Frankismoko «borrokalariei» omen

Lehen aldiz, erakunde eta alderdietako ordezkaritza zabala izan da Ahaztuak-en ekitaldian; tartean, Eusko JaurlaritzakoaFrankismoko azken bost fusilatuak omendu dituzte Zarautzen, Txikiren hilobian

Ahaztuak elkartearen ekitaldia, atzo, Zarautzen. Argazkian, Txikiren ama Antonia Manot eta Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari Maixabel Lasa. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Zarautz
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hamabiak pasatxo zirenean hasi zen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak frankismoak fusilatutako azken bost lagunei egin ohi dien omenaldia, Zarauzko hilerrian (Gipuzkoa). Jon Paredes Txiki izan zen orain 37 urte fusilatu zituztenetako bat, eta haren hilobian egin zuten ekitaldia. Aurten, ordea, senide eta herritarrez gain, erakunde eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabala izan da omenaldian; tartean, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari Maixabel Lasa, Giza Eskubideen Batzordeko zuzendari InesIbañez de Maeztu eta Bildu, EAJ eta PSE-EEko zinegotziak.

1975. urteko irailaren 27an fusilatu zituzten Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPekoak. Kanpoan bildutako guztiak Txikiren hilobira joan ondoren, haren ama Antonia Manotek musu eman zion semearen hilobiko argazkiari. Eusko Jaurlaritzako ordezkarien eta senideen lore eskaintzaren ondoren, Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko kideak hartu zuen hitza. Hasteko, argi utzi zuen nor ziren atzoko egunez fusilatutako lagunak: «Antifaxistak, demokraziaren aldeko borrokalariak». Izan ere, Alvarezek gogoratu zuen matxinada militar baten ondorioz sortu zela Francoren diktadura eta hark jende askoren sufrimendua ekarri zuela. Horrela, fusilatuen senideak eskertu zituen, «erabateko faxismo» haren aurka borrokatu ziren guztien oroimena bizirik mantentzeagatik, «une txar eta umiliazio guztien gainetik».

Txaloka hartu zituzten Alvarezen adierazpenak Zarauzko hilerrian elkartutako ordezkari eta herritarrek, eta abeslari batek Txoria txori kantatu zuen hilobiaren aurrean, hilobia ikurrinaz eta Espainiako Errepublikako banderaz estalita zegoela. Ohi bezala, Eusko Gudariak eta Internazionala abestuz bukatu zen ekitaldia.

Ordezkaritza zabala

Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, Zarauzko eta Azpeitiko udaletako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan ziren ekitaldian; besteak beste, Zarauzko alkate Jose Luis Illarramendi eta Eneko Etxeberria Azpeitikoa eta aldundiko bozeramaile Lohitzune Txarola. Aurrez espero ez bazen ere, ia alderdi guztietako ordezkariak ere izan ziren —Bildu, EAJ eta PSE-EEkoak—, Zarauzko edo inguruko zinegotziak gehienak. Alvarezek eskertu egin zuen haiek guztiek parte hartu izana, baina ekitaldia «marketin politikorako» ez erabiltzeko eskatu zien.

Gainera, Txiki eta Otaegiri egindako aitortza ezin dela «beste antifaxista askori egin beharrekoa saihesteko lubaki» bihurtu ohartarazi zuen Alvarezek, eta esan zuen biktima guztiak onartu behar direla. Eusko Jaurlaritzak joan den ekainean onartu zuen estatuaren indarkeriaren inguruko dekretu berria, 1978 arteko epea biltzen duena —tartean, atzo omendutako bostak—. «Memoria partziala» kritikatu zuen Alvarezek, eta esan zuen diktaduraren aurka egin zuten guztiak izan behar direla gogoan: «Ezin da unean-unean politikoki zuzena den memoria bakarrik izan». Gainera, esan zuen Ahaztuak elkartearentzat biktimak baino gehiago direla atzo omendutakoak: «Ez dira soilik biktimak: borrokalariak ere badira».

Orain hiru urte, bultzaka

Aurrekoaz gain, Alvarezek gogoratu zuen ez dela batere erraza izan azken urteotako ekitaldien bidea. 2009an, Patxi Lopezek gobernua hartu berritan,Ertzaintza agertu zen Zarauzko hilerrian, eta bultzaka atera zituen han zirenak, Txikiren senitartekoak barne. Aurten, berriz, Iruñean egitekoa zen elkarretaratzea debekatu egin zuen Gobernu Ordezkaritzak. Gainera, ekitaldi guztiak debekatzeko eskatu zuen Dignidad y Jusicia taldeak, «terrorismoa» goratuko zela argudiatuta. Alvarezek gogoratu zuen ez dutela «terrorismoaren» gorazarrerik egiten, «erresistentziarena, antifaxismoarena eta demokraziarena» baizik.

Zarauzkoaz gain, beste hainbat ekitaldi egin zituen atzo Ahaztuak elkarteak, «borrokalari antifaxistak» eta frankismoaren biktimak gogoratzeko. Arratsaldean izan zen Gasteizko Santa Isabel hilerriko ekitaldia, 18:00etan. 19:00etan egin zuten Derioko hilerrikoa, eta, azkenik, 20:00etan kantaldia izan zen Bilboko Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.