Albistea entzun

PSOEk ziurtatu du Bildurekin ez duela hitz egiten, «ez itunik egiten»

PSNk dio mozioa aurkezteko ez dutela Bilduren beharrik, eta beste gauza bat dela bozketan bat egitea
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko burua eta Soraya Rodriguez bozeramailea, Espainiako Kongresuan.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko burua eta Soraya Rodriguez bozeramailea, Espainiako Kongresuan. EFE

Joxerra Senar -

2014ko martxoak 4 - Iruñea

Iragan larunbateko PSNko zuzendaritzaren proposamenak Ferrazen sinadura zeraman. Han, zentsura mozio aipatu gabe Bildurekin izan ezik gainerako parlamentu taldeekin elkarrizketak hastea proposatzen zen. Atzo PSOEk Nafarroako Gobernutik UPN kentzeko operazioa Espainian saltzeari ekin zion. Soraya Rodriguez Espainiako Kongresuko PSOEko eledunak azpimarratu zuen ez zuela Bildurekin ez hitz egiten «ez itunik egiten». «Beste gauza bat da bozketan bat egitea», gaineratu zuen. Argi utzi nahi izan zuen elkarrizketa horietatik «baztertu» egingo dutela Bildu. «Ikusiko dugu zer ematen duten elkarrizketa horiek», zioen Soraya Rodriguezek. PSOEren posizioa «argia» dela deritzo.

Mugimendua ez zaio oharkabean pasatu PPri. Esteban Gonzalez Pons PPko buruzagiak exijitu du «jendaurrean» argitzeko ez dutela Bildurekin gobernatuko. Haren ustez, PSOEk Nafarroan Bilduren botoez baliatu nahi izatea «politikoki ezmorala da». Baina Rubalcabaren arazoa ez da moraltasuna, ezgaitasuna baizik».

Dena den, PSOEren jarrera horrek denbora eman dio PSNri. Zuzendaritzaren proposamena etzi aztertuko du alderdiko organo gorenak, Lurralde Batzordeak. Pedro Rascon PSNren alboko eledunak atzo esan zuen zentsura mozioa aurkezteko hamar parlamentari izan behar direla eta PSNko bederatzirekin zein beste alderdi bateko legebiltzarkide batekin nahikoa izango dela. «Aurkezten bada mozioa, ez dugu Bilduko ezein parlamentari behar. Onartzeko, berriz, bozkatu nahi duenak bozkatzen du. Hemen Bilduk PPrekin edo UPNrekin bozkatzen duenean ez da ezer gertatzen».

Bildu kanpoan zergatik geratzen den galdetuta, Rasconek adierazi zuen ez duela esango «ez zergatik bai, ez zergatik ez». Ukatu zuen Ferrazek ezer inposatu izana: «Ni hemen nago eta hemen autonomia dugu. Hau PSN da, eta Madrilek inposatzen duenari buruz ez dakit ezer». Bazterrak nahasten ari al diren galdetuta, Rasconek uste du ezetz. «Modu arduratsuan jokatu dugu, zenbaitetan haizea kontra izan dugula». PSNko ordezkariak «lasaitasuna» aldarrikatu du. «Mundu guztiak presio egiten du. Komunikabideek presio egiten dute, Barcinak presio egiten du, UPNk, beste alderdiek... Rubalcabak ez du presio egiten».

UPNko Carlos Garcia Adaneroren arabera, PSNren jarreraren atzean Bildurekin hitzartutako isileko ituna dago. Haren ikuspuntutik, «ezer ez da doan»: «Bilduren botoa ezinbestekoa da edozein zentsura mozio aurrera ateratzeko. Ez gaitzatela ergeltzat har. Gobernu bat kentzeko eta beste bat jartzeko estrategia bateratua izan behar du, eta bestela ez da aurrera ateratzen».

UPNren bilera

Arratsaldean UPNren zuzendaritzak ohar bat kaleratu zuen. UPNren esanetan, PSNk iruzur egin nahi dio gizarteari. «Norbaitek Bilduren laguntzak PSNk eraikitako azpijoko hori sinetsi nahi badu, egoera dirudiena baino larriagoa da». UPNren esanetan, PSN Bildurekin bildu da eta harekin harremana du. «Dei egiten diegu PSNri nafarrei egia esan diezaien. Zentsura mozioa aurkezteko eskubidea dute, baina iruzur eta tranpa egin gabe».

Aralar NaBaiko Patxi Zabaletak kritikatu egin du, berriz, PSNk Bildurekin bildu nahi ez izatea. «Bilera horretara joango gara, baina argi utziko diegu bazterketaren aurka gaudela». Zabaletaren irudiko, bazterketarik eza onartzen den egunean etorriko da aldaketa. «Guretzat ezinbesteko printzipioa da. Larria deritzogu, kontrakoa egin nahi dutenak egoteari, zantzu txarra da». «Nafarrak garena gara. Inork ez dio zergak ordaintzeari edo beste bete beharrak egiteari uzten, eta inor ez da baztertu behar bere erlazio politikoengatik», gehitu du.

Geroa Baiko Manu Aierdik dio «erantzukizunez» jokatuko dutela eta alderdi guztiekin hitz egiteko gertu direla. Haren ustez, gauza bat da akordioarekin bat egitea, eta besterik botoan bat egitea. «Gerta liteke batzuek ituna egin nahi izatea eta beste batzuek botoa eman nahi izatea». Egoerak eskatzen duen mailan egongo direla ziurtatu du.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek esan du «dena» egingo dutela maiatzaren 25ean bozak egon daitezen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rodolfo Martin Villa: Forum Europako hitzartzea

Martin Villak aitortu du Martxoaren 3ko hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela

Jon O. Urain

Ministro ohiak ukatu du Espainiako trantsizioaren testuinguruan gertatutako hilketak plan baten parte izan zirela, eta memoria legeen aurka agertu da.

'“Bi arnas”: itxi gabeko zauria ama baten ahotsean' dokumentalaren trailerra

Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute 'Bi Arnas' dokumentala osatzeko

Berria

Bi Arnas torturari buruzko dokumental bat da, eta Iratxe Sorzabal euskal preso torturatua eta haren ama Maria Nieves Diaz dira protagonistak. Gutxienez 7.000 euro bildu nahi dituzte.

Javier Esparza izango da hirugarren aldiz eskuinaren lehendakarigai hurrengo foru bozetan. ©BERRIA

Esparza berriro izanen da hautagai foru hauteskundeetan

Joxerra Senar

Kontseilu Politikoko kideen %91ko babesarekin, aise irabazi dio lehia Juan Miguel Rubio beste hautagaiari, eta foru hauteskundeetan eskuinaren zerrendaburu izango da berriz ere

EH Baiko bozeramaileek egindako agerraldia, atzo, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

EH Bai Frantziako Legebiltzarreko bozetara aurkeztuko da

Oihana Teyseyre Koskarat

Iparraldeko barruti guztietan izanen dituzte hautagaiak. Gogoeta prozesu bat abiatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.