Albistea entzun

Protestak herrialde arabiarretan

Trantsiziorako urratsak

Konstituzioa hamar egunen buruan prest egongo dela hitz eman du armadak; Legebiltzarra ere desegin dute

Tahrir plazatik alde egin du oposizioak; poliziak ari dira orain protestak egiten

Kristina Berasain Tristan - Berriemaile berezia

2011ko otsailak 15 - Kairo

Egipton demokrazia ezartzeko dena egiteko baldin badago ere, trantsizioaren bidean urratsak egiten ari dira egunetik egunera. Hosni Mubaraken ondare politikoak ezabatzeari ekin dio armadak, eta, trantsizioko gobernua desegin ez badu ere, egiteko sinbolikoa baino ez da betetzen ari azken orduetan. Mohamed Tantaui jeneralak bi pauso irmo eman ditu oraindik erabat ziurgabea den bide horretan. Faraoiak bezala betiko agintean egon ahal izateko diktadoreak aldatutako ituna bertan behera utzi dute militarrek. Konstituzioa erreformatzea da orain erronka, eta hamar egunetan egingo dutela hitz eman dute argitara emandako bosgarren komunikatuan. Erreferendum bidez babestu beharrekoa izango da, eta ondoren ezarriko da hauteskunde orokorretarako eguna, betiere, sei hilabeteko epean. Orduan erakunde zibilen eskuetan utziko du agintea Armadaren Kontseilu Gorenak.

Parlamentuko bi ganberak ere desegin ditu Tantauik. Diktadoreak agintea hartu eta urte berean ezarritako salbuespen egoerak, baina, indarrean segitzen du «segurtasuna bermatzeko egoera ezarri artean».

Herritarrek eta oposizioak begi onez ikusi dituzte hartutako neurriak. Neurri batean paradoxikoa da aintzat hartuta koronela erregimenaren gizona dela, baina orain arte emandako hitza betetzen ari dela ohartuta, konfiantza agertu diote; Anaia Musulmanek barne.

Lanera itzultzeko deia

Tahrir plaza, bien bitartean, itxuraz aldatzen ari da, eta lasaiago dagoen arren herritarrei lanera itzultzeko eskatu die armadak iraultzak utzitako kalte ekonomikoak gehiagora joan ez daitezen. Kanpalekua ere deseginda dago. Igande eguerdian altxatu zuten azken denda, erresistentziaren azken gotorlekua amaituta. Atzo goizean lagun batzuk baino ez ziren gelditzen plazan, ezen armadak alde egin ezean atxilotu egingo zituela ohartarazi zien. Saadaui Mosek (30) protestari eutsi nahi zion: «Gure indarraren dimentsioa deskubritu dugu, eta orain ez gara etxera joango, plaza hau gurea da, eta hemen jarraituko dugu».

Erresistentziaren arrastoak pixkanaka ezabatzen ari dira. Emakumeak erratzekin aritu dira zikinkeria jasotzen, eta gizonezkoak, berriz, dena margotzeari ekin diote, plaza inoiz egon ez den baino txukunago uzteko. Errepideko marrak zuriz margotu dituzte, kale kantoien ertzak zuriz eta beltzez, eta hesiak berdez. Pintura potoak nondik atera dituzten galdetuta, denek erantzun bera dute: «Eman egin dituzte». Boluntarioak ehunka dira, eta, nolabait antolatze aldera, zerrenda bat osatzen aritu da Baker Garieb (22). «Egipto osoa garbituko dugu orain artean izena eman duten lagunen kopurua ikusita». Ekintza metaforiko eta utopikoa da, boterea une honetan herriaren eskuetan dagoela agerian uzten duena.

Denak, Mubaraken kontra

Iraultza burututa, baina, fenomeno bitxi bat ari da pizten orain; denak hasi dira aldarrikapenak egin eta erregimena salatzen, baita harekin harreman estua zutenak ere, tartean telebista eta egunkari publikoetako kazetariak, erregimenaz eta iraultzaz hitz egiteari ekin baitiote bat-batean.

Poliziak ere batu dira protestara. Tahrir plazara gerturatu dira bi egunez jarraian, baina herritarrek ez diete harrera onik egin. Film honetako gaiztoak direla salatzen dute, argudiatuta zibilekin aurrez aurre borrokatu badira nagusien aginduetara zeudelako izan dela. Herriaren babesa bereganatzeko eurek ere lan baldintza kaskarrak dituztela salatu dute; hilean mila libera —ehun euro— jasotzen dituztela. Izenik ez dute eman nahi, orain haiek direlako errepresalien beldur. Beste paradoxa bat. Protestetan, 35 polizia hil zirela jakinarazi zuten atzo.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea
Raisi Irango presidentea eta Al-Sudani Irakeko lehen ministroa, atzo. ©EFE

Irakek ez du utziko «Irakeko lurraldetik» Irani eraso diezaioten

Ander Perez Zala

Bi herrialdeetako agintariak elkartu egin dira kurduez eta eskualdeko segurtasunaz aritzeko. Harremanak «hobetzea» adostu dute

Palestinako herritarrak Israelgo segurtasun indarrek hildako palestinar baten hiletan, Ramallahn. ©Alaa Badarneh / EFE

Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «borborka hastear» dagoela ohartarazi du NBEk

Maddi Iztueta Olano

Erakundeak bi estatu sortzeko plana onartu zuenetik 75 urte betetzen dira gaur, baina liskarrak ez du etenik izan ia. Israelgo segurtasun indarrek bost palestinar hil dituzte bart.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...