Albistea entzun

Bost begirada hezkuntzari (I). Hizkuntza

Ereduak agortu dira; eztabaida, ez

Hizkuntz ereduak kolokan diren aldi berean, PPk euskarazko murgiltze eredu orokortua debekatu egingo du hezkuntza erreforman

Jaurlaritzak hiru eleko eredua jarri du abian, murgiltzerako proposamenak badiren arren
Haur batzuk, D ereduaren aldeko ekintza batean, Bilbon.
Haur batzuk, D ereduaren aldeko ekintza batean, Bilbon. JON HERNAEZ / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2013ko urtarrilak 2

Adostasuna badago: eskola aldia amaitzean euskaraz eta gaztelaniaz, bietan, jakin behar dute ikasle guztiek. Legeak berak hori dio. Ingelesez ere jakin behar dute. Nola egin, hor dago desadostasuna. Kontseiluak Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen agirian euskarazko murgiltze eredua proposatua du, hezkuntzako eragile batzuekin batera. Erakundeetan beste asmo batzuk dira, ordea: hiru eleko eredua probatzen ari dira eskola batzuetan, Eusko Jaurlaritzak sustatuta; ingelesezko ereduak ari da bultzatzen Nafarroako Gobernua. Eta erdian agertu da Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa: euskarazko murgiltze eredu orokortuak debekatu egingo ditu, eta gaztelaniaz ikasteko aukera «bermatu» egingo du.

Hezkuntzako eragile ia guztiak eta alderdi politikoak ados daude: agortuta daude indarrean diren hizkuntz ereduak. «Gainditu egin behar dira, zurrunak baitira gaur egunerako». Isabel Zelaa mintzo da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia. Hara non, ordea, egungo sistemari eustea den Madrilgo gobernuaren asmoa. Wert: «Errespetuzko sistema hori da: familiei aukeran jartzen dizkiete murgiltze eredua eta ele bikoa». Katalunian ezarri nahi du sistema hori Madrilek, murgiltze orokortua galarazita.

Euskal Herrian ere bada murgiltze orokorturako proposamenik. «Ikerketetan bistan geratzen dira ereduek dituzten gabeziak. Aztertu genuen sistema, eta ikusi genuen bazela garaia apustu ausart bat proposatzeko». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu du hezkuntzako eragile hainbatekin batera taxutu zutela txostena. Tartean ziren Ikastolen Elkartea, Kristau Eskolak, Sortzen-Ikasbatuaz eta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea, besteak beste.

Murgiltzea jarri zuten mahai gainean. «Irakats-hizkuntza euskara izan behar da. Murgiltze eredua izango da etxean euskara jasotzen ez dutenentzat, eta gainerakoentzat, mantentze eredua». Harrezkero joan dira garatzen «oinarrizko» proposamen hura.

Werten asmoarekin aurrez aurre egin du talka orain Kontseiluaren proiektuak. Murgiltze orokortua bailitzateke, guztientzakoa. Ez du hori nahi Madrilek: gurasoek irakats-hizkuntza aukeratu ahal izatea legez babestuko du. «Galdera da: nor da eskubideen subjektua? Umeek ez dute eskubiderik beren herriko berezko hizkuntzan ikasteko? Gurasoen balizko eskubideei buruz bai, baina haurren oinarrizko eskubideei buruz ez da inor mintzo». Bilbaok salatu du ikasleen euskaraz ikasteko eskubidea urratzen ari dela.

Katalunian bai, Hegoaldean ez

Katalanezko murgiltze ereduaren aurka ari da Wert. Bistan da. «Familia batzuen eskariei kasu egiteko sistema guztian esku hartu nahi du», ohartarazi du Zelaak. Uste du familiek izan behar dutela hautatzeko aukera, baina horrek ez lukeela auzitan jarri beharko sistema osoa. «Katalunian murgiltzeak funtzionatu egiten du».

