Venezuela, Chavezetik haratago

2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan ukaezina zirudiena joan den astean gertatu zen. Orain dela gutxi arte hilezkorra iruditu arren, historiaren azken hamarkadetako protagonista nagusietariko bat zendu da. Eta esperotakoa bazen ere, gertaera hunkigarria izan da. Hugo Chavez, batetik, herri borrokentzako pizgarria izan da, eta, bestetik, boteretsuek eta finantza-erakunde erraldoiek kudeatzen duten sistema honen etsai garbia. Chavez boterera heldu zenetik, Venezuela dugu inperialismoari eta sistema kapitalistari aurre egin dien aktore nagusietariko bat, bai Latinoamerikako testuinguruan, bai mundu osoan ere.

Venezuelan abian dagoen prozesu iraultzaileak aurreko borroken lekukoa hartu du. Abiapuntua orain dela bost mende koka dezakagu, Espainiako koloniaren aurkako lehen erresistentziekin batera. Ordutik aurrera, askapen mugimenduak etengabeak izan dira Ameriketako kontinente osoan; eta geroago, gerrilla borrokak eta nekazarien zein langileen matxinadak 60ko hamarkadan. Eta ibilbide horretan jarraituz, Venezuelan 1989ko Caracazoa gertaera gogoangarria izan zen. Orduko presidentea zenak, Carlos Andres Perezek, PSOEren lagunkidea Internazional Sozialistan, zintzoki ezarri zituen nazioarteko finantza-erakundeek eta kapitalismoaren kupulak behartu zizkioten politikak, erakunde horien morroi zintzoa baitzen. Herria indarrez altxatu zen, eta herri matxinada hori su eta gar menderatu zuen gobernuak errepresio bortitza ezarriz. Hala ere, herriak ez zuen ahaztu.

Hiru urte geroago, Chavez komandanteak prozesu iraultzaile bat hasteko asmoz egin zuen lehen saioak porrot egin zuen. Alabaina, orduan esan zuen esaldia profetiko bihurtu zen: «Lagunak, zoritxarrez, oraingoz, ezarri genituen helburuak ez ditugu lortu». «Oraingoz» hori ahoz aho zabaldu zen, eta denbora pasatu ahala gauzatu izan zen.

Sei urte geroago, demokrazia burgesen tresnak erabiliz Chavezek boterera heltzea lortu zuen, baztertuen eta langileen masak bultzatuta. Hortik aurrera, prozesu luze eta zail bat abiatu zen, sistema justuago baten oinarriak ezartzeko, eta horretan jarraitzen dute «XXI. mendeko Sozialismoa» deritzona garatzen: nazionalizazioak, behetik herri antolaketa bultzatzen dituzten legeak, indigenen eskubideak sendotzea, emakumeen parte hartzea, ahaztuta zeuden milioika hondotik ateratzea, osasuna, hezkuntza, kultura, eta abar; aldaketa sakonen zerrenda luze hori Chavezen aurpegiarekin, baina Venezuelako herriak gidatua.

Nazioartean, Venezuela oxigeno iturri nagusia izan da, bai Latinoamerikan eta bai mundu osoan zehar ere, gizarte justuagoa eraikitzen saiatzen diren esperientzientzat eta kapitalismoaren aurka borrokatzen ari direnentzat. Estatu Batuetako gobernuarentzat, aldiz, Venezuela amesgaizto nagusia bihurtu da, eta desestabilizazio saio etengabeak egin izan ditu, botere ekonomikoen eta nazioarteko prentsa burgesaren laguntzaz.

2002an asmo hori muturrera eramanda, estatu kolpe bat saiatu zuten eta, disimulorik gabe, patronalaren burua presidente izendatu zuten. Zorionez, hori ameskeria hutsa besterik ez zen izan. Herri altxamendu bati esker, Chavez askatu, eta herriak berriro hartu zuen lidergoa bere gain. Harrezkero, batzuetan arrakasta handiz eta beste batzuetan ez hainbestez, sozialismoa eraikitzeko neurriak areagotu zituzten, eta, egunez egun, helburu horretara bidean lanean ari dira.

Bultzada handia eman die kontseilu komunalei eta komunei herri boterea behetik eraikitzeko, eta herria, lehenago ez bezala, bere buruaren eta bere historiaren jabe sentitu izan da lehen aldiz. Herriaren parte hartzearekin aldaketa sakonak bizkortu dituzte: misio sozialak, alfabetatze kanpaina, etxebizitzen banaketa, diru sartze iturri nagusiak nazionalizatzea, petrolioa, besteak beste, eta abar. Historian gutxitan lortzen den herriarekiko batasuna lortu zuen Chavezek. Harreman hori bi norabideetakoa izan da, eta elkar elikatu izan dute.

Baina, nola ez, historiarentzat hain garrantzitsua izan den erraldoi horren eraginak arriskuak ere baditu; nahiz eta ekarpen izugarria egin, inor ez da nahitaezko bihurtu behar, eta orain dute aukera Venezuela Bolivartarrak dituen oinarri sendoak erakusteko. Nahiz eta une tristea iza eta munduko ezkerra erdi umezurtz sentitu, prozesua sendotzeko garaia da. Gure kidearen oroimenez, mundu berri baten alde borrokatu behar dugu inoiz baino gehiago, milioika venezuelar eta munduko beste mila milioika pertsonok amesten dugun mundua lortzeko.

Chavezek, eroritako beste hamaika iraultzailek bezala, elikatzen gaitu eta borrokan jarraitzeko indarra ematen digu.

Chavez bizirik dago, borrokak aurrera segitzen du!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.