Europako hauteskundeak

Podemosen ahala

Hego Euskal Herriko mapa politikoan ere ezkerreko beste mugimendu bat sartu da, indartsu: Podemos-Ahal Dugu. Hegoalde mailako funtzionamendua du, eta erabaki eskubidearen alde da.

Podemos-Ahal Dugu mugimenduaren bilera bat. BERRIA.
enekoitz esnaola
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Igandeko emaitzak ikusita —Espainiako Estatuan 1.245.948 boto eta bost europarlamentari; Hego Euskal Herrian 72.425 boz—,eta urtebete barru udal eta foru hauteskundeak izango direla kontuan hartuta, Podemosek «lan handia» izango du aurrerantzean, Lander Martinez (Gasteiz, 25 urte) Bilboko lantaldeko kideak aitortu duenez.

Podemos, baina, ez dute alderdi klasikotzat jotzen, ezkerreko «gizarte mugimendu» gisa baizik. Eta Hego Euskal Herri mailakoa. «Hau guztia eratu aurreko pausoak ematean, hemen Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan bilerak egin genituen, eta garbi ikusi genuen Hegoaldean funtzionatu behar genuela».

Lanerako eremu logiko eta naturaltzat hartu dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Euskaragatik, besteak beste. «Euskara hemengo hizkuntza denez, hura laneko hizkuntza dugu eta, ondorioz, gaztelera ere erabiliz, lau herrialdeetan irudi bera eman behar dugula uste dugu». Atzo euskal hedabideetara bidali zuten prentsa oharra Podemos-Ahal Dugu. Euskal Herria moduan sinatu zuten. Garrantzia ematen diote horri. «Euskal Herrian guk erabili nahi dugun izena Podemos-Ahal Dugu da, eta oso garrantzitsua da hori guretzat».

Herritzat hartzen dute Euskal Herria, eta haren erabaki eskubidea aitortzen dute. Horrela dio Podemosen bozetarako programak 5.7 puntuak: «Europako herriek hala eratzeko eta euren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidearen aitortza».

Katalunian azaroaren 9rako deituta dagoen galdeketari buruz «jarrera argia» dute, Martinezek berresten duenez: «Katalanen gehiengoaren nahia da kontsulta egitea, eta, beraz, guk ere galdeketa egin dadin nahi dugu».

Sortu berria da Podemos, lau hilabete dauzka, eta Bilboko lantaldeko kideak dio bertako partaideen artean oraindik ere «eztabaida politiko bat» eman beharko dutela erabaki eskubidearen gaia sakontzeko, «baina oinarrizko printzipio demokratiko bat da, eta Podemos beti egongo da horren alde. Botere demokratikoa herritarrei itzuli behar zaie».

Dena dela, erabakitzeko eskubidea beste hainbat gauzatarako ere erabili behar dela iritzi dio. Esaterako, gizarte arloko erabakiak hartzeko. Egungo klase politikoa boteretik kentzeko ere bai: «Herritarrek hauteskunde hauetan isilik egoteari utzi diote eta erabakitzeko duten eskubidea gauzatzera joan dira. Haien erabakia izan da badela garaia kasta politikoa karguetatik kentzeko, eta [Espainiako Estatuko PP-PSOEren] alderdi bitasuna eta haren pribilegioak amaitzeko», zioen Podemosen oharrak atzo.

Ezkerreko indarren batasuna da haien beste helburu garrantzitsu bat, Lander Martinezek nabarmendu duenez. «Hego Euskal Herrian jendeak ezkerreko indarren alde egin du. EH Bilduk emaitza onak lortu ditu, Ezker Anitzak ere bai, eta gureak hor daude. Ona da hori. Orain, ezkerreko indarron artean eztabaida zabaldu behar dugu, batasuna izanda alternatibak eraikitzeko».

Igandeko emaitzengatik «ilusionatuta» daudela aitortu du Podemos-Ahal Duguk, «baina igandekoa ez da ospakizunetarako eguna izan», haren iritziz. «Dolu egoera ez da amaitu. Larrialdi egoeran jarraitzen dugu, eta pertsona eta familia asko lanik gabe, etxebizitzarik gabe, eskubide eta askatasunak murriztuak dituztela daude. Haien etorkizuna pertsonen interesen kontra etengabe jotzen duten botere ekonomikoen lukurreriaren menpean daude, giza eskubideak eta jendearen duintasuna etengabe zapalduz. Gobernatzen gaituen kasta politikoak ere merkatuen eta boterea dutenen alde jokatzen jarraitzen du, herritarren eta herrientzako onura bilatu beharrean interes ilunen alde eginez, herritarrak babesik gabe eta traizionatuta utzita».

Udal hauteskundeak

Euren lehendabiziko bozetan emaitza onak lortu arren, Martinezek azaldu du mugimenduaren barruan badela jendea esaten duena ez liratekeela aurkeztu beharko datorren urteko udal eta foru hauteskundeetara. «Gure batzarretan erabakiko dugu».

«Edozein herritarrentzat irekiak» dira batzarrak. «Podemosek ez du afiliaturik. Hego Euskal Herrian ere bileretara nahi duen oro etor daiteke. Orri bat betetzeko eskatzen diegu, eta jartzeko euren posta elektronikoaren helbidea, hori baino ez. Lanerako aukera badute, behintzat». Bilbon, adibidez, Hika Ateneon batzen dira, Atxurin. Han gaur egingo dute asteko batzarra, 19:00etan.

Lander Martinezek dioenez, jende gazte asko biltzen da euren mugimenduan, «baina boto-emaileen artean askotariko jendea dago». Eta asko, oraingoz:Hegoaldean, 72.000 pasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.