Urkulluk ere lan osasunean estatuko ereduari men egin diola diote ELAk eta LABek

Osalanek mutualitateen soberakinen dirua eskatuko dio Madrili, eta gizarte eragileen artean banatuko du

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzaren bidetik egin du Iñigo Urkullurenak, eta Espainiako Laneko Arriskuen Prebentziorako Lan Fundazioaren funtsak eskatu ditu. ELAk eta LABek erabaki hori salatu dute, laneko osasuneko politika propioa egitea trabatzen duelakoan eta patronala eta beste sindikatu batzuk mahai azpitik finantzatzeko bidea delakoan.

Urtero egiten du deialdia Espainiako Gobernuak, Laneko Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutualitateen soberakinetatik datozen funtsak banatzeko. Diru hori lan istripuak eragozteko eta lan osasuna hobetzeko deialdietarako erabili behar dela dio deialdiak. Historikoki, EAJren menpeko gobernuek ez dute diru hori eskatu izan, Eusko Jaurlaritzari berez dagokiola uste izan baitute. Jarrera hori sostengatu dute ELAk eta LABek ere: «Baliabide horiek EAEko mutualitateen soberakinekin ere osatzen dira, gizarte kotizazioen zati bat dira, eta horiei buruzko eskumena geure esku dago».

Agiri bateratu baten bidez, bi sindikatu horiek gogorarazi dute PSEren menpe zegoenean Jaurlaritzak iritzia aldatu eta deialdira aurkeztea erabaki zuela. Erabaki horrek, «beste batzuen artean», ekarri zuen ELAk eta LABek Osalanen Kontseilu Nagusian parte hartzeari uztea. «Jaurlaritzak bere eskumenei uko egiten ziela pentsatu genuen, eta horrek lanosasuneko eredu propioa garatzeko orduan atzerakada handia zekarrela».

Joan den ostegunean bildu zen Osalanen ohiz kanpoko kontseilua, eta dirua eskatzea onartu zuen, Jaurlaritzaren, Confebasken eta CCOO eta UGT sindikatuen botoekin. «Argudiatuz axola duena dirua iristea dela, [Urkulluren gobernuak EAJren] bere posizio politikoa baztertu du, eta estatuaren eredua onetsi du». azaldu dute ELAk eta LABek.

Bi sindikatu horien arabera, «Madrilen leihatila» baino ez da izan Jaurlaritza. «Eredu propioaren alde egiteko aukera baztertu du lan osasunean ere. Beste atzerapauso bat da gizarte babesaren euskal esparruan. Ontzat eman dute goitik behera porrot egin duen lan osasuneko eredu espainiarra».

2,75 milioi hiru urtean

ELAren eta LABen beste kexua da lan osasuneko diruak erabiltzea gizarte eragileak «ezkutuan» finantzatzeko. Haien datuek diotenez, aurten 725.414 euro banatuko dituzte Confebasken, CCOOren eta UGTren artean. «Teorian diru hori prebentzioa zabaltzera eta hari buruz aholkularitza eta sentsibilizazio kanpainetara bideratu behar da, baina praktikan eragile horiek finantzatzeko bide estrukturala bilakatu da, Nafarroan gertatzen den moduan».

Sindikatu abertzaleek diote ez dela funts horien kontrol seriorik egiten. Haien datuen arabera, azken hiru urteotan 2,75 milioi euro erdi bana hartu dituzte alde batetik CCOO eta UGT sindikatueketa bestetik Confebask eta hura osatzen duten hiru patronalek.

Erakunde horiek guztiek gezurtatu egin dute lan osasuneko prebentzioko dirua beren burua finantzatzeko erabiltzen dutela. CCOOk, gainera, salatu izan du ELAk utzi egin duela Osalan baina ez ordea haren Espainiako baliokideak, INSLk; han parte hartzeagatik ELAk dirua jasotzen duela nabarmendu du CCOOk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.