ANCk galdeketa maiatzaren 31rako egitea proposatu du Katalunian

Biltzar Nazional Katalanak aurkeztutako bide orria batzarrean bozkatuko dute martxoaren 16an

ANCren sorrera batzarra, iazko martxoan. ORIOL CLAVERA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Joan den urtarrilaren 24an Kataluniako Legebiltzarrak burujabetzaren aldeko adierazpena onartu, eta 2014an independentziari buruzko galdeketa egiteko prozesua abiatu zuen. Orain, berriz, hainbat joera politikotako herritarrak batzen dituenANC Biltzar Nazional Katalanak egin du proposamena, politikariek emandako data gehiago zehaztuz: independentziari buruzko galdeketa 2014ko maiatzaren 31 baino lehen egin nahi du, eta bide orria landu du, ordurako independentziaren aldeko baldintza sozialak egon daitezen. Martxoaren 16an egingo du ANCk batzarra, zuzendaritzaren bide orria bozkatzeko.Helburua, batetik, politikariek hitzartutakoa betetzen dela ziurtatzea eta urratsak egitera behartzea da, eta, bestetik, independentziaren aldeko jarrera herritarren artean sustatzea.

ANCk «ahalegin guztiak» egingo ditu bereizketa prozesua «ahalik eta azkarren» egin dadin, eta horretarako ERC eta CiU alderdiek hartutako konpromisoaren «jarraipen zorrotza» egingo du. Horrez gainera, iazko azaroaren 25eko hauteskundeetan erabakitzeko eskubidea defendatu zuten alderdi guztiak batu nahi ditu Kataluniako Gobernuak koltsultari begira egingo dituen ekintzetara. Horrez gainera, independentziaren alde egiteko zalantzak dituzten herritarrak konbentzitzen saiatuko da, gogoeta, inplikazioa eta parte hartzea sustatuz.

Galdeketarako eguna finkatzen dutenean, baina egin aurretik, erreferendumaren osteko egutegia zehazteko eskatu dio ANCk gobernuari, trantsizioaren prozesu zehatza marrazteko. Prozesu hori «idealki» Espainiako estatuburuak «modu baketsuan eta behin betiko» botereakKataluniako estatuari formalki utzita amaituko litzateke. Mariano Raxoi Espainiako presidenteak atzo Artur Mas Kataluniakoari esandakoak entzunda, hala ere, ez dirudi horrelako egoerarik gertatuko denik, Espainiako Konstituzitik kanpo ez dutela ezer lortuko esan baitzuen, eta erreferendumera deitzea estatuaren eskuduntza dela.

Madrilek erreferenduma edota galdeketa egitea onartzen ez badu, ANCk independentzia lortzeko «legebiltzarraren ekintza guztiak» babestuko ditu, alde bakarreko adierazpena barne. «Okerrenean» jarrita, eta Kataluniako instituzioak eta gobernua inhabilitatzen badituzte, Hautetsien Batzarra bultzatuko du independentzia aldarrika dezaten, «erresistentzia baketsuaren eta erabateko desobedientziaren bidez».

ANCk alderdien eta erakundeen mahaia sustatuko du —sortzeko asmoa dagoen Trantsizio Nazionaleko Kontseilu Katalana bera aproposa izan daitekeela iruditzen zaio—. «Neutraltasun zorrotzez» herritarren, instituzioen, eta indar politiko eta sozialenekintza bateratua sustatuko du, helburuak kontsentsuatzeko, eta beharrezkoa balitz, alderdien koalizioa ere aurreikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.