Batasunak dio ez dagoela arrazoirik herritarren nahia ez betetzeko

Herri Elkargoaren sorrera hobetsi du EAJk, «herritarren oniritzia eta sostengua duelako»

Batasuneko eledun Xabi Larralde, atzo, Baionan eginiko agerraldiaren une batean. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Batasunak autonomia estatutua hobesten du Ipar Euskal Herriaren gobernantza gisa, baina, hori lortu bitartean, gizartearen gehiengoaren oniritzia duen Lurralde Elkargo baten aldarria bere egiten du, «egitura horrek eskumenak eta baliabide propioak baldin baditu eta ez bada oskol hutsa». Ildo horretan, Batasunaren aldarria baztertu gabe, herritarren gehiengoaren adostasuna duen egitura bultzatzeko prest dagoela nabarmendu du.

Xabi Larralde Batasuneko eledunak azpimarratu du herritar gehienek Ipar Euskal Herriaren aitormena egitea eta haren erabakiak errespetatzea nahi dutela. Horren haritik, azaldu du ahalmen bereziak lituzkeen lurralde elkargoa edo esparru instituzionala behar dituela, «nehola ere ez eskumenik gabeko oskol hutsa». Erakunde horren aldarria da, haren ustetan, Ipar Euskal Herriko eragile gehienek onartzen duten topagunea. Alta, zenbait irizpide bete beharko lituzke egitura horrek, Batasunaren iritziz. Batetik, departamendu batek dituen eskumenak baino gehiago beharko lituzke, Eskualdekoaren pare ezarriz. Departamendu batek ez dituen baina Batasunarentzat garrantzitsu diren zenbait eskumen lirateke Euskal Herriko gainerateko administrazioekin elkarlan esparrua, azpiegituren arloa, kultura eta hizkuntza arloen kudeaketa eta abar. Ororen buru, herritarrek hartutako erabakiaren berrespena egiteko eskubidea dutela gaineratu zuen, galdeketaren bidez.

Larraldek erran du tokiko erakunde eta eragileen eginkizuna indartuko duela krisialdi ekonomikoak, eta azpimarratu du garapen iraunkorrean oinarritutako irizpideak garatu behar direla eta gaur egun herritarrengandik hurbilen diren erakundeek arlo horretan egiten diren inbertsioen %70 bermatzen dituztela.

Gogorarazi zuen urtea beteko dela Aieteko konferentzia egin zenetik eta ETAk behin betiko armak uzten zituela iragarri zuenetik. «Lurralde Elkargoari buruzko gogoeta prozesu historiko horretan kokatzen da, eta, engoitik, indarkeriaren aitzakiarik gabe, ez dago arrazoirik urratsak ez egiteko». Azaldu du Batasunak ere hobesten ez dituen proposamen edo gehiengoaren sostengua duten egituren aldeko urratsa egiteko prest dagoela.

Bake prozesuari dagokionez, Larraldek erran du estatuek urratsik egiten ez badute etsipen handia sortuko dutela, etorkizuneko belaunaldi abertzaleen gogoetan zizelkaturik atxikiko dena: «Espainiako Gobernuak ez du bakerako eta gatazkaren konponbiderako urratsik egiten, eta Frantziak berea ez den arazoa balitz bezala jokatzen du».

Erabakia berretsi

«Garapen Kontseiluaren gogoeta dela-eta egin den elkarlana txalotu behar dugu, egitasmo mamitsua eta adostua erdietsi duelako», erran du, berriz, Jean Telletxea EAJko eledunak. Hautetsiek, herritarrek, alderdiek eta abertzaleek egindako ekarpena goraipatu dute; Telletxearen iritziz, funtsezkoak izan baitira herritarren gehiengoaren sostengua duen egitasmoa osatzeko.

Joan den irailaren 6an bildu zen Hautetsien Kontseilua xedea onartzeko. Ordura arte adostutako testua alde batera utzita, zenbait hautetsi sozialistek zuzenketa bat aurkeztu zuten. Gogor kritikatu ditu Telletxeak. Batzuen ahultasunak eta bertze batzuen ausardiarik ezak Euskal Herriaren historiako orrialde hori zikindu dutela erran zuen. «Lurralde Elkargoa sortzeko trabak argira ekarri ditu Hautetsien Kontseiluko bozketak». Xedea zalantzan ezarri zuten hautetsiei kritika gogorra egin zien, erranez hautetsi horien irizpide nagusia ez zela herritarren gehiengoarena.

Lurralde Elkargoaren aldeko jarrera berresten du EAJk, azalduz egitura horrek, Ipar Euskal Herri mailan, departamenduaren eta Akitaniaren funtzioak ordezkatuko dituela, eskumen guztiak hartuz.

«Zentzurik gabeko eta lagunak pozteko xahutzeak» bertan behera uzteko eskatu dio Kontseilu Nagusiari. Tours-Bordele AHT bide berriaren finantzaketa baztertzeko eskatu dio, orain artean xede hori bultzatzeko eman duen diru kopurua berreskuratzea eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.