Bost begirada hezkuntzari (eta V). Adituen iritziak

Aldaketa bai, baina ez Wertekin

Euskal hezkuntza eraldaketa baten premian ikusten dute, baina ez Espainiako Gobernuak abiatu duen bidetik. Hezkuntzan esperientzia handia duten lau aditu batuta, aho batekoa da adostasuna: atzerapausoa da erreforma.

Hezkuntzak eraberritu bat behar duela uste dute adituek. Hizkuntzaren gaian, adibidez, gaur egungo hizkuntz ereduak gainditu behar direla irizten diote. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun

GALDERAK

1. Norabide egokia du Wert ministroaren proposamenak? Bat zatoz haren filosofiarekin?

2. Hizkuntz ereduen sistema egokia da gaur egun? Norantz jo beharko litzateke?

3. Euskal hezkuntza sistema zertan da indartsu? Zertan ahul? Zertan hobetu behar du?

Berritu bat behar duela ados datoz, euskal hezkuntzak behar duela eraberritze bat, hizkuntzen gaiari dagokionez, adibidez. Hezkuntzan esperientzia handia duten lau aditu bilduta, ados dira: atzerapausoa da Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak proposatu duen erreforma.

FRANCISCO LUNA ISEIko zuzendaria

«Egindako proposamenetatik batek ere ez du bermerik edo esperientzia arrakastatsurik»

1. Helburu batzuekin ados egon ninteke, baina ez nator bat duen filosofiarekin eta proposatutako neurriekin. Justifikatzeko erabili dituen datu guztiak edo faltsuak dira edo baldintzatuta daude edo nahieran erabilita, erreforma zuritzeko. Egindako proposamenetatik batek berak ere ez du bermerik edo esperientzia arrakastatsurik izan. Lege proiektu bat egin nahi izan dute nazioarteko ikerketa batzuk oinarritzat hartuta, baina erabilitakoak ez dira egiazkoak: partzialak dira, edo faltsuak.

2. Ereduen eboluzioak berak jo du transformaziorantz: gizartea onartzen joan da ele biko planteamendua. Gaur egun, ereduek ez diete erantzuten sorrerako planteamenduei, eta deformatzen ari dira: A eredua desagertzen ari da publikoan; B ereduan egoera asko daude, ez hasierakoa; eta D eredua modu askotara ari da hazten.

Beste behar batzuk agertu dira: ingelesa sartzea, kasu. Ereduek ez diote erantzuten horri. Aurrera begira, azken legealdian jarri dira oinarriak. Gizartearen itxaropenei erantzuten dien planteamendu bat egin da: hiru eleko eredua. Inork ez ditu auzitan jartzen bi gauza: euskarari toki gutxi egiten dioten ereduak hurbildu behar dira euskarara, eta ingelesa sartu behar da irakats-hizkuntza gisa.

3. Adierazle apartak ditugu, eta hori da gure indargunea, baita Europan ere. Horri eutsi beharra dago. Emaitza onak lortzea ere izan behar du helburua; gaitasunak lortzea ikasleek. Sistema gisa planteatu behar dugu hori. Denbora askoan alor kualitatiboari begira egon gara (aniztasunari...), eta, agian, emaitzez ahaztu gara. Hobetzeko gaitasun handia daukagu, sistema indartsua baitugu.

LORE ERRIONDO Pedagogia irakaslea EHUn

«Nahiz eta gaitasunak aipatu diskurtsoan, gero horiek ez dira neurtzen, baizik eta edukiak»

1. Atzerapausoak dira proposatutakoak. Amaierako probak zer diren badakigu. Ostekoak dira etengabeko ebaluazioa, ikasleen jarraipena, gaitasunak lantzea... Hori ez da garatu; edukietan jarri dute erdigunea. Gauza bat da proba homologagarri bat jartzea, eta beste bat, egiturazko proba jartzea, erritmoak puskatuz. Ez du ezertarako balio. Nahiz eta diskurtsoan gaitasunak aipatu, gero ez dira neurtzen, edukiak baizik.

