Aldeko eta kontrakoak Estrasburgon izango dira

Nazioarteko Juristen Batzordeak idatzizko ekarpena egingo du epaiketan, doktrina kentzeko argudioekin

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Auzitegian abokatuak ez ezik 197/2006 doktrinaren alde eta kontra azaldu ziren hainbat eragile ere izango dira. EH Bilduko hautetsiak joango dira batetik. Xabier Mikel Errekondo, Rafa Larreina, Jon Iñarritu, Bakartxo Ruiz, Oskar Matute eta Maiorga Ramirez. Haiek ez ezik, doktrina horrekin jarraitzea nahi dutenak ere izango dira Mari Mar Blanco biktimen fundaziokoa eta Angeles Pedraza AVTko lehendakaria, esate baterako. Berri agentziek zabaldu dutenez, doktrina indargabetzea «beste burla bat» dela adierazi eta salatu nahi dute han.

Haietako inork ez du hitza hartuko epaiketan, bai, ordea, doktrinaren kontra dagoen Nazioarteko Juristen Batzordeak. Herrira-k jakinarazi duenez idatzizko ekarpena egingo du elkarteak, eta Giza Eskubideen Konbentzioko 7. artikulua aztertuta Ines Del Rioren eta doktrina aplikatu diotenen eskubideak urratu egiten direla adierazi.

Nazioarteko Juristen Batzordea gobernuz kanpoko erakundea da. 1952an sortu zen «mundu osoan giza eskubideak babesten aurrerapausoa egiteko». 60 legelarik osatzen dute, eta aholkulari lanak egiten ditu Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan, Unescon, Europako Kontseiluan eta Afrikako Batasunean.

Epaiketan aurkeztuko duten testuak dio doktrina ez datorrela bat «zigor bat betearazteko baldintzak kasuan kasuko lege nazionalean eta praktikan aurreikusitako parametroen barruan zuzentzen dituzten arauekin». Izan ere, nabarmendu du legearen interpretazio aldaketa egiterik ez dagoela zigortutako pertsonari kalte egiten bazaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.