Albistea entzun

Laztan diren leihoak

Donostiako Viktoria Eugenia antzokia beterik zegoela, harrera beroa jaso du 'Barrura begiratzeko leihoak' filmak laguntzaileentzat egindako bi emanaldi pribatuetan. Bost zuzendariak txaloka agurtu ditu publikoak, zutituta.
Eneko Olasagasti, Enara Goikoetxea, Mireia Gabilondo, Txaber Larreategi eta Josu Martinez, filma aurkezten, oholtza gainean.
Eneko Olasagasti, Enara Goikoetxea, Mireia Gabilondo, Txaber Larreategi eta Josu Martinez, filma aurkezten, oholtza gainean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2012ko irailak 12

Joseba Sarrionandiak Mundua begiratzeko leihoak poeman esandakoa gogoratu zuen herenegun Josu Martinezek, Barrura begiratzeko leihoak filma aurkeztean: «Leihoak gillotinak dira», parafraseatu zuen zinemagileak poeta. «Ez begiratu leihoetatik, burua moztu ahal zaizuelako». Filmaren bost zuzendariek «beste aldetik» begiratu diete leihoei, Martinezek esan zuenez. «Barrura begiratzeko leihoak egin ditugu, eta saiatu gara ez daitezen gillotinak izan, laztan bat baizik. Uste dugu leihoek ez dutela inoiz gillotina izan behar».

Finantzaketan nahiz filmaketa lanetan lagundu duten guztientzat, Barrura begiratzeko leihoak filmaren bi emanaldi pribatu antolatu zituen Zinez ekoiztetxeak, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokia bete zuten ikusleek —haien artean euskal kulturaren munduko jende ezaguna—, zutitu, eta txalo zaparrada batez agurtu zituzten filmaren bost zuzendariak bi saioen ondoren.

Hala ekoiztetxeko arduradunek nola filmaren zuzendariek Barrura begiratzeko leihoak Donostiako Zinemaldian estreinatzeko esperantza zuten, baina jaialdiko hautaketa batzordeak aukeratuen zerrendatik kanpo utzi du. Herenegun filma ikusi zutenen arteko solasaldietan ados agertzen ziren denak: oso zaila da sinestea kalitate faltak utzi duela Barrura begiratzeko leihoak Zinemalditik at; presio politikoekiko beldurrak baino ezin dezake azaldu erabakia. Trilogia bereko beste bi filmek —Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Itsasoaren alaba eta Sagarren denbora— Zinemaldian izateko iragan beharreko galbahea gainditu zuten, eta nekez jo daiteke Barrura begiratzeko leihoak haiek baino interes edo kalitate gutxiagokotzat.

Hiru preso eta bi preso ohi dira filmeko protagonistak. Haien kasuak kontatzen dira banan-banan, haien eta haiengandik gertu daudenen bizitzak eta esperientziak jasoz, kartzelaldiaren giza drama kontatzeko ahaleginean, baina umoreari eta samurtasunari tarte handia eskainiz; motibazio ideologikoak eta iritzi politikoak, berriz, apenas agertu ere egiten diren. Atal bakoitzak zuzendari bat du, eta guztiak Titika Rekaltek off-eko ahotsez irakurritako testu batek lotzen ditu. Testuak gatazkaren berri ematen du, datu objektiboetan oinarrituta batik bat.

Aurreneko atalean, Josu Martinezek zuzenduta, Irati Tobarren kasua kontatzen da. Segiko kide izatea leporatuta, atxiloketaren zain dago lehen irudietan; gero preso sartzen dute. Preso jarraitzen zuen filma amaitu zenean, baina herenegun Viktoria Eugenia antzokian izan zen, duela gutxi askatu baitute.

Bigarren atalak Txaber Larreategi du zuzendari eta Jon Ugarte preso ohia protagonista. Lau seme-alabaren aita da Ugarte, baina, kartzelaldi luze baten ondorioz, soilik haien arteko txikiena ikusi ahal izan du bere ondoan hazten. Haur horrek erori eta mina hartzean «ama» esan beharrean «aita» esaten duela jakitean sentitu zuen poza azaltzen du Ugartek azken eszenan.

Gotzone Lopez de Luzuriagaren atalean, presentzia handia eman die Mireia Gabilondo zuzendariak etxekoek presoarekin izandako solasaldi telefonikoen grabazioei. Lopez de Luzuriagak minbizi bati egin behar izan dio aurre kartzelan, eta, horretarako, oso baldintza desegokiak izan ditu, Mati Iturralde medikuak filmean azaltzen duenez. Parot doktrina deituaren ondorioz jarraitzen du preso gaur egun Lopez de Luzuriagak.

Kartzelako gogoetak

Jexux Mari Zalakaini eskainitako atalean, presoak kartzelan bere bizitzaren inguruan egindako gogoetak ezagutarazten ditu, besteak beste, Enara Goikoetxea zuzendariak. Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik sartu zuten preso Zalakain.

Bosgarren eta azken atalean, Eneko Olasagasti zuzendariak Mikel Albisu gaztetako adiskide mina bisitatzen du Fresnesko espetxean, Parisen. «Lagun zahar min baten bila egiten dudan bidaia da», azaldu zuen Olasagastik. «Mikel eta biok gauza askotan oso gertu egon gara, eta beste batzuetan, oso urrun. Saiatu naiz urruntasuna gertutasun bihurtzen. Uste dudalako bidaia horrek, nik neuk egin dudanak, baduela herri honek egin behar duenaren bidaiarekin antzik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oscar Gomez eta Esperanza Lopez —ezkerretik hasita, lehenengo biak—, hiru performerrekin batera. ©Iñigo Uriz / Foku

'Harrespila' ikuskizuna Oteiza museoan eskainiko dute asteburuan

Ane Eslava

L'Alakran taldearen performance bat da. Oteizaren teorietatik abiatuta, cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera. Hamabi saiotan egingo dute, eta izena emateko aukera zabalik dago.

Ekoizleak, zuzendaria, aktore nagusiak eta instituzioetako ordezkariak, pelikularen aurkezpen prentsaurrekoa baino lehen, atzo, Bilboko Azkuna zentroan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Hilezkor izateak ikaratuta

Amaia Igartua Aristondo

Gaur estreinatuko dute Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' filma, Bilbon, Fant jaialdiaren inaugurazioan. Heriotzak eragiten duen beldurraz dihardu, hilezkortasuna lortzen duen pertsonaia baten begietatik

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna