Ipar Euskal Herriko udalerri orotan izanen dira hautagaiak

Eskuin muturreko Fronte Nazionala lehen aldiz aurkeztuko da Miarritzen; Baionan ez du osatu zerrenda

Jean Grenet Baionako auzapezak azken kontseilu bilera egin du. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Patrick Dallennes Baionako suprefetak martxoaren 23an eta 30ean herriko bozetan lehiatuko diren zerrendak onartu ditu ofizialki. Ipar Euskal Herriko 159 udalerrietan lortu dute, bederen, hautagai zerrenda bat aurkeztea. Bi falta ziren atzora arte: Bunuze (Nafarroa Beherea) eta Mendikota (Zuberoa); biok azken orduan aurkeztu dituzte zerrendak. Zailtasun handienak emazte-gizonen arteko parekotasun legea betetzeko atzeman dituzte. Suprefeturak egun jakinaraziko ditu ofizialki aurkezten diren hautagaien zerrendak, herriz herri.

Zerrendak aurkezteko epea atzo bukatu zen arren, hautagai nagusiak aspalditik ari dira kanpainan buru-belarri. Lehia hertsiak igurikatzen dira; bertzeak bertze, Baionan. Han, Henri Etxeto sozialistak eta Jean Rene Etxegarai zentristek dute herriko etxea hartzeko aukera handiena. Baina Sylvie Durrutik kartak nahasi ditu zerrenda bat aurkeztuz, UMPren irizpideak urratuz. Jean Claude Iriartek gidatzen duen Baiona 2014 zerrendaren emaitzak bigarren itzulirako gakoa ukan dezake; abertzale eta ezkertiarren erreferentzia izanen da Baionan. Jean Grenet Baionako auzapezak azken kontseilu bilera atzo egin zuen. Henri Grenetek auzapez kargua ukan zuen 1959tik 1995era, eta geroztik, haren seme Jeanek ukan du boterea.

Lehia hertsia ere Miarritzen Max Brisson UMP eta Michel Veunac zentristaren artean. Ezkerreko alderdiek gakoa ukan dezakete. EAJk Max Brisson sostengatzen du, eta Michel Veunacen zerrendan joanen dira, lehen itzulitik, gainerateko abertzaleak.

Herriko etxeen eskumen ugari herri elkargoen esku gelditu dira, eta, ondorioz, askoz ere botere handiagoa metatzen da herri elkargoetan. Hauteskunde sistemaren aldaketaren ondorioz, oposizioko alderdiek ordezkaritza lor dezakete herri elkargoetan. Sentsibilitate abertzaleko zerrendak emendatu dira, eta horrek eragin nabarmena ukan dezake horien kolore politikoan.

FNren zerrenda

Lehen aldiz aurkeztuko du zerrenda propioa Miarritzen (26.000 biztanle inguru) eskuin muturreko FN Fronte Nazionalak. Zerrendan aurkeztu ahal izateko, emazteak eskas zituen, baina azkenean lortu du, eta zalantza handia dago lor dezakeen emaitzaz. Baionan, berriz, ez du erdietsi zerrendarik osatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.