Tantaz tanta, isuria larritzen

Fukushimako ezbeharra gertatu eta bi urtera, zentraleko erreaktoreek oraindik ere ura kutsatzen eta isurtzen dute. Istripuaz geroztiko larrialdi maila altuenera igo dute orain zentraleko erradioaktibitatearena.

Tantaz tanta, isuria larritzen.
Samara Velte.
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gutxienez lau biltegi pitzatu; egunero garbitu beharreko 400 tona ur erradioaktibo; hoztuta mantendu beharreko hiru erreaktore nuklear erdi urtu; eta 3.500 langileren osasuna jokoan. Fukushima Daichii zentral nuklearreko istripua gertatu eta bi urtera, hondamendia ez dago inondik inora kontrolpean. Hura kudeatzeaz arduratzen den Tepco enpresak onartzen dituen makurrak baino gehiago dira isiltzen dituenak, eta apurka baino ez dira ari argitara ateratzen. Atzo, INES Istripu Nuklearren Nazioarteko Eskalaren 3. mailara igo zuten Fukushima: 2011ko istripua gertatuz geroztiko une larrienean dago.

Ezbeharra gertatu zenean, zazpigarren mailara igo zuten —larrienera— hedatutako erradioaktibitate maila. 2011ko martxoaren 11 zen: Richter eskalan 9 graduko lurrikara batek astindu zuen kostako eskualdea, eta tsunamia eragin. Japoniako geografiagatik, dardara jasateko prestatuta zegoen Fukushimako zentral nuklearra, baina ez olatuari eusteko. Erreaktoreak gelditu zituzten, baina ezin izan zuten tenperatura garaiz jaitsi, eta hiru erreaktore urtu egin ziren, eta ingurura erradiazioa hedatu.

Ordutik, haiek erabat ez erretzeko milioika litro ur erabili ditu Tepcok. Urak hotz mantentzen ditu erreaktoreak, baina berehala bihurtzen da erradioaktibo, barruko gaiak ukitzen dituenean. Kutsatutako substantzia hori ezin da besterik gabe isuri, eta norabait eraman beharra dago. Egunetik egunera 400 tona gehiago ditu Tepcok arazteko; horregatik, milatik gora tanke eraiki ditu hura biltzeko. Gehienak altzairuz egindako biltegi sendoak dira, baina 350 inguru behin-behinean ipini dituzte, uneko espazio beharrak betetzeko. Burdinazko eta plastikozko piezaz osatuta daude, eta jada gutxienez hirutan atzeman dituzte akatsak.

Hilabete atzeman gabe

Atzo isuri gehiagoren berri eman zuen Tepcok. Gutxienez beste bi biltegik dituzte arrakalak, enpresaren arabera: antza, aurreko isuriak aise atzeman zituzten, baina oraingoan hilabete inguru behar izan dute ura detektatzeko. Ustez, egunero hamar tona ur erradioaktibo isurtzen zen zentralaren azpiko lurretara. Horregatik, INES eskalan 3. mailara igo dute gertakaria: erradiazio altua bai, baina zentralaren eremuan gelditzen denean ezartzen da maila hori. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren sailkapenaren arabera, ez dakar inguruko herritarrentzat zuzeneko arriskurik. Hala ere, agentziak berak esan du egoera «oso larria» dela: zentral nuklearretako langileei bost urtean jasotzea onartzen zaien erradiazio maila bera jasoko luke bertan dagoen pertsona batek ordubetean.

Tepcok aitortu du ez dakiela zehazki non dagoen kaltetutako tankearen arrakala. Hala ere, bertako ur guztia beste biltegi batera ponpatu dutela jakinarazi du. NRA Japoniako Erregulazio Nuklearrerako Agintaritzako zuzendariak esan du Tepcok orain arte esan ez duena: «Orain arteko neurriekin soilik ezinezkoa izango da istripu gehiago saihestea». Tankeek ere ez diete lagunduko luzaroan, egunez egun ur gehiago pilatzen baita. Gobernuak iragarri du 50.000 milioi yen (300.000 milioi euro) inbertituko dituela lur azpian horma bat eraikitzeko, urak ez daitezen itsasora isuri. Hala ere, adituek kalkulatu dutenez, gutxienez 40 urteko lana izango da zentraleko erreaktoreak erabat geldiaraztea.

Eskualdeko arrantzaleek bi urte igaro dituzte itsasora atera gabe. Irailaren 5ean ziren berriz hastekoak, baina azken berrien ondotik, bertan behera utzi dute asmoa. «Egunero isuriak daudela entzuten ari gara», esan du Masakazu Yabukik, arrantzaleen kooperatibako eledunak. «Erabaki logikoa da itsasora ez ateratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.