Gazte Mugimendua. 'Herri harresia' Iruñean

Polizien olatu kolpe bortitza

Eleak-ek nabarmendu du badela urrats bat igandean poliziaz lepo zen alde zaharrean herritarrek Goñi auzipetuari babesa emateaAtxiloketan zauritu egin zuten Goñi, baina oso animatuta dagoela esan du espetxetik

Luis Goñi atxilotzera joandako poliziak, han bildutakoak indarrez ateratzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2013ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hamaika orduko bakea hamaika minutu inguruko indarkeriarekin amaitu zen. Igandeko 14:30etik hamaika orduz giro alaitsuan zutik iraun zuen Iruñeko herri harresia hautsi egin zen 01:25ean: bortizki eraitsi zuen harresia gauez Espainiako Poliziak. Hamaika orduz Nabarreria auzoan babesa eta elkartasuna jaso zituen Luis Goñik, eta handik arrastaka eta kolpeka atera zuten aurpegia estalita eta istiluen aurkako janzkerak zein armak soinean zeramatzaten poliziek; lehenago, Goñiren aurrean ziren gazteen aurka jo zuten basakeriaz eta banan-banan, inongo begirunerik gabe. Hala, indarkeriarik gabeko erresistentzia aktiboaren hormari euren indarrarekin oldartu zitzaizkien segurtasun indarrak, eta hainbat lagun zaurituzituzten. Luis Goñi bera barne. Irudiek erakusten dutenez, ahoa odoletan zuen handik atera zutenean.

11 ordu, 11 minuturen aurka. Poliziek Luis Goñi autoan sartu, eta kolpeak ezker-eskuin banatuz, ostikoka eta tarteka pilotakadak botata Nabarreriatik ziztu bizian atera ostean, «Luis, herria zurekin» oihuen oihartzunak amatatu ostean, eraitsitako harresiaren orbanak geratu ziren. Bi anbulantzia etorri ziren zaurituak artatzera. Aurpegian ubeldura handia zuen gazte bat eta buruan borra kolpea jaso zuen beste bat, gutxienez, artatu zituzten erizainek. Gaur eguerdian emango ditu Eleak-ek zaurituen balantzearen azken datuak eta operazioaren nondik norakoen berri.

Poliziek alde egin eta gero, Aske Guneko parte hartzaileeksakelakoetan hartutako irudiei begira zeuden, telefonoz deika edo mezuak bidaltzen, baita albokoen egoerari buruz galdezka ere. Bizi izandako uneen tentsioa baretu ahala, polizien oldarraldiak utzitako arrasto garratza amatatu ahala, egunak utzitako sentsazio kontrajarriak pilatu ziren oroimenean. 11 orduko irudi koloretsuak, polizien indarkeria olatu kolpearen aurka.

Eleak-en lehen balorazioa

Eleak-ek gaueko 02:00etan, polizia operazioaren ostean, balorazio azkar bat egin zuen. «Bidegabea da egiten ari direna. Horregatik euren legeen eta justiziaren artean hautatzera behartzen bagaituzte, justiziaren alde egingo dugu zalantzarik gabe». Jendearen jokabidea «eredugarria» izan dela nabarmendu dute: «Masiboa eta desobedientea izan da. Urrats bat gehiago izan da, eta gehiago etorriko dira, jendeak erakutsi baitu hori dela bidea». Eleak-eko kideek azaldu zutenez, hainbat zauritu baziren. Maider Caminos eledunak gaineratu du herritarrek Nabarreria plazan Goñirekiko azaldutako konpromisoa «itzela» izan dela. «Horregatik bakarrik pentsatzen dugu gaurko helburua bete dugula guztiz. Horren aurrez aurre, berriz ere ikusi dugu Poliziak bortizkeria erabili behar izan duela Luis eramateko».

Atzo arratsaldean, berriz, beste ohar bat bidali zuen Iruñerriko herri harresiaren azterketa «gazi-gozoari» buruz.«Gazia Luis eta lehenago Xapo [Xabier Sagardoi] eraman dituztelako polizia armatuek, epaile eta politikarien aginduz. Gozoa, maitasun, amorru eta tinkotasun eztanda baten erdian eraman zutelako Luis, indarrez gainezka». Eleak-en arabera, epai politikoak «sufrimendu pertsonala gisa» bizi izateari utzi, eta «arazo kolektibo gisa» ikusten dituzte orain. «Nork esango zigun, Iruñea erdian, hiria poliziaz lepo zegoela, milaka pertsona batuko ginela auzipetu baten espetxeratzea gure gorputzekin ekiditeko prest, desobedientzia aldarrikatu ez ezik praktikatzeko prest?». Egoerok «lotsagarriak» diren irudipena nagusitzen ari dela diote eta jarrera horiek hedatzen jarraitu beharra dagoela nabarmendu dute.

Atzo Barañainen elkarretaratzea egin zen Luis Goñi eta Xabier Sagardoiren alde. Ehun pertsona elkartu ziren. Han adierazi zen Goñi Iruñeko espetxean uneotan bakartua dutela, baina oso animatuta dagoela eta indar handiz.

Goñiren agerpena, 14:30ean

Luis Goñik iragan astean bideoan agertzeko asmoa adierazi ondotik, alde zaharra Espainiako Poliziaz josita esnatu zen igandean. Nabarreria ingurunean istiluen aurkako poliziez bete zen, zerbait susmatzen zuten adierazle. Eguerdian, berriz, Golem zinema aretoetatik desobedientzaren aldeko martxa egin zen, eta 13:00etan bukatu. Poliziak non nahi zeuden alde zaharrean, baina 13:30erako, poteo giroan herritar ugari Nabarreria betetzen hasi zen, eta ordurako poliziak joanak ziren handik. Ordubete beranduago, 14:30ean, agertu zen Luis Goñi txalo artean eta «Luis, herria zurekin» zein «herri harresia aurrera» oihuen artean.

Lagun eta senideak alboan eta ehunka herritarren babesak inguratuta, harresiaren antolatzaileek espero zuten polizien oldarraldia berehala etorriko zela. Poliziek imintzioa egin zuten Nabarreriarantz, baina atzera egitea erabaki zuten. Egun-argitan, plaza beteta zegoen, eta kameraz eta kazetariz josita plaza. Gaura arte itxaron zuten.

Bitartean, giro paregabea egon zen Nabarrerian. Arratsaldea luze zihola ikusita, musikari eta bertsolariak deitu zituzten. 18:00etan hainbat kanta abestu ziren, eta 18:30ean Luis Goñik hitz batzuk eskaini zituen, eta eskertu zuen jendeak emandako babes guztia: «Elkartasunetik konpromisora urratsa egin izanak erakutsi du euskal jendartea ez dagoela beso gurutzaturik geratzeko militante politikoak herritik bahituta eramaten dituzten bitartean».

Gaua gainera etorri zen. Inguruko tabernek ogitartekoak eta janaria banatu zuten. 22:00etan, antolatzaileek polizien aurrean nola jokatu azalpenak eman zizkieten, eta harresia antolatzeko entsegua egin zen. Poliziak agertu ziren alde zaharrean, eta 01:25ean jaitsi ziren Nabarreriaraino. Besteak beste, Topatu.info, Ateakireki, BERRIA, Argia edo Gari Berasaluzeren bideoek argi utzi dute poliziek nola jokatu zuten atxiloketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.