2. Ereduen hasierako filosofia egokia zen: abiatu ikasleak daukan hizkuntza jabekuntzatik, eta eraman euskaldun oso izatera. Ez da gauzatu: ikasleak abiapuntu ezberdinetan hasten dira, eta helmuga ezberdinetan amaitzen dute. Ez da betetzen hasierako filosofia. Murgiltzeak utzi ditu emaitza onenak euskalduntzean eta errendimenduan. Urteek erakutsi digute.

3. Euskal hezkuntza aitzindari da, baina uste dut atzerapausoak egiten, ahultzen ari dela. Autonomia eskasagoa zentroetan, curriculum gero eta ezarriagoa, kultur transmisioa bermatu gabe, euskara ezin nahi den askatasunarekin eman... Ez da aski metodologia libre izatea; ez bada erabakitzerik zer lortu nahi den, ez bada hezkuntza askea gauzatzeko aukerarik, bost axola edozein didaktika erak. Hori dakar lege horrek. Pedagogia aurreratuetan erreferente izan da euskal hezkuntza. Erreformak, ordea, hezkuntza pasibo eta segregatura garamatza.

FELIX ETXEBERRIA Pedagogia katedraduna EHUn

«Ingelesa ikasten goiz hastea oso onartua izango da sozialki, baina datuak hor daude»

1. Euskal Herrian Espainiaren gainetik gaude, hasteko. Ez zaizkigu axola Werten kezkak: eskola uztea, DBHko tituludunak, nazioarteko azterketetako emaitzak... Erreformak ez du zentzurik gurekiko; Espainiako zenbait tokitan izan dezake, baina gurekiko ez. Ez dagokigu Werten erreforma hori.

Hautaketaren filosofia du Lehen Hezkuntzatik. Emaitzetara jotzeaz mintzo dira. Umeak juzgatu egingo dira, eta ondorioak izango dituzte horren arabera. Amaierako probek ez dute ekarriko gauza onik; lehia sortuko dute.

2. Ereduak desfasatuta daude. Lehen, defendagarri ziren —euskalduntzea zaila zen—, baina frogatuta dago D ereduan soilik ikasten dela euskara. Hori orokortu beharko litzateke, euskara ikastea nahi bada behintzat. Hiru elekoa astakeria da. 4 urterekin ingelesa ikasten hasi euskara bermatuta ez dagoenean? Oso onartua izango da sozialki, baina datuak hor daude. Batetik dago ikerketek diotena, eta, bestetik, sozialki egiten ari garena, modan dagoelako.

3. Hizkuntzan nahiko emaitza onak ditugu. Zientzian daukagu hutsune handiena. Beste akats handi bat etorkinekin dugu: jatorriz bertakoak direnen eta etorkinen artean alde handiak daude. PISA txostenean, Euskal Autonomia Erkidegoan, 72 puntuko diferentzia —puntuazio totala 500 ingurukoa da—. Badago zer hobetu.

AGURTZANE MARTINEZ Mondragon Unibertsitateko irakaslea

«Ikuspegi eraldatzaile eta barneratzailera jo behar da»

1. Inolaz ere ez. Erreformaren asmoa gizartean desberdintasunak areagotzea da: kalitatearen kontzeptua merkatuaren politikan oinarrituta, arrakastaren adierazle bakarrak ikasleen errendimendua eta emaitza akademikoa, ikastetxeen arteko lehia... Kalitatea ikasle guztien arrakasta bermatzean datza, behar diren prozesuak, baliabideak eta esperientziak eskainiz, bikaintasunaren bidean. Ekitatea, guztiontzako eskola bat eraikitzeko bidean.

2. Eskolak euskara lehenetsi behar du ezinbestean, eta horrek ereduekin apurtzea esan nahi du. Ordea, eskolan euskaraz ikasteak bakarrik ez du ekarriko euskararen normalizazioa. Ereduen eztabaidak ez du zentzurik. Gizarte ereduaren inguruko eztabaidak du zentzua, eta hezkuntzaren rola zein den alor bakoitzean. Herriak hartu behar du indar gehiago eskolari eskaerak egiterakoan.

3. Emaitzek ez dute zerikusia soilik eskolan egiten denarekin, eta, agian, hor dago hutsunea. Hezkuntza deszentralizatu behar da. Eskolan eginiko lanak jarraipena izan beharko luke. Eskola ezin da tratatu bakardadean. Ikuspegi transmititzailetik eraldatzaile eta barneratzailera jo behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.