Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Ekintzailea

2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Azkura sortzen dit ekintzaile hitzak. Espainierazko emprendedor-en eta frantsesezko entrepeneur nazioartekotuaren ordain gisa darabilgu azken boladan, bereziki, krisi izendatu diguten deskalabruari aurre egiteko behar ei dugun jende klasea adierazteko. Adibidez, azken puntako trebezia teknikoetan eta negozioetarako ingelesean ondo hezitako gazteak, lanari gorputz eta arima emateko prest daudenak, baita deserrian ere. Hemen kaskar honetan Gu sendo bat baino han urrun bezain oparoan Ni hutsa nahiago dutenak. Edo, esaterako, abagune honetan dirua arriskatzeko prest dauden enpresaburuak, ahaztuta, arriskatu ahal izateko lehendabizi eduki egin behar dela, eta krisia delako honek erakutsi digula inork benetan ondo babestua badu bere burua hori enpresaburuen kasta dela —zenbat eta handiago, orduan eta babestuago—.

Alegia, ekintzaile hitzak, adiera horretan, azkura sortzen didala, mesfidantza automatiko bat —bai, ziurrenera, paradigma kolektibo iraungietan hazi izanaren ajeak—. Zorionez, ordea, ekintzaile-k badu beste adiera bat euskaraz: norbere interesaz gaindiko zerbaiten alde engaiatzen dena, musu truk, guztion hobe beharrez, Gu-aren aldeko kausetan.

Ez izan dudarik: enpresaburua zen Joxan Lizarribar, baina, batik bat, ekintzailea, hitzaren adierarik noble ez ezik ederrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.