Ez du halakorik proposatu Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako, ordea. «Ez da posible. Gutxiengo batek eskatzen du». Areago, Zelaak nabarmendu du ez dela berdin katalana edo euskara. «Gaztelaniaren antza badu katalanak; euskarak, ez». Gogorarazi du «aukeratzeko askatasuna» aipatzen duela Euskararen Legeak.

Hori guztia kontuan hartuta proposatu zuen hiru eleko eredua PSE-EEren gobernuak. Euskara, gaztelania eta ingelesa ikastea du helburu. Formula: hizkuntza bakoitzean orduen %20 izango dira gutxienez, %60 osatuta; falta den zatia, %40koa, ikastetxeak berak erabakiko du, duen hizkuntz errealitateari eta proiektuari begira. «Ingelesa sartu dugu kit baten barruan; ez dugu jarri euskararen eta gaztelaniaren maila berean», azaldu du Zelaak. Hizkuntza gutxitua denez, lehentasunezko arreta izan beharko du euskarak.

Proiektua ez du begi onez ikusi Bilbaok: «Esperimentu bat soilik da. Ez ziren ausartu eredua ezartzen ere. Leku askotan porrot egingo du». Finean, ikasle gehienek, D eredukoek, euskarazko ordu gutxiago dituzte hiru eleko ereduan. Bilbao: «Apustu politiko bat izan da hiru eleko hori».

Sozialistak gobernutik kanpo, EAJren eskuetan dago zer egin. Oposizioan zela, ez zuen bat egin proiektuarekin, baina bozetako programan aipatu zuen. Esperimentu fasearekin jarraitzen dute 188 ikastetxetan. Zelaa zain dago hiru elekoaz zer esango duen gobernu berriak. «Atzerapausoa litzateke orain atzera egitea. Eskaria badago. Familiek badakite beharra dagoela, eta horri erantzun behar dio hezkuntza sistemak».

Werten asmoekin topo egin ote dezake hiru elekoak ere, kontuan izanik eredu bakarra izango dela aukeran? Ezetz uste du Zelaak: «Familiek hautatu ahalko dute, gutxienekoetatik aparte eskola bakoitzak bere proiektua marraztu ahalko du eta». Hizkuntzarenean ez, beste alor batzuetan ikusten ditu arazoak Madrilgo gobernuarekin: «Eskumenak bere gain hartu nahi ditu Wertek, amaierako azterketak jarriz, eta estudianteen segregazioa bultzatuko du».

Euskarak atzera egiteko arriskua ikusten du, ordea, Bilbaok. «Borondatea da gakoa. Euskarak aurrera egin du baldintza makurretan ere. Euskalgintzak eta hezkuntzako eragileek eutsiko diote, baina babesa behar dute». Gogoeta utzi du azkenerako: euskaraz ikasteak ez du esan nahi beste eleak ez ikastea. «Ez dugu nahi euskara versus erdara. Ikasle euskaldun eleanitzak izatea nahi dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk osasun zentrora bidean, Donostian ©Maialen Andres / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

27 herritar hil dira COVID-19ak jota, iragan astean baino hiru gehiago. Orotara, 445 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan.

Manifestazio jendetsua egin du gaur EHEk Durangon. ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Hizkuntza politika burujabea» aldarrikatu du EHEk Durangon

Maite Asensio Lozano

Ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Euskaraz taldeak egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu ditu independentistak, eta euskararen aldeko borroka «berpiztea» galdegin die euskaltzaleei eta euskalgintzari.

Moderna txertoaren bi bial. ©Guillaume Fauveau

Moderna txertoa baizik ez dute jarriko Iparraldeko txertaketa guneetan

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak erran du «dosien kontserbazioagatik» hartu duela erabakia. Pfizer txertoaren dosi bat jarri behar dutenek eta 30 urtetik beherako herritarrek osasun langile independenteengana jo beharko dute hemendik aitzina.

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta ©Guillaume Fauveau

Ziburun trenak harrapatuta zaurituriko etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.