Eleak-ek eskubide zibilen defentsan harresia sortzera deitu du gizartea

Aske Gunearen arrakasta ikusita, herriz herri desobedientziazko babes sareak osatu behar direla azaldu du

joxerra senar
Iruñea
2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Jabetu gara Aske Guneak askatutako energiaz, baina ziurrenik ez gara jabetu indar horien askatzeak zabaldu dituen aukerez». Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, «urrats berriak» egiteko erronka jarri dio bere buruari Eleak Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, eta gizarte osoari dei egin dio herri harresi bat sortzeko, eskubide zibil eta politikoen defentsan, datozen hilabetetan epaitegietatik pasatu behar duten guztien defentsan. «Eraiki dezagun harresirik sendoena, adreiluz adreilu, behetik gora, nork bere herri eta auzoetatik», nabarmendu dute.

Iruñeko Zabaldi elkartean atzo eguerdian prentsaurrekoa eman zuten Eleak-ek, Gasteizko Ekaitz Etxean Ekimenak, Bilboko EZPAM taldeak, Oreretako Gure Etxeko Ateak Zabalik Dituzue Ekimenak, Donostiako Aske Guneak eta Barañaingo auzipetuek. Garazi Arrula eta Txerra Bolinaga Eleak-eko eledunek hartu zuten hitza. Gogora ekarri zituzten iraganean izandako elkartasun keinuak: 2011ko abenduan, Ekaitz Samaniegori; Bilboko San Ignazion, Gaizka Astorkizari; 2013ko urtarrilean, Errenterian, herriko bost gazte Gorenaren epaiaren zain zeudela, «bidegaberiaren aurka» ezkutalekua eman zitzaien; eta azkenik, apirilean, Donostian Aske Gunean, zortzi gazte donostiarren defentsan.

Ez dute hor geratu nahi: «Eta hurrengo batean, hiru ordu baino, 24 ordu behar badituzte? Eta hurrengoaren hurrengoan, babesaren zabalak eta determinazioak ez badie uzten inor eramaten? Eta azkenerako, inor babestu beharrik ez dugun eguna lortzen badugu, ez dagoelako eskubide zibil eta politikoak praktikatzen ditugunoi oldartzera ausartzen den polizia, politikari edo epailerik?». Beharrezkotzat jotzen dute harresi hori sortzea. Gogoan hartu dute Yolanda Barcinari tartak bota zizkiotenei bederatzi urtera arteko espetxe zigorra eskatu dietela, edo hamalau urtera artekoa Bilboko grebalariei edo lau urtekoa Iruñeko pikete batean parte hartu zutenei. «Jatorrira jo ezean, bidegabekeria berriei ateak zabalik utziko dizkiegu», esan dute.

Eider Zuriarrain atxilotu dute

Maiatzaren amaieran, Barañaingo bost gazteren aurka Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra aztertuko du Auzitegi Gorenak. Horren aurka, Nafarroan harresia altxatzera deitu du Luis Goñik, auzipetuen izenean. Batzarra maiatzaren 23an egingo da, 18:00etan, Txantrea auzoko Kaskallueta elkartean.

Atzo, berriz, Eider Zuriarrain atxilotu zuen Ertzaintzak Sondikan. Otsailean epaitu zuten, Ibai Beobide, Euri Albizu, Xabier Astrain, Juan Mari Maizkurrena, Miren Josune Balda, Jose Agustin Camacho, Adur Aristegi eta Jon Rosalesekin batera. Apirilaren 16an, «ETAri laguntzea» leporatuta, zazpi urteko eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Zuriarrani.

Eleak eta beste taldeekin harremanetan jartzeko: mugimenduasortzen @gmail.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.