Albistea entzun

Biztanleria (III). Etxebizitzaren egoera

232.000 etxebizitzatan ez dago inor

Hutsik dauden etxeak eta oporraldian soilik erabiltzen dituztenak zenbatuta, inor bizi ez den etxeak %15 pasatxo dira Euskal Herrian

Kostaldean askoz ere handiagoa da kopurua: Bakion, bostetik bi ere ez dira ohiko etxeak
Hamarkada batean %17 handitu da etxebizitzen kopurua.
Hamarkada batean %17 handitu da etxebizitzen kopurua. JUANAN RUIZ / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2013ko uztailak 25

Eskasiak sortu du kezka eta neurriak hartu beharra, baina aintzat hartzeko modukoa da eraikitako etxebizitzei ematen zaien erabilera ere. 232.000 etxebizitzatan ez du inork bizimodurik egiten. Euskal Herriko etxe guztien %15 pasatxo dira. Hutsik daude etxe horietako gehienak: 124.000 inguru. Gainerakoak opor garairako bakarrik erabiltzen dituzte, urte osoan aste batzuetarako: 108.000 etxebizitza baino gehiago dira. Batez ere itsasertzeko herrietan daude eguneroko bizimoduan erabiltzen ez dituzten etxeak; erdiak baino gehiago dira kasu batzuetan. Lapurdiko kostaldean dago horrelako etxe gehien, eta hazten ari da kopurua.

Etxe asko eraiki dute azken hamarkadan Euskal Herrian. Gaur egun 1,5 milioi etxe daude: hamarkada batean 215.000 etxe egin dituzte; %17 hazi da kopurua. Hego Euskal Herriko azken zenbakiak 2011koak dira, eta Iparraldekoak, 2009koak. Hamarkada bateko bilakaera aztertuta, bi ondorio nagusi atera daitezke. Bat: nahiz eta etxe gehiago egon, batere erabilerarik gabeko etxeak gutxiago dira —14.000 gutxiago, %10 jaitsita—. Bi: ohiko etxebizitzen kopurua asko handitu da —227.000 etxebizitza gehiago dira, %22 gehiago—. Opor garaiko etxeak ere ugaritu dira, baina gutxiago: hamarkada batean 2.500 gehiago, %2 gehituta.

Gorabehera handiak daude, ordea, datu horien azpian. Lapurdi kostakoak dira mugimendu handienak. Oporraldirako etxeak nagusitzen ari dira. «Zahar dirudunak dira geroz eta gehiago kostan, erretreta gozoa pasatzera datozenak. Euskal Herria erakargarri zaie, eta ez da Mediterraneo aldekoak bezain leku garestia». Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kide Xabier Tubalek azaldu du bizimodua Parisen egindako jendea dela, «klase erdi-altukoa», aurrezkiekin erretiratuta Lapurdira doana.

Igarri da igoera. Miarritzen eta Donibane Lohizunen, bigarren etxeak dira bostetik bi. 9.700 Miarritzen, orain hamar urte baino 2.800 gehiago; Donibane Lohizunen 8.600 etxe dira, 2.200 gehiago. Hendaia daukate atzetik: 7.800 etxe dira bigarrenak, denen %34.

Turismora emandako herrien egoera da. Bakion, Bizkaian, bigarren etxeak dira erdiak pasatxo: 1.600. Hutsik 350 daude. Ondorioa: ohiko etxeak bostetik bi ere ez dira. Gorlizen (Bizkaia), bostetik bi etxe dira oporretarakoak: 1.800. Gipuzkoan, neurri txikiagoan, joera hori Zarautzen nabari da: bost etxetik bat da bigarrena (2.500). Kostaldetik kanpo, portzentaje berak dituzte Nafarroa Beherean, Donibane Garazin eta Baigorrin.

Hutsik dauden etxeen kopurua ere aintzat hartzekoa da. Nafarroan, hamarretik bat dago horrela. Herri batzuetan, gehiago: etxeen laurdenak daude hutsik Baztanen, Cascanten eta Lodosan. Orozkon (Bizkaia), etxeen herenak.

Nahiko etxe badela uste du Pilar Garrido EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. «Zentzurik ez du etxe gehiago egiten jarraitzeak. Dagoenari etekina atera behar zaio». Zer egin pentsatzeko unea da, haren arabera. «Gelditu egin behar dugu, eta planifikatu, eraikita dagoena oinarri dela».

