Bost begirada hezkuntzari (IV). Espainiako Gobernuaren erreforma

Banderaren atzean, kolpe handiagoak

Hizkuntzen bandera astinduta harrotu du hautsa Wertek, eta atzeko atetik beretzat hartu ditu eskumen gehienak: Espainiak osorik erabakiko du curriculum nagusia.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Azken unerako gordeta zeukan kolpe handiena: estatuak bere gain hartuko duela ikasgai nagusien curriculum oso-osoa, eta eduki horiek irakasten direla kontrolatuko duela, amaierako azterketen ardura osoa ere estatuak hartuko duelako. Hezkuntza erreformari buruz azken bilera egiteko bezperan, arratseko azken orduan bidali zien aldaketen berri Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak autonomia erkidegoetako ordezkariei. Beste iragarpen bat ere egin zien: hizkuntzen gaian esku hartuko zuela, gaztelaniaz ikasi ahal izatea «bermatu» egingo zuela, legeak aldatuta. Hautsa harrotu hizkuntzarekin, eta isilean pasarazi du aspaldiko zentralizazio handiena.

Urtebete igaro du PPren gobernuak hezkuntza erreforma taxutzen, edo, behintzat, plana osorik plazaratzen. Zatika-zatika joan baita aldaketak iragartzen eta horiek gogortzen. Hasiera-hasieratik argi utzi zuen helburu bati jarraitu dio betiere: «Ezin da onartu Espainian hamazazpi hezkuntza sistema egotea». Zentralizazioa izan da, hartara, Werten ardatza.

Azterketa «nazionalak»

Notarako, ez diagnostikorako

Espainiako Kongresuko lehen agerraldian jakinarazi zuen neurri nagusietako bat: «proba nazionalak» egingo dizkietela ikasleei. Kontraesanak daude orain urtebete iragarritakoaren eta proiektuan ageri denaren artean. Wertek azaldu zuen probek ez zutela eraginik izango estudianteen espedientean, zer ikasten zuten jakiteko izango zirela; hots, kontrolatzeko. Proiektuak aurkakoa dio: Lehen Hezkuntzan ez, baina DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan nahitaezko izango da proba gainditzea, eta notarako esanguratsua izango da.

Hiru batean egingo ditu Espainiako Gobernuak: eskoletan zer irakasten duten kontrolatu, ikastetxeen rankingak osatu eta ikasleei zailtasunak jarri. Horretaz ohartarazi dute hainbat adituk eta eragilek: etorkizuna azterketa batean jokatzea ez dela egokia, ez duela bat egiten etengabeko ebaluazioaren urteetako bidearekin. Werten erantzuna beti da bera: «Ebaluazioaren kultura falta zaigu». OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak eman dio kolpea asteon Madrili: amaierako azterketekin eskola uztea handituko duela azaldu dio.

Ikasleak goizago banatzea ere bultzatuko du PPk. Lanbide Heziketara bideratu nahi ditu estudiante gehiago, eta ate zabalagoa utzi du horretarako: beti ez da derrigorrezkoa izango amaierako azterketak gainditzea Lanbide Heziketara joateko. Batxilergoan edo unibertsitatean hasteko, bai.

Curriculumaren kontrola

Eskumenak osorik Madrilera

Curriculumaren alorrean ere aurrez esandakoa baino neurri gogorragoak onartu ditu azkenean PPk. «Ikasgai komunak» ezartzeaz mintzo zen ministroa orain urtebete. Pausoka-pausoka, ordea, aldatzen joan da. Eskumenak murriztuko zituela iragarri zuen aurrena: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak edukien %45 ez, %35 erabakiko zituztela. Baina azken unean aldatu zuen hori: oinarrizko ikasgaien edukia oso-osorik Madrilek erabakiko du —Historia, Geografia, Gaztelania eta Literatura...—. Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ikasgai «arinagoen» ardura edukiko dute—Erlijioa, Gorputz Heziketa...—.

Alor bakoitzean agintea zer erakunderena den «argitu» nahi izan du era horretara Espainiako Gobernuak. «Homogeneotasuna» eman nahi dio sistemari, erkidego guztietan «gutxieneko edukiak» ikasten direla bermatzeko.

Eskoletan ere izango du eragina zentralizazioak: zuzendariek eskumen gehiago izango dituzte, eta eskola kontseiluek, gutxiago.

Hizkuntzen lekua

Aldaketak, eraginik gabekoak

Neurri horiek berealdiko ezinegona sortu zuten, baita PPn bertan ere. Lege proiektuan xedapen gehigarri bat sartuta isilarazi zituen kritikak: iragarri zuen gaztelania ikasi ahal izatea «bermatu» egingo zuela. Aurka zituen Espainiako elkarteak batzea lortu zuen.

Bereziki Kataluniaren aurkakoa da proposamena, murgiltze eredu orokortua ezbaian jartzen baitu. Atzo bertan, Kataluniako auzitegiak bederatzi ume gaztelaniaz eskolatzera behartu zuen Generalitatea. Hori «bermatu» nahi du legea aldatuta PPk. Eskola pribatura jo ahalko dute gurasoek, gaztelaniazko adarrik ez badute sortzen. Harago jo du Wertek: onartu du euskarari lehentasuna eman dakiokeela, hizkuntza gutxitua delako, baina argi dio gaztelaniak pisua behar duela ordutegian, eta «orekara» jo behar dela.

Euskarari egindako beste keinu bat gehitu behar zaio xedapen horri: «espezialitateko» ikasgaitzat jo zuen, enborreko ikasgaien eta hautazkoen atzetik; atzerriko hizkuntzen atzetik, esate batera.

Horrekin harrabotsak hizkuntzen auzira bideratzea lortu zuen PPk. Hegoaldean apenas izango duen eraginik, ordea: «espezialitateko» izendapena aldatuko dute; Euskara azterketetan sartuko da; eta ereduek segitu ahalko dute, Wertek goraipatuta, gainera.

Bihar: Adituen iritziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.