Elizaren ondasunak (IV). Herrietako gorabeherak

Doan lortu, garesti saldu

Elizak ondasunekin daukan jokabidea bertatik bertara ikusi dute Ziritzan: elizaz gainera, lursail bat eta bi etxe jarri ditu bere izenean gotzainak. Saldu egin ditu bi etxebizitzak, 200.000 euroan.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Herri txikia da Ziritza (Nafarroa), baina, hala ere, negozioa egiteko aukera izan du Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak. Legeak emandako pribilegioak aprobetxatuz, lau ondasun jarri zituen bere izenean: Ziritzako eliza, haren ondoko lursail bat, apaizetxea eta herriko maistrak erabiltzen zuen etxea. Tasak soilik pagatuta erregistratu zituen. Negozio erraza egin du gero: saldu egin ditu bi etxeak, 202.000 euroan. «Herri ondasunekin espekulatzen ari da Eliza, argi eta garbi», salatu du Rafael Gorostidik. Ziritzako alkate ohia da; hark jakinarazi zuen herrian kasuen berri.

Aldi diferenteetan erregistratu zituen ondasun horiek Elizak. «Herriak ezer ez zekien», azaldu du Gorostidik. «Denek uste zuten herriarenak zirela ondasunak».

2007an, alkate izendatu zutenean, udalaren izenean zeuden ondasunak aztertzen hasi zen. Orduan ohartu zen artzapezpikuak aurrea hartu ziola herriko etxeari, eta erregistratuta zeuzkala «denenak» ziren ondasun horiek. Garaitsu hartan egin zituzten lehen salaketak immatrikulazioen harira Nafarroan. Kritikei erantzun zien Elizak, esanez dirua irabazteko asmorik ez zuela ondasunak bere izenean jarrita, segurtasun juridikoa lortu nahi zuela.

Negoziazioak dirutan

Hitza azkar jan zuen, ordea. Apaizetxea berreskuratzeko asmoz, artzapezpikutzarekin hizketan hasi zen Ziritzako Udala. «Erostea beste biderik ez genuen izan», aitortu du alkate izandakoak. Higiezinen agentzia batean jarri zuen Elizak etxebizitza, salgai. Herriko etxeak agentziaren bidez erosi zuen, 123.000 euro pagatuta.

Maistraren etxea ere eskuratu nahi zuen udalak, eta akordio bat bat egin zuten bi aldeek: 50.000 euroan etxea saltzeko prest zegoen Eliza. Hitza jan zuen: diru gehiago agindu zion pertsona bati saldu zion etxea, udalarekin egindako itunari bizkar emanda. 79.000 euro eskuratu zituen azkenean. Gorostidik uste du artzapezpikutzaren jarrera agerian geratu zela: «Dirua da haien helburua».

Bi urte joan dira harrezkero, baina minduta mintzo da oraindik ere Gorostidi. Udalak ordutik ez du harremanik izan artzapezpikutzarekin. «Oldarkor» ari da Eliza, haren esanetan: «Etxe bat hondamen egoerakotzat jotzen saiatu ginen, eta salatu egin gintuzten, eragin egiten baitzien. Arrazoi eman zigun epaileak». Herri ondasunekin tematzea egotzi dio artzapezpikutzari. «Ziritzan badira Belgikako erreginaren lursail batzuk, eta haietan bada ermita bat. Zergatik ez dute hura ere beren izenean jartzen?». Hautetsiei dei egin die: «Informazioa bildu behar dute, beren herrian zer gertatzen ari den jakin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.