Larunbat honetan euskara ikasleak omenduko ditu 18. Korrikak, Usurbilen

Euskara ikasleek euskarari eta elkarbizitzari egindako ekarpena nabarmendu dute antolatzaileek

Bilbo
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Korrika 18k zabaldu nahi duen mezuan, euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela diogu. Elkarrekin bizitzeko, elkarrekin hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko tresna da. Alde horretatik, euskara ikasleak elkarbizitzari eta euskarari egin dioten ekarpena itzela da», adierazi zuen atzo, Bilbon, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Larunbatean egingo dute Korrika 18ren omenaldi jaia, Usurbilen (Gipuzkoa). Ekitaldia eta euskara ikasleen omenez egindako bideoa aurkeztu zituen.

Izan ere, aurtengo Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu eta protagonista bihurtu nahi ditu. Mugika: «Omendu nahi ditugu euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak. Bai gure euskaltegietan ari direnak, baita gainontzeko euskaltegietan ari direnak ere».

Larunbatean, «txotx erraldoia» izango da Usurbilen. Goiz osoan kale animazioa izango da, trikitilarien eta txarangen eskutik. Kupelak eguerdiko ordu batean irekiko dituzte, bertsolariekin, eta bazkalostean egingo dute euskara ikasleen omenaldi ekitaldia. Bertan izango da Ian Cabrera, atzo aurkeztu zuten bideoko protagonistetako bat. «Animatu nahi dut jendea euskara ikastera, gure nortasuna delako, eta gonbidatu omenaldi honetara etortzera».

Erromeria, kantu jira eta Esne Beltzaren kontzertua izango dira arratsaldean —Korrikaren aurtengo kanta egin du talde horrek—. Edurne Brouard Korrika 18ren arduradunaren berbetan: «Ikasleak omentzeko, zer hobeto egun osoko jai bat baino. Egun osoko jai bat eskaini nahi diegu gurean eta guretik kanpo euskara ikasten ari diren milaka eta milaka pertsonei».

Euskara elkarri emanez

Atzo aurkezturiko bideoan zazpi euskara ikasle eta zortzi pertsona ospetsu ipini dituzte solasean. Erdal munduan «erreferente» diren euskaldunak hautatu dituzte: Unax Ugalde aktorea, Arantza Urretabizkaia idazlea, Karlos eta Eva Argiñano sukaldariak, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Ana Urrutia aurkezlea, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Mixel Etxebest Mauleko auzapeza.

Bideoaren helburua Korrikaren mezua zabaltzea dela esan dute, euskara elkarri ematea, hain zuzen ere. Horretarako, Eriz Zapirain bideoaren egile eta zuzendariak azaldu duenez, euskarari buruz eta beren zaletasunei buruz hitz egiten ipini dituzte. «Euskara elkarri emateko egin dituzte solasaldiak; esperientzia honek erakutsi digu benetan zer den elkarri euskara ematea», adierazi du Brouardek.

Korrika Kulturala ere euskara ikasleei begira prestatu dute aurten: «Euskara ikasleek parte hartzeko moduko Korrika Kulturala prestatzen saiatu gara». Zuzeneko instanteak musikari buruzko argazki erakusketa, master class direlakoak, antzezlanak, solasaldi musikatuak eta beste hainbat kultur emanaldi jarri dituzte egitarauan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.