Jira

Zikloak

Xabier Gantzarain -

2012ko maiatzak 8
Ia sinistu ezindako modukoa da zein zorrotz betetzen diren zikloak. Hemen da berriro asteartea, sozialistak Frantzian, gora eta behera darabil jendeak bere amorruen burtsa, saldu hau, saldu saldu saldu, erosi bestea, eta kutsadura kolektibo batek harrapatzen gaitu, eta irabazle sentitzen da irabazlea, badaki bere momentua dela, orain edo sekula ez, telebistako norgehiagokan hitzak aukeratzen asmatzen du —ni, errepublikako presidente…—, gero gazteei egiten die dei —ni, gazteen presidente…—, aparretan da, ez zuen berehala pentsatuko orain urte batzuk, Hollande presidente, aldaketa aipatu du etengabe.

Zer dauka aldaketa hitzak kanpaina guztietan azaltzeko?

Ia sinistu ezindako modukoa da zein zorrotz betetzen diren zikloak.

Pariseko irudiak nagusitu dira telebistan, baina egunkarietan bozen mapak datoz, ezinago garbi: Hollandek irabazi ditu hauteskundeak Martinikan ere, eta Guadalupen, eta Guyanan, eta Reunion irlan, eta baita Wallis eta Futunan ere. Ikustekoa da zein grinarekin bizi duten Ozeanian sozialdemokraziaren, Frantziaren eta Europaren etorkizuna. Hollandek irabazi ditu hauteskundeak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere.

Aldaketa dator. Bero egingo du hurrengo egunetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna