Ekaitz Ibero atxilotu du Ertzaintzak, eta hainbat lagun zauritu ditu

Aske Gunera joateko deia egin dute, han baitaude Segiko kide izateagatik zigortutako beste zortzi gazte, atxilotzeko arriskuanBeste auzi batean jarri zioten lau urteko zigorra betetzeko eraman dute preso Ibero

Ekaitz Ibero atxilotu ostean Bulebarrean egidako elkarretaratzean, zigortutako gazteak pankartan. J.C. RUIZ / ARP.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Aske Gunea atxiloketa tokia izaten hasi da. Ekaitz Ibero gaztea atxilotu zuten atzo han, lau urteko espetxe zigorra betetzeko. Hura atxilotzerakoan, «herri harresia» irudikatu nahian inguruan zituen hainbat herritar zauritu zituzten, gainera. «Desobedientzia zibila eta erresistentzia baketsua» tresna hartuta, gaztea babesten saiatu zirenetako batzuk, hain justu. Segiko kide izateagatik seina urteko espetxe zigorra jarri dieten gazteak babesteko abiatu zuten Aske Gunea Bulebarrean herenegun, eta haiei batu zitzaien operazio berberean atxilotu eta beste auzi batean zigortu zuten Ekaitz Ibero. Hura atxilotu zuten atzo, eta gainerako zortziak han utzi zituzten, nahiz eta Iberori pega-pega eginda egon ziren, hura eraman zutenean.

Atzo sortu zen «herri harresia» ez zen nahikoa izan Iberoren atxiloketa saihesteko. Aske Gunean jende gutxien zegoen unea baliatu zuten ertzainek gaztearen bila joateko. Lekukoek azaldu dutenez, LAB sindikatuko kideek hitzaldia eman zuten, eta hura amaitu berritan, jendea aldentzen ari zela, ertzain saldoa gerturatu zitzaien erdian geratu zirenei. Segituan inguratu zituzten, ezkutu, kasko, porra eta gomazko pilotak botatzeko eskopetez armatuta. Zetorrena ikusita, lurrean eseri ziren: Ekaitz erdian, beste zigortuak inguruan eta gainerako jendea, denak elkarri besoetatik kateatuta.

Ingurukoak banaka-banaka askatu eta handik apartatzen aritu ziren ertzainak, Ibero hartzea lortu zuten arte. Jaiki eta ukabila altxatu zuen hark, eskuburdinak jarri aurretik. Jendearen oihu artean eraman zuten «Animo, Ibero!» eta «Euskal gazteria aurrera!» gisako oihu artean. Tentsioa handia zen, eta Ibero eramaten zuten bitartean garrasi betean aritu zen jendea. Porrak astindu zituzten orduan ertzainek, eta bultzadak ere egin zituzten ezkutuekin. Kaleko jantzitako ertzainak ere inguratu ziren. Aske Gunea hautsi zutela ere salatu dute lekukoek.

Tentsio une nahasi hartan hartutako kolpeen ondorioz, gutxienez hiru lagun eraman zituzten erietxera. Burua irekia zuela eraman zuten bat, eta zazpi punturekin itzuli zen etxera. Gainera, lekukoen arabera, Ertzaintza erietxeetan izan zen gero, zaurituen izen-abizenak eskuratu nahian.

Bestelako bertsioa zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Ertzainak Ibero atxilotzera joan zirenean, jendeak «indarkeriaz erantzun» zuela azaldu zuten, eta zauritu ere egin zirela bost ertzain. Bik mutulitateko medikuarengana joan behar izan zutela.

Eguerdia baino lehen gertatu zen guztia. Eguerdian, aurreikusi bezala, elkarretaratzea egin zuten, eta bereziki salatu zuten Iberoren atxiloketa eta gaztea eramateko orduan Ertzaintzak izandako jarrera. Elkarretaratzea amaitutakoan Beñat Apalategik honela definitu zuen gertatutakoa: «Gurea ikaragarrizko indar erakustaldia izan da, eta haiena indarkeria erakustaldia». Auzi berean epaitu zuten Apalategi, eta absolbitu egin zuten.

Oso eskertua agertu zen Aske Gunean jaso duten babesagatik, eta horretan jarraitu beharra azpimarratu zuen. Hara joateko deia egin zien herritarrei, egunero 12:00etako eta 19:00etako mobilizazioetan batzera eta, batik bat, larunbatean egingo duten manifestaziora joatera.

Atzo arratsaldean ere egin zuten elkarretaratzea. Jendetza bildu zen Bulebarrean, eta une hunkigarriak izan ziren. Iberok senitarteko bati deitu zion ordurako preso zeukaten Martuteneko espetxetik, eta mikrofonoan jarri zuten deia, denek entzuteko moduan. Jasotako babesa eskertu zuen, eta «Jo ta ke, irabazi arte!» oihu eginez amaitu zuen deia. Elkarretaratzea amaituta, beren etxeetaraino lagundu zieten herritarrek zigortutako gazteei, bezperan egin bezala. Gaur goizean haien bila joango dira, eta han izango da Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere.

Beranduenez otsaileko lehen astean espetxean aurkezteko agindua zuen Iberok, lau urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzera. Ez joatea erabaki zuen, eta atzo atxilotu zuten, herenegun Aske Gunean agertu ostean. Gainerako zigortuen kasuan, Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren sei urteko zigorra berretsi ostean, atzo Ertzaintzak oraindik haiek atxilotzeko agindurik ez zuela izango pentsa daiteke, ez zituela eraman ikusita. Nolanahi ere, edozein unetan jaso dezakete agindua. Edo baliteke, Iberori bezala, kartzelatzeko eguna jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.