edurne elizondo

Baionako suprefetak ikastola laguntzea debekatu dio Hendaiari

2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Eraso bortitza, gerra deklarazioa». Halakotzat jo du Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak Baionako suprefetak hartutako erabakia. Patrick Dallennesek debekatu egin dio Hendaiako Udalari herri horretako ikastola laguntzea. Eraikina txiki gelditu zaie zentroko kideei, eta egoitza berria egiteko proiektua dute, aspalditik, mahai gainean. Proiektu hori kolokan da orain, suprefetaren debekuarengatik. Arazoa ez da bakarrik Hendaiako ikasleena. «Gure zentroen %90 dira kolokan, laguntza publikoak jaso dituztelako», erran du Gorostiagak.

Iparraldean 30 ikastola ditu Seaskak, eta haietan 3.000 ikasle inguru ari dira. «Urtero ari gara 200 ikasle inguru berri hartzen. Guk bakarrik ezin dugu aurrera egin». Hori dela eta, arazo larritzat jo du Baionako suprefetak hartutako erabakia. Dallennesek Falloux Legea ekarri du gogora Hendaiari ikastola laguntzea debekatzeko. «1850. urtekoa da lege hori; debekatzen du diru publikoa ematea eskola pribatuei». Bai eta egoitza publikoak uztea ere.

Seaskak hainbat erakunde publikoren laguntza jaso du bere ikastolak eraiki ahal izateko. «Itsasukoa, adibidez, osorik ordaindu du udalak». Miarritzen ere 500 ikasle hartuko dituen lizeoa eremu publikoan eginen dutela erantsi du Gorostiagak. «Legearen inguruan suprefetak egiten duen interpretazioaren arabera, proiektu horiek legez kanpo egonen lirateke». Ikastolak laguntzeko debekua suprefetaren gainetik heldu dela erantsi du Seaskako ordezkariak, eta kezkagarritzat jo du hori. Paueko prefeta jo du erabakiaren erantzuletzat.

Egonkortasun bila

Iparraldeko ikastolek behar duten egonkortasuna izan dezaten ezinbertzekotzat jo du legea aldatzea. «Ezin dugu izendapenen menpe egon, jakinda prefetak edo ministro berri batek kolokan jar ditzaketela gure ikastolak». Gorostiagak gogorarazi du 1990eko hamarkadan ere «gorabeherak» izan zituztela Baionako suprefetarekin, ikastola laguntzeko aukeraren inguruan. «Orduko gorabehera haiek baretu egin ziren». Berriz piztu dira, ordea.

Baionako suprefetaren jakinarazpenak erantzuna behar duela zalantzarik ez dute Seaskako kideek. Lehendabizikoa bihar bertan emanen diote. Komunikabideen aurrean agerraldia eginen dute, Hendaian, bertako ikastola laguntzeko udalak jaso duen debekuari buruz.

«Ezin dugu onartu gure zentro gehienak ixtea», nabarmendu du Hur Gorostiagak, eta Iparraldeko ikastola guztiak mobilizatzeko prest direla erantsi. Euskal Herri osoari egi dio laguntzeko deia.

Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak ere debekua izan du mintzagai. Erabaki horrekin 1990eko hamarkadara itzuli dela esan dio suprefetari, eta argi utzi du Miarritzek lagunduko duela hango ikastola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.