Eman lekukoa elkarri, eman etorkizuna euskarari

Marije Fullaondo eta Karmele Aierbe
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriarekin batera, euskara ere garai erabakigarrian dago. Euskara ere aldaketa garaian dago. Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua bidegurutzean dago. Aldaketa hau norabide egokian egingo dela ziurtatzea euskaldunon esku dago; gure esku dago mendeetako galerarako joera itzuli eta euskarari, eta ondorioz Euskal Herriari, etorkizuna ziurtatuko dion marko demokratikoa eskuratzea.

Azken hamarkadetan, hilzorian zegoen euskarari hauspoa eman eta neurri bateko berreskurapena (ez bere lurralde osoan ezta funtzio guztietan ere) lortu da herritarren, euskalgintzaren eta eragile batzuen ekimenez. Baina indarrean dauden mendeko marko juridiko-politikoen araberako euskararen berreskurapen-lanak berea eman du.

Euskaltzaleon ekimenez adierazle bat edo beste hobetu dezakegu, euskara neurri mugatu batean zabaltzen jarraituko dugu (zalantzarik gabe egunez egun egiten jarraitu beharreko lana). Baina ez da nahikoa. Bide horretatik ez diogu euskarari etorkizuna ziurtatuko, are gutxiago Euskal Herri euskalduna erdietsiko.

Euskararen aldeko lanean garai berri bat abiatu beharra dago. Euskalgintzak eta euskaltzaleok urteetan aldarrikatu dugun aldaketa gauzatzeko tenorea iritsi da. Baina aldaketa hori ezin da edozein modukoa izan. Sektore erregionalistek aldaketa-premia hau indarrean dauden mendeko hizkuntza-politikak berritzeko baliatu nahi dute, azala aldatu muina bere horretan uzteko; herritarren gogoari eta euskararen beharrei beste iruzur bat eginez.

Aldaketa horren muina euskaraz bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak eskuratzean datza. Horien artean, euskarari izaera ofizial osoa eta erreala onartuko dion estatus juridiko berria dago. Ofizialtasun onarpen horrek euskara Euskal Herriko hizkuntza nazional, berezkoa eta lehentasunezkoa izendatuko du, eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatuko ditu. Bide horretatik, hizkuntza-politika eragingarria aplikatzeko aukerari ateak irekiko zaizkio. Eta hori Euskal Herriko biztanleok askatasunez egin ahal izan dezagun, ezinbestekoa da inolako kanpo esku-hartzerik ez egotea; hizkuntza-politika burujabeki diseinatu eta aplikatu ahal izatea.

Makina bat lan daukagu egiteko Euskal Herria euskalduntze bidean. Bide horretan eta herritar guztiok dugu geure tokia eta egitekoa, guztion zeregina baita euskararen berreskurapena eta normalizazioa. Beste behin gure herriaren txoko guztiak zeharkatuko dituen Korrikaren atarian, aipamen berezia egin nahi diegu hamarkadetan helduen euskalduntze eta alfabetatzean lan nekaezina egiten ari diren eragileei. Sektore horrek urteak daramatza Euskal Herri euskalduna lortzeko ahaleginean; euskararen ezagutza unibertsalizatzeko ezinbestekoa den heldu guztien euskalduntzea iparrorratz izanik. Horri dagokion tamainako errekonozimendua zor zaio. Korrikaren bidez herriak berak onartzen du AEKren eta oro har helduen euskalduntzean diharduten eragileen lana, babesa eta laguntza eskainiz.

Aurtengo Korrikaren leloak, Eman euskara elkarri, argi adierazten du hizkuntzaren izaera kolektiboa. Euskara herritarrok elkarri ematen ez badiogu, euskaraz hitz egiten ez badugu, hizkuntza hila izango da. Baina, neurri berean, egun ez dakitenei euskara ematen ez badiegu, eta gure ondorengo belaunaldiei euskara ematen ez badiegu, euskarak ez du etorkizunik izango. Eta euskararekin batera gure herria, Euskal Herria, desagertu egingo da. Hori ez gertatzea gure esku dago.

Eman diezaiogun euskara elkarri. Herriz herri indartu dezagun euskalgintza, herriz herri indarrak metatu ditzagun euskararen aldeko bilguneak sortuz, auzolanean euskarari bide berriak eskainiz. Herri eskaerari erantzunez, eskumena dugunok hizkuntza-politika berri eragingarria ere indarrean jar dezagun. Denon artean eman diezaiogun euskarari etorkizuna! Eman diezaiogun euskara Euskal Herriari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.