18. Korrika. Zazpigarren eguna

Kilometro bat ez delako mila metro soilik

Pauso bakoitzari esangura berezia emanez, tokian tokira egokitu da zazpigarren egunez 18. Korrika, Araban, Bizkaian eta GipuzkoanLasterketak Bizkaian egingo du eguna gaur, eta 17:30 alderako daukate hitzordua Bilbon

Jende talde handiak egin zion harrera Korrikari Eibarren, arratseko giroa ere lagun zutela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Eibar
2013ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Matematika kontua da: kilometro batek mila metro ditu. Logikoa. Kontua da logika hutsa motz geratzen dela mila metroren eta mila metroren arteko desberdintasunak azaltzeko. Ez baitio berdin edozein mila metro eta Korrikako mila metro. Pauso bakoitzari esanahi apartekoa jarrita egin zuten korrikalariek bidea atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru herrialde horietan barrena ibili zen, eta euskara elkarri emateko mezua tokian tokiko berezitasunei erreparatuta aireratu zuten.

Iganderako pausoak gutxitzen jarraitzen du lasterketak, Baionarako bidean. Erdia atzo goizaldean eginda, Bizkaian mugituko da gaur: Bilbora 17:30ean iritsiko da.

Gasteizen berealdiko babesa jasota, horren aparretan amaitu zuten Arabako bidea goizaldean. Trebiñun, euskararen aldeko aldarriari batu zitzaion oraindik orain udalak eskatu duenari: Burgos ez, Araba dela Trebiñu. Korrikaren erdiko kilometroa hantxe egokitu zitzaien, eta xanpain eta guzti ospatu zuten furgonetetan gau eta egun ari diren lagunekin. Goizaldea izanda ere, jendea poliki atera zen, eta tropela osatu zen.

Mendateetan izan zuten gorabehera gehiago ; Altuben, esaterako. Musikariak eta bertsolariak izan zituzten bidean, edonola ere, eta hitzorduari fin heldu zion beste klasiko horietako bat ere bai: Spidermanen gisara mozorrotuta, korrikalari batek hogeita hamar kilometroko ibilbidea osatu zuen Korrika Bizkaian sartzean.

Haurrek aparteko tokia izaten dute herriz herri, eta atzo ere bai. Edadeko jende asko irten zen, nolanahi ere, beste egunetan baino askoz ere gehiago. Muruan (Zigoitia), adibidez, aurreko mantalarekin korrika atera zen edadeko andre bat, beste batzuk txaloka zituelarik. Beste herri batzuetan, korrika ez, baina leihotik kasu egitera irten ziren adineko ugari.

Bizkaian hasi zen tropela gizentzen, baina kilometro bereziak ez ziren amaitu. Herrialde horretan sartu orduko, Ubiden, erronka bat hasi zuten lau lagunek: elkarri erreleboak emanez, Baionaraino iristeko asmoa dute.

Kirolene kirol irakaskuntzako ikastetxeko lau kide ari dira parte hartzen ekinbide horretan. «Erakutsi nahi dugu erronka zailak ere bete daitezkeela ondo prestatuz gero. Euskaraz ez dakitenei ere esan nahi diegu ahaleginarekin lor daitezkeela gauzak». Iker Lopitzek bidetik bertatik azaldu du nolatan hasi duten erronka. Gorabeherak izan dituzte azken egunetan: «Hiru lagun ginen ateratzekoak, ordezko batekin. Baina nik eta beste batek min hartu dugu, eta bion artean batek egin behar zuena ari gara egiten. Lau gara, beraz». Hiru orduz korrika egiten dute, eta sei orduz, atseden.

Jardun fisikoak jendea biltzen duela nabarmendu du Lopitzek, eta euskara zabaltzeko abagunea dela hori. Osasuna zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi dute, gainera. Lehenbiziko orduak ondo egin dituzte, Lopitzek azaldu duenez. «Ni makuluekin nabil, baina hartu diot neurria. Herrietatik kanpo, azkarrago joatean izaten ditut gorabeherak».

Kirolariak eta kazetariak

Ubiden hasi zuten erronka, baina abiadura azkar mantsotu zuten, Otxandion; 36ko gerran bonbapean hil zituzten herritarren omenezko tokian itzuli bat eman zuten.

Kirolariek bakarrik ez, erronka izan zuten kazetari taldekoek ere Otxandio igarota: aldiroko kilometroa erosi zuten, eta antolatzaileek Urkiolako azken maldan jarri zieten hitzordua. Estu eta larri ziren gehienak, baina pozarren. «Urte osoan euskaraz eta euskararen alde aritzen gara gure irratietan, eta poz handia da lekukoa eskuan eramatea», azaldu du Ekhi Erremundegi Euskal Irratietako berriemaileak. «Laneko uneez aparte, euskararen festa giroan parte hartzeko aukera izan dugu». Bihurrikerietarako egon, eta furgonetetako kideek zinta itsasgarriarekin lotu zituzten kazetariak.

Urkiola igarota, Durangaldera jo zuen Korrikak bazkalondorako. Eguraldi ederra lagun, kaleak leporaino beteta agertu ziren Durangon bertan, adibidez. Herriko eragile gehien-gehienek hartu zuten lekukoa eskuan, eta kaleko jende ugarik ere bai. Mila metro baino gehiago esan nahi duten kilometroak. Jende oldea ez zen eten Elorrio eta Abadiño inguruan ere.

Lehena, ikasleen artean

Berriz, Zaldibar, Mallabia eta Ermua. Bizkaian atzo egin beharreko bidea hor amaitu zuen Korrikak, eta Gipuzkoara itzuli zen. Eibar zuen arratseko herri nagusia, eta ekitaldiari fin lotu zitzaizkion herritarrak. Mila metrotik gorako balioa duenetakoa izan zen herriko lehena. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen fakultatean ari diren ikasleek erosi zuten, elkarren artean dirua pilatuta. Julene Otegi estudianteak azaldu du kilometroa zergatik hartu duten unibertsitatearen parean bertan: «Ikasleok ere euskararen alde gaudela erakutsi nahi dugu. Euskara elkarri eman nahi diogu. Aurtengo leloak berak dio dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.