Albistea entzun

2014ko Iparraldeko herri bozak. Bigarren itzuliaren ondorena. Iker Elizalde. Hendaiako hautetsi abertzalea

«Emendatu nahi badugu, ezkerrean alternatibak eraiki behar ditugu»

Kotte Ezenarrorekin egin hitzarmenaren ondorioz, Hendaia Biltzen abertzale zerrendak lau hautetsi izanen ditu herriko kontseiluan; horien artean, Elizalderen auzapezorde kargua.
Iker Elizalde, igande gauean, emaitzak entzun ondoren.
Iker Elizalde, igande gauean, emaitzak entzun ondoren. JULEN PASCUAL

Iñaki Etxeleku -

2014ko apirilak 1 - Baiona

Hauteskunde emaitzen ospatzeko asti handirik ez duela izan aitortu du Iker Elizaldek, eta astelehen egun osoa elkarrizketa eskaerei erantzuten iragan du. Axuant karguan sartuko da Hendaiako herriko etxean, Kotte Ezenarro auzapezarekin egin akordioaren ondorioz. Horrez gain, Hego Lapurdiko Hirigunean edo elkargoan jarleku bat izanen du. Orain arte abertzaleek ez zuten ordezkaririk bertan. Kargu hartze ofiziala larunbat goizean eginen du Elizaldek, lehen herriko kontseiluan. Bozen biharamunean Hendaiako, Hego Lapurdiko eta, oro har, Ipar Euskal Herriko panorama politiko berriari buruz hitz egin du.

Ondorioen horrelako itxura aurretik ikusia zenuten?

Aurretik esana genuen prest ginela gehiengo batean sartzeko, ardurak hartzeko, baldintza batzuk betetzen baziren. Bi lehentasun eman ditugu beti aitzinean: Sostengu Zentro Ekonomiko eta Sozial baten plantan ematea, behar larrienean diren hendaiarrei laguntza ekartzeko, aktibitateen sortzen laguntzeko; bigarrenik, ikastolarentzat aterabide baten atzematea epe motzean eta epe luzean, ikastolari medioen ematea, kalitatezko eskolatze baten emateko eta garapenaren segurtatzeko.

Epe labur eta luzeko aterabide horiek zein dira konkretuki?

Epe laburrean Pausuko ikastolan baldintzen hobetzea; aterpe bat behar da eta jantegiaren arazoa konpondu behar da. Heldu den astetik goiti hasiko gara lantzen. Epe luzeari begira, ikastola berriaren egitea.

Zure lehenbiziko lana zein izanen da axuant gisa?

Sostengu zentro horren plantan ematea, Hendaiako zenbait elkarteekin elkarlanean. Zentro sozialaren presentzia segurtatzea auzo guztietan. Bestalde, lehen bazen bezala, garapen ekonomikorako teknikari baten atzematea herriko etxerako.

Askatasun osoa izanen duzue horretan?

Askatasun osoa izanen dugu, gure gain izanen baita. Axuant eta delegatu bat horri begira jarriko baikara... Askatasuna baino gehiago, konfiantza osoa badugu.

Kotte Ezenarrorekiko elkarlana nolakoa izanen da ondoko sei urteetan?

Proiektu gehienei begira zerbait adostu da. Gero, gerta daiteke proiektu batean edo bestean desadostasunak izatea, baina talde gisa badugu gure iritzien plazaratzeko askatasun osoa. Ez dugu kudeaketan arazorik ikusten bakoitzaren errespetuan egiten bada.

Geroan, abertzale indarraren bilakaera Hendaian nola ikusten duzu?

Zaila da esatea zer bilakaera izango duen. Guk nahi duguna da taldea mantentzea, garatzea, belaunaldiz belaunaldi abertzaleen presentziaren bermatzeko Hendaiako herrian. Gure pisua ez da aliantza horrengatik gutituko, alderantziz baizik.

Hiri elkargoa eskuinean gelditzen da, aldaketarik posible da?

Aldaketa guretzat da jadanik presente izatea han. Gaur arte ez genuen batere ordezkaritzarik. Aldaketa ere izanen da, gero eta informazio gehiago izanda are gehiago komunikatzen ahalko baitiegu herritarrei eta gero eta gutiago geldituko da gutxi batzuen eskutan kudeaketa. Maila orokorrean, ez da politika aldaketa handirik izanen, eskuinak segitzen baitu gehiengoan. Herri bakarra ezkerrean izanen dena, Hendaia da.

Hirigunean hurbiletik segituko dituzuen txostenak zein dira?

Ez dugu oraindik berriz biltzeko astirik izan, baina errana genuen jada aurretik garapen ekonomikoaren arloa eta etxebizitzarena inportanteak zitzaizkigula, baina uraren kudeaketa ere nahi dugu publikoa izan dadin. Euskarari bere lekuaren ematea ere nahi dugu, eta euskal kultura kontuan hartuko duen kultura politika azkar bat ere aipatu genuen aitzinetik. Horiek denak kontuan hartuko ditugu elkargoko batzordeen osatzeko mementoan.

