Greba hau ez delako greba bakarra

Olatz Dañobeitia Jokin Azpiazu
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Irailaren 26an greba orokorra izango dugu Euskal Herrian. Azken urte jada luzeotan kapitalismoak biziarazi digun krisiari eta haren ondorioz jasaten dugun eskubide sozialen murrizketari erantzuna eman eta eredu ezberdinak aldarrikatzeko parada izango da.

Ez gara lehenak izango adierazten krisi hau ez dela ez ekonomikoa ez eta berria. Hainbat eragile eta norbanako izan dira krisi honen alderdi bakoitza ikusarazteko asmoz azaldu direnak. Krisi hau ekologikoa da, lurraren ustiapen basatia bere mugak era garbian azaltzen ari baita. Krisi hau zaintza krisia da iparralde globalean, non bizitzaren duintasuna arriskuan jartzen duen etengabeko hazkundearen logikak. Krisi hau biziraupen krisia da hegoalde globalean, eta gero eta gehiago gure artean ere, biziraupen fisikoa ere arriskuan baitago. Krisi hau politikoa ere bada, herriek beren aferen inguruan erabakitzeko ahalmena garatu eta bermatzea ezinbesteko bilakatzen ari baita, bai Euskal Herrian eta bai mundu zabaleko txoko gehienetan ere.

Eta, noski, krisi honek gure ekonomietan, modu duinean bizirik irauteko beharrezkoak ditugun beharrak betetzeko orduan eragina dauka, baina ez litzateke egokia krisia bere alderdi bakarrera mugatzea. Hori dela eta, ez litzateke egokia ere greba hau kapitalismoak sektore produktibo bezala izendatu duen esparru horretara mugatzea, lehen, bigarren eta hirugarren sektorera alegia.

Osasungintzaren pribatizazioa, GIB-HIESaren inguruko ikerketa eta prebentzioaren moteltzea, esklusioan edo esklusio arriskuan gaudenontzat laguntzak bortizki murriztea, adin nagusikoen pentsioak kolokan jartzea, elikagaieta bestelako oinarrizko produktuen prezioen igoera, oraindik ere ekonomiaren oinarriari eusten dion gehiengo femeninoaren lana ez baloratzea eta are prekarioago egitea… Indarkeria horiek guztiak eta izendatu beharreko askoz gehiago dira #I26bezalako egunetan salatueta kalera atera behar ditugunak.

Horregatik, hurrengo asteazkenean kaleak eta sareak betetzen ditugunean, batera joan nahiko genuke kanporatze-arrisku etengabeari aurre egiten dioten paperik gabeko euskaldunekin, etxeko lanetan eta zaintzan aritzen direnekin, jasotzen zuten laguntza soziala galdu eta gainera eskatzeagatik kriminalizatuak direnekin, ikasleekin, beren adinagatik baztertuak direnekin edo kontuan hartuak ez direnekin, beren sexu-aukerengatik amets kapitalistatik erbesteratutakoekin…

Greba hau ez delako greba bakarra. Bat egiten duten greba ugari dira, non norbanako eta kolektibo bakoitzak berea izendatu eta ezaugarritzen duen. Bat egiteko lekua egin beharko dugu, greba horien guztien batuketak greba handia eman dezakeelako.

Baina, horretarako, ezinbesteko lana dugu lanaren eta produktibitatearen inguruko irudikapen baztertzailea alboratzea. Greba ez delako soldatapeko esparruan lan egiten dutenen protesta.Greba hau mundua antolatzeko era honen ondorioakgure azal, gorputz eta bizitzetan jasaten dugunon aldarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.