«PSN UPNri hurbildu zaiola dioena oso oker dabil»

Roberto Jimenezek dio «gaindiezina» dela aurrekontu ereduan PSNk UPNrekin duen desadostasuna

joxerra senar
Iruñea
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Ez dugu irizpidea aldatu». Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak hiruzpalau aldiz berretsi du UPNren eta PSNren arteko aurrekontu ereduen arteko diferentziak «gaindiezinak» direla. Nahiz eta aurreko astean PSNren ordezkaritza bat UPNrekin bildu Parlamentuan, Jimenezek azaldu du ez dituztela batak zein besteak elkarren posizioak hurbildu. «PSN UPNri hurbildu zaiola dioena oso oker dabil», azpimarratu du.

UPNren gobernuak aurkeztutako aurrekontuak «txarrak» direla eta gastu publikoa «murrizketa hutsagatik» murrizten duela errepikatu du PSNko idazkari nagusiak. Haren ustez, PSNren aurrekontu ereduak «enplegu egonkorraren eta hazkunde ekonomikoaren alde» egiten du apustu, eta gizarte bazterketari zein pobreziari aurre egitea du helburu. Roberto Jimenezen esanetan, UPNren irizpideak eta lehentasunak, berriz, «antagonikoak» dira.

Orain arte, aurreko urteetako aurrekontu guztiak, 2012koa barne, hitzartu ditu PSNk UPNrekin, baina Jimenezek ez du uste kontraesanean erortzen dela. «Ez du te zerikusirik 2013ko aurrekontu proiektuak eta 2012koak». Gogoan hartu du gastua %8tik goramurriztea proposatzen duela gobernuak 2013an. «Zer antzekotasun ditu aurreko urtekoarekin? Non dago jarraipena?».

Jimenezek, gainera, ez du uste aukera dagoela aurrekontuak aldatzeko zatikako zuzenketen bidez. «Aurrekontu proiektu horri ez dago nondik heldu. Gobernuak ezarria du gastuaren sabaia, eta tramite bidez ezin da aldatu. Bide horretatik joz gero, murrizketetan oinarritutako aurrekontu mengel batzuk baino ez genituzke». Jimenezek aipatzen duen gastu sabaia 3.384 milioi eurokoa da, eta hori betetzera behartuta leudeke talde guztiak, zatikako zuzenketen bidetik joz gero; aurtengo aurrekontuetako gastu sabaia, berriz, 3.711 milioi eurokoa zen; hots, 327 milioi euroko diferentzia.

Larunbatean, azken erabakia

Dena den, Jimenezek argi utzi nahi izan du ez dagokiola berari azken erabakia hartzea. «Alderdi demokratikoa gara, eta erabaki hori lehenik zuzendaritza batzordeak eta ondoren Lurralde Batzordeak hartu behar du». Kongresu arteko garaietan, Lurralde Batzorde hori da alderdiaren organo gorena, eta haren esku egongo da 2013ko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea edo ez erabakitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.