Zuberoa Biarnora lotzeko xedea baztertzea eskatu diote abertzaleek Frantziari

Zuberoa eta Nafarroa Beherea Biarnora lotzeko xedea burutik kentzeko erran dio EH Baik Frantziari. Daniel Olzomendi Iholdiko hautagaiak, Gilen Iriart Atharratzekoak eta Dominique Baxo Garazikoak egin zuten oharra. Izan ere, Frantziak eginen duen lurralde antolaketaren aitzin, kantonamenduetako azken hauteskundeak izanen dira martxoaren 20an eta 27an.
Zuberoa Euskal Herritik bereizteko saioak oro bertan behera uztea eskatu diote Frantziari. Gaur egun, Zuberoako hainbat gizarte zerbitzu Biarnoan dira, edo handik kudeatzen dira. Frantziaren xedea erabat bereiztea bada, EH Baik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko duen erakunde edo instituzioa eskatzen du.
Hiru herrialdeen artean desoreka handia dagoela nabarmendu dute hautagaiek. Zuberoako eta Nafarroa Behereko biztanleek Lapurdiko kostaldeko hiri handietako biztanleen aukera berak ukan ditzaten, herrialdeen arteko egiazko oreka behar dela nabarmendu dute.
Berezirik edo bertze egitura administratibo batean urturik, Ipar Euskal Herriko herrialdeek etorkizunik ez dutela azpimarratu du EH Baik. Horregatik hiru herrialdeak bilduko dituen instituzioa eskatu dute, ondoren Euskal Herriko gainerateko herrialdeekin harremanak garatu ahal izateko, horrela erabakitzen badute.
'Agosti Xahoren' sostengua
EH Baik Agosti Xaho zuberotar ospetsuaren sortetxearen ondoan egin zuten agerraldia, eta, antzerki gisa, Xahok sostengua helarazi adierazi zien.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.