Herri bozak Ipar Euskal Herrian. Errobi, Hazparne eta Errobi-Aturri herri elkargoak

Ikea, Pelenborda, bizitegiak

Errobi eta Errobi-Aturri hirigunearen pasabide eta alderri bilakatu dira, bertako zerbitzuetako zuzendarien hitzetan

Ikea, Pelenborda, bizitegiak.
Iñaki Etxeleku.
Itsasu / Mugerre
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Lingua Quintae Respublicae: eguneroko propaganda deitu zuen Eric Hazan editoreak 2006an plazaratu zuen saiakera. Elite politiko eta mediatikoak darabilen hiztegia salatzen zuen. Erakunde publikoetako teknikariekin mintzatzen hasten delarik zenbait aldiz, bada durduzatzekoa hainbeste siglarekin: Scot, PLU, PLH, TPU, Agglo eta abar. Bi herri elkargoetako DGS edo zerbitzuetako zuzendariekin mintzatu da Ipar Euskal Herriko Hitza: Sandrine Lafuste Errobi herri elkargokoarekin eta Daniel Moulia Errobi-Aturri eremukoarekin.

Lafuste lehen lanpostutik herri elkargoetan da, eta, 2009az geroz, Euskal Herrian da lanean. Mouliak, berriz, ibilbide luzeagoa du, eta azken postua, hamalau urtez, Kontseilu Orokorrak Baionan duen adarrean izan du, zuzendariorde gisa. Badu bi urte herri elkargo horretan hasia dela. Bi zuzendariek lurralde antolaketa izan dute beren ikasketen ezaugarria. «Profil bertsua dugu zuzendariek», dio Mouliak, zehaztuz «administrazio zuzenbidea» dela ofizioaren oinarri nagusia. Ibilbide ezberdinak ikusten dira halere, Lafusteren ustez.

Bi zuzendariek ele berak dituzte anitz gauzatan. Ados dira ongi dela esperientzia zerbait duten hautetsiak izatea ondoan; hots, zenbait urte hauetan karguan errotuak direnak, gauza gehiago ezagutzen dutelakoan elkargoen koadroan. Ados dira elkargoko bulegoa dela gune exekutibo nagusia. «Erabakien fabrikatzeko bidean, zinez egitura garrantzitsua da», dio Moulianek.

Galdetzen zaielarik teknikari gisa eragina baduten hautetsien erabakietan, bi zuzendariek ezetz diote. Ñabardura bat ekarri du Mouliak: «Hemen, uzten naute ene ikusmoldearen ematen gai ezberdinetan. Gure ofizioari gatza ematen dio». Lafustek aitortu du, hala ere, legedia korapilatsua dela eta zenbait aldiz ez duela errazten: «Badira gure hizkerarekin galtzen diren hautetsiak, eta eskatzen dizkigute glosario batzuk».

Hirigintza planak

Frantziako Legebiltzarrak bozkatu berria duen Alur izeneko lege berriak herrietarik elkargoetara pasatu du hirigintza planen egiteko eskumena. Hor da trenkatuko, beraz, zein izanen diren lur eraikigarriak.

Ipar Euskal Herrian, bestalde, Scot (lurralde koherentziako eskema) egiturak finkatu ditu, Baiona eta Nafarroa Beherearen arteko eremu handi batentzat (200.000 biztanle), ondoko urteetako arauak sail horretan. Horretan aipu da 30.000 biztanle ingururen etorrera kanpotik hemendik eta 2020. urtera. Lafustek eta Mouliak diote ez dela mugatzerik izan, baina kasu emanen dela lur funtsen ez jateari. «Argi da ezin dela hesirik ezarri. Jende horiek jin nahi badute, jinen dira. Jokoan dena da melting pot horren kausitzea kanpotik jinikakoen eta tokikoen artean», dio Mouliak. Eta laborantza lurrak janen balitu? «Ez dut uste laborantza lanjerrean jartzen duenik», dio Errobiko zerbitzuen buruak.

Beste eskumen gotor bat eskura dezakete elkargoek, Lafusten arabera, ondoko urteetan. Orain arte estatuak zuen azken hitza eraikitze baimenen emateko. Iduriz, herri elkargoek dute deliberatuko geroan.

Ikea eta Pelenborda

Uztaritze eta Zuraide artean, Pelenborda izeneko zazpi-zortzi hektareako eremu bat erosia du Errobik, 35 lekurekin enpresei saltzeko. «Ontsalaz lortu behar genuke betetzen». Ofizialeez gain, industria etorrarazi nahi dute horra. «Mementoan ez da deus, baina harreman batzuk baditugu», esplikatu du Lafustek.

Errobi-Aturrik Ikearen Ametzondoko eremua du xede nagusia, zeina etorrera hurbilak famatu duen. 250 milioi euro kosta da lekuaren antolatzea. Zerga sisteman ere ekarpen handia izanen dela dio Mouliak, jendeei zerbitzuen pagatzeko ondotik. «Nahi ala ez erakusleiho bat da. Badira bizitegia saltzen duten jendeak, iragarki erakargarria izateko idazten dutenak Ikearen ondoan izanen dela». Eta negozioa pekoerrekaratuko balitz? «Denek amesten dugu kausitzea. Joan daitekeela bai; leiha librearen giroan gara, baina deus egin gabe egotea da txarrena», hetsi du Mouliak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.