urtzirrutikoetxea
Leku-lekutan

Bide-orria

2012ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Kataluniak badu presidentea, eta are garrantzitsuago, 2014ko erreferendumerako bide-orria. Alicia Sanchez-Camacho PPko ordezkariak ezetz esan dio, ez dela erreferendumik egongo, ez dutela baimenduko. Eta Masek orain arteko ozenen egin dio aurre Espainiari. Estatu horretako gehiengo absolutua ordezkatzen duen alderdiari bereak eta bi esan zizkion parlamentuan, Katalunian unionismo eskuindarrak daukan indarra gogorarazten: «Nortzuk zarete zuek galdeketa eragozteko? Ganbera honetako laugarren indarra. Erabakia hartu duzue, eskura daukazuen guztia egingo duzue herriaren ahotsa eragozteko. Baina badago demokrazia deritzon gauza bat, eta sentsibilitate handiagoa beharko zenukete», eta itun fiskalarekin berdin jokatu zutela gogorarazi zien espainolistei. Horrekin batera, Kanada eta Erresuma Batua izan zituen Masek hizpide.

Aurreko egunetan, ERC-CiU ituna gauzatu eta erreferendumeko konpromisoa izenpetu berritan, mehatxuaren doinua lotsagabe hazi zen Espainian. El Mundo-ko azala komentatu zen gehien: «[Espainiako] Gobernua Mas kentzea eta Kataluniako autonomia bertan behera uztea aztertzen ari da». Espainiako telebista publikoko tertuliakideen erantzuna esanguratsua izan zen: «Ez, hori egin beharreko azkena da». Hau da, aurretik beste urrats batzuk egin behar dira, ados, baina horiek bete ezean, horiek arrakastarik izan ezean (hau da, erreferenduma atzera bota ezean), azken karta horixe da. Hala dio Konstituzioak, eskumen hori ematen dio Espainiako Gobernuari, eta mehatxu hori egiten autonomia erkidegoei.

Kataluniak, orain arte, printzipio demokratikoa aldarrikatu du sezesioari buruzko galdeketa argudiatzeko. Horren bidez egin dute erreferenduma Quebecen, eta halaxe egingo Eskozian. Hiru herriek badute autonomiarik eta eskumenik. Ondorioz, zenbaitek argudiatzen dute badutela «barne autodeterminazioa» eta beraz ez dutela inongo kolonialismo edo kausa justu argudiatzerik sezesio prozesurako. Hori hala balitz ere, Kanada eta Erresuma Batua ez dira erreferenduma galarazten saiatu, independentzia eragozten baizik, hau da, herritarrei sinetsarazten hobe daudela elkarrekin estatu bakarrean. Biek aitortu dute pentsaezina litzaiekeela erreferenduma debekatzea. Zer esanik ez, El Mundo-k iragartzen dituen neurriak. Katalan askok sezesiorako kausa justu gisa aldarrikatuko lituzkete Estatutuaren aurka Auzitegi Konstituzionalak emandako epaia, eta itun fiskalari gobernuak emandako ezetza, negoziatu ere egin gabe. Katalunia saiatu da Espainiaren baitan geratzen, baina Espainiak kanporatu egin du.

Alex Salmond irudikatzen, Gabonetako gutun bat marrazten zuen Times egunkariak: «[Santa] Claus jaun maite, mesedez bidal iezadazu Espainiako Gobernua Eskoziako independentziaren aldeko nire apustua landu dezan». Eta hala jarraitzen zuen Times-eko Matthew Parris zutabegileak: «Britainiarrok gure politikariak egurtzen ditugu, baina noizean behin poztasunen bat hartzeko dugu iskanbila handiagoren bati esker. Erdu hona Kataluniara, gure europar kideek demokraziarekin nola egundoko hondamendia egiten duten ikustera. Madrilek ezin okerrago landu du independentziaren aldeko apustu katalana. Espainiak asko ikas lezake Erresuma Batutik».

Asmatu du Artur Masek: «Aurkari asko izango ditugu, haietako asko indartsuak eta eskrupulurik gabeak». Jaia hasi baino ez da egin, eta lapikoa ez da aski irakiten hasi oraindik. Baina apustua serio egin bada —eta Artur Masen berbak baino gehiago, Kataluniako herritarren mobilizazioak egiten du serio, CUPeko David Fernandezek gogoratu legez—, dena emateko unea dute, belaunaldi oso baten apustua baita.

Iñigo Urkulluk Kataluniatik urrun egon nahi balu ere, Espainiaren «beste arazoari» halabeharrez eragingo dio. Eskoziak ez du zertan Galesen eraginik izan, Londresen jarrera begirunezkoa delako. Baina autonomiak indargabetzen eta presidenteak kentzen dituen estatuak mezu argia bidaltzen die bere baitan diren nazio guztiei.

2014an ez, lehen autodeterminazio prozesua hiru hileren buruan izango da, ezkertiarrentzat oso atsegina izan ez arren: Falkland-Malvinetako biztanleek bozkatu egingo dute Erresuma Batuan, Argentinan ala estatu independente batean bizi nahi duten. «Ez dago justifikaziorik inongo herrirentzat demokrazia eta autodeterminazio eskubidea ukatzeko», esan berri du David Cameronek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.