Abertzaleen emendatzea izan da Hego Lapurdin...

Bai, emendatze bat izan da. Nahikari bat ere gehiengoetan sartzeko. Bidelagun izan ditugu alderdi sozialistatik hurbil ziren zerrendak. Haatik, kontra izan ditugu komunistak. Hendaian biziki bortitz aritu dira. Bai Urruñan, bai Ziburun, akordioetatik atera dira, lehen itzulian sozialistekin aurkeztu zirelarik. Horrek ere eragina izan du bigarren itzulian, haientzat hobe baitzen edozer gauza abertzaleak baino, beste hori eskuin eskuinekoa izanik ere. Ez dugu ahanzten duela sei urte Uztaritzen gertatu zena; konfigurazio bera zen. Bestalde, eskuineko indarrek ere kanpaina azkarra eraman dute abertzaleen kontra, lerrokatu nahi izan gaituzte Frente Nazionalarekin, terroristatzat jo gaituzte. Alarma bat piztu nahian ziren gure herrietan. Baina, oro har, ez da ibili eta ez da ibiliko. Herrietan erreferente gara, jendeek ezagutzen gaituzte, eta badakite guzti horretatik urrun garela. Guk buru egiten baitiegu FNen ideiei, bazterketaren eta gorrotoaren ideiei, aurre egiten baitiegu. Bi itzulien artean erakutsi dugu ez dugula bazterketa politikorik onartzen, Battitt Sallaberri eta Kotte Ezenarrorekin bilduz.

Sozialisten baitan tendentzia 'jakobinoak' huts egin du?

Oro har hartzen badugu, bai. Abertzaleekin bat egin nahian, mespretxuzko politikak alde batera utzi behar direla agertu da. Bereziki, Ipar Euskal herriaren etorkizuna kontuan hartzen ez dutenek ordaindu dute jarrera hori, izan duten galera horretan. Geroari begira, ongi gogoetatu beharko dute horrela segitu nahi duten edo ikusi egiazko ezkerreko politiken bultzatzeko irekitasun bat beharko dutela hemengo errealitateari begira.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, zein izan daiteke ondoko urteetarako abertzaleen estrategia hauteskunde hauen ondotik?

Erakundeetan sartzearen ildo horretatik uste dut. Finkatu da bozka abertzalea, finkatu da politika egiteko dugun nahikaria. Poliki poliki ezkerreko beste sektore batzuei irekitzen joan behar dugu. Elkarlanean aritu haiekin, indartzeko bai politikoki, bai programetan edo filosofia mailan. Epe ertain-luzean, oraindik emendatzea nahi badugu, ezkerrean alternatibak eraiki, galdera horiek egin behar dizkiogu buruari. Baionaren kasua pista izan daiteke guretzat ere geroari begira. Ez baitezpada Ipar Euskal Herri osoan, baina hirietan, behintzat, bai, horrelako aurreikuspenak izan behar ditugu.

Udalbiltzako kide zarenez, indarturik ateratzen ote da hauteskunde hauen biharamunean?

Dudarik gabe. Proiektu konkretuetara joatearekin jadanik indartzen ari zen. Hautetsi abertzale ezkertiarren emendatzearekin orai indarturik ateratzen da, baina gure helburua ez da Udalbiltzan hautetsi abertzaleak bakarrik izatea. Uste dugu proiektu konkretuen bidez gero eta atxikimendu gehiago lortuko dela. Nahi duena etor daiteke, ateak beti zabal-zabalik egonen dira.

Kotte Ezenarro hurbil daiteke Udalbiltzaren bilkura batera?

[Barrez] Zendako ez? Kotte Ezenarro eta beste hainbat auzapez eta hautetsi. Udalbiltzak proiektu zehatzak bultzatuz hautetsi horiek ikusiko baitute Euskal Herrian baliabide anitz baditugula herri mailan indartzen gaituztenak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Juan Alberto Belloch, artxiboko irudi batean. ©Javier Cebollada / EFE

Juan Alberto Belloch: «Galindo, borrokalari antiterrorista moduan, onena zen»

Iosu Alberdi

Justizia eta Barne ministro ohiak adierazi du bera izan zela Galindori jeneral kargua ematea ahalbidetu zuena, nahiz eta jakin atxilotuak torturatzen zituela.

Eba Blanco (erdian), azaroko biltzarrean, idazkari nagusi izendatua izan ondoren. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

EAren primarioak errepikatzeko aginduaren aurkako helegiteak aztertuko dituzte

Xabier Martin

Espainiako Auzitegi Gorenak EAren eskaera tramitera onartu du, eta alderdiaren primarioak errepikatzea agindu zuen probintzia auzitegiaren epaia balekoa den ala ez erabakiko du.

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...