Espekulatzeko atea zabalik uzten baitu oraingo egoerak. Tubal: «Dirudun askok egiten dute erosi etxea, eta alokairuarekin espekulatu. Ez dute urte osorako alokatu nahi. Nahiago dute hamar hilabetez gazte bati alokatu prezio normalean, eta uda datorrenean gazteak etxea utzi, eta hileko prezioa astean jartzea. Ona da negozioa». Etxeak hutsik egoteak, espekulatzeak eta horrelakoek etxebizitzari buruz dagoen irudia islatzen dute, Garridoren iritzian: «Ulertzen ez den arte eskubidea dela etxebizitza, hala segituko dugu. Onartzen badugu denen eskubidea dela etxea izatea, nola ametituko dugu erabiltzen ez direnak egotea?».

Herriko etxeek, isuna nahiago

Lapurdi kostaldeko herriko etxeen jarrera maiz salatu dute eragileek. Legeak behartzen ditu gizarte etxebizitzak egitera, baina udalek nahiago dute isuna ordaindu. Miarritzeko adibidea jarri du Tubalek: legez behartuta dago etxeen %20 sozialak izatera, baina %8 eskas dira. «Arazorik gabe pagatzen du isuna, eta bigarren etxebizitza gehiago egiten segitzen du». Are, salatu du eraikitzen dituzten etxe sozialak herritik urrun egiten dituztela, «eraikitzaileei hain interesgarri ez zaizkien tokietan».

Zergek hartu dute zeresana azken denboran: ohiz erabiltzen ez diren etxeengatik, zergak handitzen hasi dira erakunde batzuk. Bi bide bateratu behar direla uste du Garridok: «Zergak igotzea da bide bat, eta etxe horiek merkatura ateratzea bestea. Bi bideak behar dira». Iparraldean, kontrakoa egiten dute arauek: «Broma dirudi, baina bigarren etxeagatik lehenengoaren erdia pagatzen da». Tubalek ohartarazi du, gainera, dirua Parisera doala. «Zerga hemen ordainduko balitz, hemengo ekonomian utziko luke zerbait».

Etxebizitzaren merkatua hartzen ari den joerak lehen ere baldintzatzen du Lapurdiko eta Iparralde osoko ekonomia, haren ustez. «Etortzen den jendeari eduki behar zaio lorategia ondo, igerilekua ere bai, etxea garbi... Horretan eta osasun alorrean dago zerbitzuen parte handi bat». Gazteek tabernetako zerbitzari-eta aurkitzen dute lana, eta, kualifikazio handiko postuak izatekotan, kanpora joan behar dute maiz. Indarra galtzen ari da laborantza, industria poliki garatzen ari da, eta zerbitzuena da alor nagusia. «Gero eta menpekoago gara etortzen ari den jende horrekiko, jaten ematen digun lurra balitz bezala».

Bihar: Familiako aldaketak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

«Espero dut orain sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen ikustea»

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

Familiatik jaso du neurologiaren inguruko interesa Itxaso Martik, aita eta ama profesional entzutetsuak izandakoak baititu. Maite du bere lanbidea, nahiz eta aitortu une zail asko tokatzen zaizkiola.

Ertzaintzaren helikopteroa erreskate lanetan, gaur, Aralarren. ©BERRIA

Berrobiko mendizale bat hil da Balerdi mendian, Aralarren

Berria

39 urteko mendizalea 50 metrotik behera erori da. Ertzaintzaren helikopteroaren laguntzarekin erreskatatu dute gorpua.

Atzo Jon Rodriguez omendu zuten milaka lagunak, errepidean. ©Urtzi Urkizu

Furgoneta gidari bat atxilotu dute, txirrindulari bat nahita harrapatzeagatik Hondarribian

Berria

Mendelu auzoko kamerei esker identifikatu dute ibilgailua, eta gendarmeek atxilotu dute gidaria. 69 urteko txirrindularia ospitaleratu egin dute. Eztabaida bat izan zuten aurretik.

Jose Navarro, Francisco Fernandez eta June San Millan, Irati Jimenez moderatzailearekin batera. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Salatu dute osasun krisian espetxeetan ez dela osasuna lehenetsi

Ane Eslava

Kartzeletan pandemia nola kudeatzen ari diren aztertzeko, mahai inguru bat egin dute Iruñean, APDHA, Sirecovi eta Salhaketa taldeetako kideekin. Eskubide urraketak izan direla kritikatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.