Helegitea jarri dute 'Parot doktrina'-ren alde

Doktrina kentzeak «terroristarik handienak» libre uztea ekarriko duela argudiatu du Espainiak

Agentziak
Madril
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina indargabetu ez dezan, bere esku dagoen guztia egingo du Espainiako Gobernuak. Atzo jarri zuen auzitegi horrek Parot doktrina deiturikoaren kontra ateratako epaiaren aurkako helegitea. Ines del Rio ETAko kideari arrazoia ematen zion epaia atera zuen Estrasburgok uztailean. Han esaten zuen Parot doktrina aplikatuta Del Rioren giza eskubideak —eta egoera horretan dauden beste guztienak— urratu direla. Beraz, presoa aske uzteko eskatu zion Espainiari, eta baita presoari 30.000 euro emateko ere, kalte-ordain modura.

Epaia irmoa izan arte ez duela beteko esan zuen Espainiak, eta ahaleginetan ari da epai horrek kontrako norabidea hartu eta doktrina babes dezan. Atzo jarri zuen helegitean argudiatzen du orain doktrina hori atzera botatzeak «terroristarik handienak eta gaizkilerik arriskutsuenak» libre uztea ekarriko lukeela, eta horrek «zirrara handia» eragingo duela gizartean. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak Donostian eman zituen azalpen horiek, atzo, Gipuzkoako PPren hauteskunde kanpainako ekitaldian. Gallardonek esan zuenez, helegiteak dio doktrina hori atzera botatzeak «Espainiako sistema judizialean oso eragin txarra» izango lukeela.

Estrasburgoko Auzitegiak bere ebazpenean dio «1973ko Zigor Kodearen arabera zigortutako presoen espetxe onurei balioa kendu» diela Espainiak aplikatzen duen doktrinak. Aurrerago, honako hau dio: «Tribunalak azpimarratzen du auzitegi nazionalek ezin dituztela aplikatu delitua egin osteko lege aldaketak, atzerako eraginez eta pertsonen kalterako direnean». Onerako direnean bakarrik aplika daitezke. Hori bakarrik ez, honako hau ere badio: «7. artikuluak debekatu egiten du zigor legeen interpretazio irekia egitea, auzipetuaren kalterako baldin bada. Gorenaren interpretazio berriak atzerako eraginez luzatu du zigorra, lana egiteagatik emandako espetxe onura kendu egin ziotelako».

Espainiako Gobernuak helegitean dioenez, ordea, Parot doktrina aplikatuta aldatzen dena ez da zigorra bera, baizik eta zigor hori betetzeko modua. Estatuaren Abokatuak dio, Estrasburgoko Auzitegiak zigorra eta hura betetzeko modua banandu egin dituela beti, eta, beraz, «atzeraezintasun» printzipioak zigorra betetzeko moduari ez diola eragin behar azpimarratu du. Estrasburgoko Auzitegiko hirugarren salaren kontra egin du gainera, esanez, hark Parot doktrinaren kontra egin zuenean Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinaren kontra egin zuela. Espainiak argudiatu du sala horrek aurpegiratzen dionaren kontra, berak ez duela 7. artikulua urratu.

Irmoa izateko zain

Espainiako Gobernuak helegitea jarri ostean, Estrasburgoko Auzitegiko bost epailek erabakiko dute hura onartu eta auzia Gela Handiaren esku gelditzen den, edo helegitea atzera bota eta 197/2006 doktrina behin betikotzat jotzen den. Erabaki hori azkar hartzea espero da; izan ere, Estrasburgoko Auzitegiaren iritzian aske behar luketen laurogei pertsona baino gehiago giltzapean daude gaur egun Parot doktrina aplikatuta.

Gainera, azken erabakiaren zain daude asko, aurrerantzean nola jokatu behar duten erabakitzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalean, esate baterako, aurrerantzean nola jokatu erabakitzeko bilera egin zuten hamazazpi epailek, baina ez ziren ados jarri. Datorren asteazkenean berriz biltzekotan gelditu ziren, epaia irmoa izan arte hartu beharreko jarrera zehazteko.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak garbi erakutsi zien bere iritzia epaileei: epaia irmoa izan bitartean, orain arte bezala doktrina aplikatzeko eta haren kontrako helegiteak ez onartzeko eskatu zien epaileei, nahiz eta, Estrasburgoren arabera, horrek eskubideak urratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.