PSNko zuzendaritza utziko du Cascanteko hautetsiak

Susana Perezek dio PSOEk «bizkarrean labankada» sartu diela eta PSN «sukurtsal» bihurtu dela

Juan Jose Lizarbe, iragan astean, PSNren egoitzara sartu aurretik V. LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Oraingoz, PSN barruan dimisio bakarra baino ez dago. Susana Perez Cascanteko zinegotziak PSNko zuzendaritza uztea erabaki du. Mezu elektroniko bidez eman dio alderdiari bere erabakiaren berri. Perezen esanetan, PSOEk iragan astean zentsura mozioari ezarritako betoa «bizkarrean sartutako labankada» izan da. Perezen irudiko, PSNren sinesgarritasuna «hutsaren hurrengoa da» egun, eta Roberto Jimenez balitz idazkari nagusi izateari utziko lioke. Cascanteko zinegotzia konbentzituta dago Jimenezi ere iruzur egin diola PSOEk, nahiz eta zentsura mozioaren alde apustu egiteko erabakia behar bezala ez zuela neurtu gaineratu.

Jose Antonio Perez Sola Tuterako alkate ohiaren alaba da Susana Perez, eta aldez aurretik ohartarazi zuen zentsura mozioa aurrera ateratzen ez bazen zuzendaritza uzteko asmoa zuela. Bere hitza bete du, eta atsekabetuta azaldu da PSOEk ezartzen duen itun politika hertsiarekin. «Federazioak ez gara lehen hezkuntzako haurrak, helduak gara», azaldu du, eta azpimarratu du Perez Rubalcabaren zuzendaritzak militantzia ere aintzat hartu beharko lukeela. Cascanteko jendeak «ilusioa» zeukan Barcinaren aurkako mozioaren inguruan.

Behin hori galarazita, Perezek ez du oraingoz PSN uzteko asmorik, nahiz eta gogoa izan duela gaineratu. «Madrilen sukurtsal bat baino ez da, baina gauzak barrutik aldatu behar dira», azaldu du, nahiz eta kolpea handia dela aitortu: «PSN hondoratu dute. Abertzaletasunaren edo eskuinaren aurrean indar pixka bat bagenuen, baina orain hankaz gora utzi gaituzte».

Jimenezen gutuna afiliatuei

PSOEren erabakiak egonezin handia eragin du militante sozialisten artean. Roberto Jimenezen erabakiak ere auzitan jarri dira, baina idazkari nagusiak ez du kargua utziko. Barne krisia dela eta, Jimenezek gutun bat igorri die afiliatuei. Bertan, azaltzen du ikuspuntua ez dela galdu behar: «Gaur, Nafarroarentzat Yolanda Barcina eta UPN dira arazorik handiena». Haren irudiko, «pentsaezina da beste hamabost hilabetez horrela jarraitzea». Jimenezek adierazten du datozen hilabetetan PSNren konferentzia politikoa bultzatuko duela eta egitaraua amaituta udazkenean primario bidez hautagaia aukeratzeko sistema ezarriko dutela.

PSOEren erabakiak higadura handia eragin dio PSNri, eta horrek presioa UPNren gain jarri nahi du. Juan Jose Lizarbek komunikabideen aurrean mezua igorri dio UPNko presidenteari: «PSN ez da Barcinarekin eseriko ez orain ez inoiz». Lizarbek ohartarazi dio UPNri «nora doan berriz aztertzeko».

Bestalde, Oscar Lopez PSOEko antolamendu idazkariak onartu du euren betoak «kostua» eragingo diola PSNri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.