazpenaren arabera, baina, onartutako prozedurak ez du talka egiten zazpigarren artikuluak jasotakoarekin.

Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak atzoadierazi zuen sententziak erakusten duela zuzenbide estatua ez dela «negoziagarria» legebiltzarrarentzat. EBren balioen garrantzia nabarmendu zuen, eta herritarrek funtsak nola erabiltzen diren jakiteko eskubidea dutela. Ohar baten bidez eskatu dio Europako Batzordeari «ahalik eta azkarrena» aplikatu dezala prozedura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.